BILATU

abendua 26, 2022

OIN ZUZENAREKIN

 


Urteko azken astelehena dugu gaur eta garai urrutietan enpresaren inbentarioetako zurrunbiloan sartuta ibiliko nintzela oroitzen dut, urteko emaitza ekonomikoa ahalik eta itxurarik hoberenaz margotzeko. Emaitza, noski, beti enpresako ugazabaren interesei lotuta, egiazko zenbakietatik urruntxo egon zitekeena, modu positiboan edo negatiboan.

Aspaldi uxatu nuen nire sorbaldatik inoren sakelak txanponez betearazteko ardura - aitortu behar dut lan horregatik ordaintzen zidatela hilero soldata- eta urte amaierako egunak hasierakoak bezain lasaiak suertatzen zaizkit, ez inbentario ezta azken fakturak kontabilizatzeko presiorik gabe. Nire balantzeak ere ez dit kezkarik sorrarazten, berdin-berdin jaikiko bainaiz bihar, eta hori gertatuko ez balitz gutxiago eragingo ninduke azken emaitzak.

Baina ez dut urteko azken astelehenaren aukera galdu nahi zuei guztioi agur itxaropentsua luzatu gabe. Badakit ez dizuela kontabilitatean eraginik egingo baina, behintzat, urtea bukatu eta berriari ekitea eskuineko oinarekin egitea opa dizuet. Hori eskuinak, jakina. Ezkerrak ezkerrarekin.

Argazkia: Ekain

abendua 19, 2022

7 O'CLOCK NEWS…

 


Harritu egiten naiz jakitean oraindik jende askok uste duela gerrak armek irabazten dituztela. Ez dira pentsatzera jarri arma-industriaren atzean munduko desorekaren interesetan sustrai sakonak dituzten familia-klanetako kide diren pertsonak daudela.

Inondik ulertezina ez den Ukrainako gerra traketsaren ondorioz, funtsean Ipar Amerikako oinarri teknologiko baten gaineko ukitu txinatarrekin Iranen ekoiztutako drone kamikaze errusiarren existentzia ezagutu ahal izan dugu. Beraz, Maineko leku ilun batean hasten dena zibil ukrainarrak destripatzen amaitzen da, nazionalitate desberdinetako talde ekonomiko boteretsuen eskuetatik igaro ondoren. Betikoak aberasten, noski.

Eta albistegiek ere hurbilarazi digute, Ukrainako zerua zeharkatzen diren drone erraldoi horiei aurre egiteko AEBeko bitarteko sofistikatuak erabiltzen ari direla. Hots, Mainekoek lehenik Kiev bisitatu dute, ukraniarren etsaien kuarteletara merkatal-misioan bidaiatu aurretik. Betikoek kolkoak diruz betetzen jarraituko dute.

« ... Former Vice-President Richard Nixon says that unless there is a substantial increase in the present war effort in Vietnam, the U.S. should look forward to five more years of war. In a speech before the Convention of the Veterans of Foreign Wars in New York. Nixon also said opposition to the war in this country is the greatest single weapon working against the U.S.

 That's the 7 o'clock edition of the news. Good night.

Silent night

Holy night

All is calm

All is bright

Round young virgin mother and child

Holy infant so tender and mild

Sleep in heavenly peace, sleep in heavenly peace.


(Simon& Garfunkel. 7 O'clock News / Silent Night. 1966)

Argazkia: Ekain

abendua 12, 2022

BAINA HAIN ZAILA AL DA?


Diru publikoa bidegabe erabiltzea, zentzu hertsian, gaizki ikusia egon da beti, nahiz eta gure gizarte honetan, askotan, bidegabeak ingurukoen txaloak jaso dituen, batez ere talde politiko berean ari badira. Era guztietako bidegabeak egon dira historikoki, eta legeak aldatu egin dira, bidegabelariak kontrolatzeko, batzuen alde eginez besteak zigortzeko, eta alderantziz, ontziaren lema noren eskuetan dagoenaren arabera.

Orain eztabaidan daude, ea gehiago zigortu behar ote den bidegabeko gastatzaile arduragabea edo arduragabeko iruzurgile bidegabea. Baina, baina...ez al litzateke errazago izango, hiru haur hautatzea -ez gehiago, komisiorik onena hirukoa izan behar duelako- eta araudi bat idaztea eskatu, adibidez,  trikimailuen bitartez dagokion baino txutxe gehiagorekin egiten dena zigortzeko, denen artean egiten ari den bildumako kromoak etxera aldez aurretik jakinarazi gabe eramaten dituena taldetik kanporatzeko, besteak baino azkarragoa delakoan kanikak edo tortolixak lotsagabe lapurtzen dituena bere prepotentziatik jaitsi eta kaltzontzillotan uzteko?

Gero, haur gardenek idatzitakoa aplikatuko genioke helduek gure munduko hainbat alderditan sortutako korapiloari... eta bizitzera, bi egun direla-eta! Baina hain zaila al da?

Argazkia: https://www.etsy.com/

abendua 05, 2022

NONDIK HASI?

 


Egun batzuetan lotan esnatzen zara, aurrera egiten duzu atzera joz, nagiak uxatzen dituzu zure zimeldura areagotuz. Egun horietan ez dakizu joaten zaren edo etortzen zaren, lanera joan behar duzun edo erretiratuta zauden, kanpaiak jo behar dituzun edo mezetara iritsi behar duzun. Hau da, benetako nahasmena.

Zinezko ahalegina egiten duzu kontrolaezina dena kontrolatzeko, zure buruarekin haserretzen zara zuzendu ezin dena zuzendu ez duzulako, eta etsipenean sentitzen zara zure indarren itxaropen faltaren aurrean. Baina oraindik pentsatzen duzu dena istripu bat izan dela, eta horren gaineko atestatua idatziko duzula... txostenerako paperak galdu dituzula konturatu gabe. Eta ostera abiapuntura jotzen duzu, nonbaitetik argi izpitxoren bat ailegatuko zaizulakoan.

Egun horietan hobe litzateke erabilitako bidea esku ikusezin batek betiko ezabatzea, eta, horrela,  abiapuntua eta huts egindako nondik norakoa ez ezagutzea. Gutxienez astelehen berri bat argituko luke, eta gogoeta nimiñoa egiteko eta lerro batzuk idazteko gaia izango nuke. Eta ez gaur bezala, ez baitakit nondik hasi. Egun batzuetan lotan esnatzen zara...

Argazkia: Zuriñe

azaroa 28, 2022

GIZA BURMUINA


Oso gutxi ezagutzen da pertsonen burmuinaz, eta misterio izaten jarraitzen du, beraren gaineko ikerketetan gora gizadiaren sorreraraino igo gintezkeen arren. Burmuinaren esparrua, beraz, denetariko teoriatara dago zabalik eta horregatik askotan iritzi kontrajarriak ematen dira teoriazaleen artean. Eta ez da ezer gertatzen, noski, nork bere tesiari indarrez eusten dion bitartean, zientziak lizentzia ahalbidetzen baitie ikerlariei edozein emaitza publikatzeko.

Munduko biztanleriaren %15ari interesa lekiokeen ikerketa burutu da AEBeko George Washington Unibertsitatean, eta ondorioztatu dute adineko pertsona baten garuna ez dela gaztaroan bezain azkarra. Hala ere, malgutasunean irabazten du. Beraz, litekeena da adinean aurrera goazen neurrian erabaki zuzenagoak hartzea eta emozio negatiboen eraginpean ez egotea. Giza jarduera intelektualaren gailurra 70 urte inguruan gertatzen da, burmuina bere indar guztiarekin funtzionatzen denean. Interesgarria da, halaber, 60 urteren ondoren pertsona batek aldi berean garuneko bi hemisferio erabil ditzakeela. Horrek arazo konplexuagoak konpontzeko aukera ematen dio.

Hori guztia irakurrita, niri - 70tik gora egonda itxuraz buru ahalmenean beherantz noala- galdera bat datorkit: Putin, Biden eta abarren garunak kontuan izango al zituen Georges Washingtoneko Unibertsitateak ikerketarako? Ezezkotan nago.


azaroa 21, 2022

TXANTXARRA

 


Txantxar bat zuen nire bilobak; eta haginlariak bere lana egin du. Gure artean esango dizuet mutikoaren bidez ezagutu dudala betiko gure «caries»ek baduela euskarazko berezko hitza. Zorionekoa gure hizkuntza, datozen belaunaldiei esker.

Baina gaurkoa ez doa hortzen balizko osasunari buruz, beste gaixotasun larriagoaren inguruan baizik. Diodan aurretik ez daukadala sendagailurik osasun-arazo horrentzat, eta iruditzen zait ez dugula inongo vademecumetan aurkituko. Zein gaixotasunez ari naizen? Munduko futbol txapelketaz! Benetan, lotsagarritzat jotzen dut, duela hamabi urte ustelkeria-uholde baten erdiko esleipenaren bidez izango den Qatarko txapelketa. Hamabi urte denetariko salaketak mahai gaineratzen... baina alperrik. Egingo da eta kito.

Futboleko mundu usteldua deitoratzen dut. Hogetabost urte inguru izango dira nire denborako minutu bat ere eskaintzen ez diodala baloiaren espektakulu alienagarriari, eta nire jarrera horretan segituko dut. Horregatik, taberna-solasaldietan Qatareko zentzugabekeria kritikatu ondoren teleaparailuaren aurrean eseritako askoren hipokresia ezkutua salatzen dut, ez duela ezertarako balio dakidan arren.

Txantxar larri batek harrapatu du gure gizartea, eta nekez aurkituko da egoera korapilatsu horretatik aterako duen haginlaririk.

Argazkia: wikipedia

azaroa 14, 2022

EZ NAZATELA ATERA


Hitz ematen dut ez nukeela hain gai sentikorraz idatziko, bilobak ikastolan bildu baino lehen banku batean eseri nintzen egun batean, modu nabarian kabrearazi ninduten zirkunstantzia horietako batengatik izan ez balitz.

Beste jesarleku batean, nire aurrean, bikote bat zegoen, euren arteko interkomunikazio-mailak, horretarako neurgailurik balego, negatibo emango zukeena. Gaixorik zegoen pertsonak eta hura zaintzeko kontratatzen dutenak osatzen zuten bikotea. Lehenak, adindua, begirada infinitoan galduta, ez zuen keinu bat ere egiten. Ondoan baina gorputzak elkar ikutu gabe zegoen zaintzaileak ez zituen, euren aurrean egon nintzen hogei minututan bere telefono mugikorretik begiak altxatu, arreta auskalo non jarrita, baina inondik ere alboko lagunarengan.

Eta pentsatu nuen, buru ezgaitasunak harrapatzen nauenerako idatzita utzi behar dudala zeharo debekatuta geratzen dela ni etxetik ateratzea, ateratzeagatik. Haizeak eman diezadan nahi badute ireki dezatela leihoa, eguzki printzen aitzakian ni deskontsiderazioaren altzoan abandonatuta uztearen ordez. Hara, ohartu gabe idatzita utzi dut.


azaroa 07, 2022

EUSKAL GOTZAINAK ETA ELIZA


 Behingoagatik, euskal elizbarrutien eta euren egungo gotzainen egoerari buruzko nahiko erreportaje errealista irakurri dut; lehen aldiz diot, ez orokorrean, beste hedabide eta plataforma batzuek ukitutako gaia baita, euskal espektro mediatikoa menperatzen duen taldearen egunkarietan baizik. Eta pentsatu dut, ez dakit baikorregi, agian zerbait alda daitekeela euskal elizan.

Ez dut ezkutatzen progresiboki jaisten joan naizela, zero mailaraino iritsi arte, praktika erlijiosoarekiko nire fideltasunean. Fede zalantzagarriko sinesdun izatetik agnostizismo argi batera igaro nintzen, baina, bitxia bazen ere, praxi errituala guztiz alde batera utzi gabe. Duela hamar-hamabost urtera arte, hain zuzen ere jada batere erakartzen ez ninduen eliza baten martxari ematen ari zitzaion kutsu atzerakoiak goragaleak sorrarazten zizkidala ohartu nintzenean.

Oso zaila da, ardi galdutzat har luketen ni berriro eskortan ikustea, arrazoi sinple batengatik: ez dut gizarte artaldeetan sinesten. Baina, eta ez da kontraesana, artzainen jokaerak desberdinak izaten direnez artaldearekiko nire iritzi eta, zergatik ez, hurbilpena hobe daitezke, azken finean kristau kulturan hazi eta hezi baininduten, eta hori ez dut ahaztu.

Erlijioak gizakiok asmatu genituen, suposatu nahi dut giza multzoa makila humanoarekin zuzentzeko. Ordua da gure elizaren agintea iluminatuen eskuetatik erauztea, artaldeari argitasun humanitarioaren oparia eramateko.

Argazkia: JMVM

urria 31, 2022

NIRI LORERIK EZ

 


Urriaren azken egunak heriotzarekin lotutako data baten atarian jartzen gaitu. Belaunaldi desberdinek modu batean edo bestean ospatu dute enigma ilunerako jokaera naturala eta nork bere burua prestatzen du, kontziente ala oharkabean, hil-erriturako.

Egia esan, hilerriek aurreko hamarkadetan baino ehortzi gutxiago gordetzen dituzte beren hormen artean. Egiaztapen argia da hil ondoreneko ohitura eta planteamendu berrien kariaz, kanposantuetako bisitak murriztu egin ditugula, etorkizunean zer gertatuko den galdegai, bizitza eta heriotza bereizten duen marraz bestaldera jauzteak adierazten duen itaun ikurra bezain handiarekin.

Heriotza-sektorea ez dago krisian, orokorrean, baina horren inguruko negozio esparru batzuetan bai nabarmendu dutela murrizketaren eragina, lore dendetan, adibidez. Edozein giza jarduera besteren mugimendu batek eragin dezake, nahiz eta urrun egon. Ez naiz inoiz loreen aldekoa izan ehorzketetan, hildakoarenganako estimua erakusteko nor nabarmentzen den gehien sortak eta sortak bidaltzeko norgehiagoketa ulertu gabe. Nire kasuan, bereziki, nahiago dut maitasun hori bizirik nagoenean azaltzen bazait, eta ez loreekin, ahal dela txokolatinekin baizik.

urria 24, 2022

ESTILISTEN PSIKOLOGIA

 


Estilistak psikologoak gara. Horrela zioen ile-apaintzearen profesional batek arestiko elkarrizketa batean. Ados egon naiteke baieztapenarekin, baina azpimarratu nahi nuke ile-apaintzaile guztiak ez direla psikologoak, gremioan badirelako bezeroarekiko enpatia pittin bat ere erakusten ez dutenak. Azken horietako batzuekin egin dut topo nire ile-bezeroaren esperientzia luzean, eta ondorioz toki horietan ez didate ostera "ilea ikusi"

Psikologiakoa lanbide guztiei aplika dakieke, ezin baita harreman komertzialik izan bestea ezagutu gabe. Solaskidearen gustu eta ahuleziei buruz jakin behar dugu. Eta etengabeko tratuarekin bezeroaren edo, kasuan, hornitzailearen gaineko ideia zehatza osatzen dugu. Eta orain nire aitona zenaren anekdota bat datorkit gogora, iragan mendeko lehen hamarkadan Madrilen bizi izandakoa, bere ile-apaintzailearekin.

Establezimendura lehen aldiz sartzen zenari galdetzen zion, zuzenean profesionalak: “Nola nahi duzu ilea moztea? Solasean ala isilik?” Eta bezeroak elkarrizketaren alde egiten bazuen, bigarren galdera zetorren: “Eta arrazoia emango dizut ala kontrakoa nahiago al duzu?”

Ba hori; psikologoa!

Argazkia: https: www.hji.co.uk


urria 17, 2022

EZ DITUT HIMNOAK ATSEGIN


“Isabel y Fernando el espiritu impera, moriremos besando la sagrada bandera...” Ez dut ahaztu haurtzaroko urte gordin haietan abesten genuen aldarrikapen faxistoidea, zertan ari ginen ez bagenekien ere. Itsatsita geratu zitzaidan gogoan, “Cantemos al amor de los amores” edota “Faro de cultura y fe en Mondragón su fragancia...“ himnoekin gertatu zen moduan. Noizean behin erresorte ikustezin batek iratzarri egiten dizkit, zertatik igaro nintzen oroitarazi nahi izango balit bezala. Ziur nago gizaki guztioi antzerako fenomenoa sentiarazten digula bizitzak.

Urteak eman ahala himnoak zokoratzen joan naiz nire baitan, nolakoak diren berdin diolarik. Kirol, politiko, erlijioso, sindikalak... den-denak berdinak iruditzen zaizkit, izan ere ereserkiak elementu bereizle gisa jaiotzen dira, gehienetan baztertzaileak bilakatuz. Kohesiorako deirik ez, ezta bizikidetza arrazoizkorako ahalbiderik ere: horrelakoak ditugu aldarrikapen musikatu masiboak, sarri abestera behartuak.

Musika, irudimena muturreraino eramanez, berez melodia ederrenak sortzeko gai izan daitekeena, erregistrorik zaharkitu eta arriskutsuenean gal daiteke, baldin eta pentsamendu hori edo bestea goraipatzeko idatzitako poema batek laguntzen badio. Hori dela eta, gero eta biluziago gozatu nahi dut bizitza.

Argazkia: Ekain  



urria 10, 2022

INDAR LOTZAILEAK BIZIRIK


Urteak aurrera doaz eta ez zara bizitzaren abiaduraz konturatzen atzera begira jarri arte. Eta sumatzen duzu iraganean utzitako horrekiko distantzia gero eta handiagoa dela egunetik egunera, eta bizi izan dituzun sentimenduak biltegi ikusezin batera mugitu direla, non zure bizitzako film osoa gordetzen duzun. Baina, badira une eta zirkunstantzia egokiak gordailua hankaz gora ipintzeko, eta orduan konturatzen zara sentimendu haiek bizi-bizirik daudela, denboraren joanak ez dituela amatatu.

Berrogeita hamar urte dira unibertsitate karrera amaitu genuela - elkarrekin egin genuen tartea baino hamar bider gehiago- eta lehengo astean efemeridea ospatzeko elkartu ginen ikaskide ohiok. Eta gutariko bakoitzak orbain fisikoak nabarmenki luzitu ditugun arren, egiaztatu ahal izan da taldean ditugun portaerak bere horretan mantentzen direla, lehen bezala batzuekin eta besteekin nork estimu eta maitasun maila diferenteak erakutsiz. Betiko indar lotzaileari eutsi diogu, eta horrek talde-nortasun txiki bat eman digu. Gutxi ez dena, baliotsua alperrik galtzeko hain zaleak garen une hauetan.

FUERZAS COHESIONADORAS VIVAS

Pasan los años y te das cuenta de la velocidad de la vida solo cuando miras hacia atrás. Y notas que la distancia a lo que has dejado en el pasado aumenta día a día y que los sentimientos que has vivido se han movido a un almacén invisible en el que guardas toda la película de tu vida. Pero hay momentos y circunstancias adecuadas para poner el depósito patas arriba, y entonces te das cuenta de que esos sentimientos están vivos, que el paso del tiempo no los ha apagado.

Hace cincuenta años que terminamos la carrera universitaria y la semana pasada nos reunimos para celebrar la efeméride. Y a pesar de que cada uno/a de nosotros mostramos claramente las cicatrices físicas adquiridas en el camino andado, se ha podido comprobar que los comportamientos que había en el grupo se mantienen, mostrando unos y otros, como antes, diferentes niveles de estima y afecto para con los compañeros. Hemos conservado la fuerza cohesionadora de siempre, lo que nos ha  proporcionado una pequeña identidad de grupo. Que no es poco, sobre todo en estos momentos en que se es tan aficionado a menospreciar los elementos por los que merece la pena vivir. 


Argazkia: JMVM

urria 03, 2022

ZERGATIK EZ?

 


Batek jakin zertan amaituko den Errusiak Ukrainan egindako erasoarekin piztutako gatazka hau. Gerrak ez dira inoiz onak izan jende arruntarentzat, gure mantenua egunero eskuratu behar dugun herritarrontzat. Gerrak militarrek eta politikariek ere ez dituzte irabazten. Bai zera! Gu bezain errukarriak dira, kanoiaren haragi!

Errusiaren mehatxu berriari, hemengo aldeko soldadu mobilizazio batekin erantzungo al zaio? Baina, orduan, zertarako daude arma nuklearrak, erabateko suntsipenekoak? Ez al da izango, zartaginari kirtenetik eusten dion mamu guztiz ahaldun horrek beldur diola bere burua lehergailu nuklearren batek zeharo birrinduta geratzeari? “Nik 300.000 soldadu” alde bateko enbidoari “ Ba, nik 500.000”arekin ihardesten zaio.

Diot nik, zergatik ez hordagoa? Zergatik ez sakatu tekla nuklear guztiak bata bestearen ondoren eta agur esan, betiko, espezie absurdua den ustezko animalia arrazoidunari? Ez al dugu aldarrikatzen, bada, natura maite dugula? Ba, ken gaitezen erditik, den-denok, lehen bait lehen, gure ergelkeriaren itzalari amaiera emanez. Eta eguzkiak mundu berri bat sorraraziko du, giza mehatxutik aske. Hori bai izango litzatekeela, mundu zoriontsua! Denboretako hastapenetan bezala...


iraila 26, 2022

KAPITAINAREN PAPERTXOA


Itsasontziko kapitainak erretiroa hartu zuen, tripulazioa eta barkuaren jabeak atsekabetuta. Inoiz ez zuen marinel batek hain zuzen gidatu zazpi itsasoak zeharkatu zituen zamaontzi hura. Ezbehar aipagarririk ez; agian ezbehar txikiren bat, ez hainbeste kapitainaren erruz, baizik eta aurkako zirkunstantziengatik, meteorologia motakoak edo antzekoak. Hori bai, eguneko jardunari ekin baino lehen, gizonak beti jakaren barne sakelan zeraman kutxatxotik paper bat ateratzen zuen eta irakurri ondoren bere laguntzaileei esaten zien, ozen eta garbi: Aurrera!! Inork ez zuen sekula ezagutu zer jartzen zuen paperean, baina ondoko denek zekiten egun hartan ere kapitainak maisutasunez gidatuko zuela barkua.

Gizon haren izen ona ofizioko profesional guztien ahotan zegoen, eta denek hitz politak eskaini zizkioten, azkenik - hamarkadatan itsasontziaren goi erantzulea izan ondoren- jubilazioa hartzera zihoala jakin zenean. Itsasontzi-enpresak agur-ekitaldi eder bat eman nahi izan zion, kapitainaren zerbitzu-orriaren parekoa. Itsasoko berrehun profesional baino gehiago bildu ziren hiriko hotel onenaren jantoki zabalera. Eta ohiko topa eta oparien ondoren, kapitainaren lagun batek, agian gehiegizko kopa batek animatuta, galdetu zion egunero kontsultatzen zuen kutxatxoaren sekretua argitu ahal izango zien.

“Bai, noski!” -erantzun zuen jubilatu berriak, pixka bat harrituta ez baitzuen galdera hura espero. “Itsasontziaren kargu egin aurretik baborra ezkerrean eta estriborra eskuinean idatzi nuen paperean



Argazkia: sailmen.com

iraila 19, 2022

ZAKURREN NAGUSITASUNA



Albisteak ahoa bete hortz utzi ninduen, ez nolabait espero ez nuelako, baizik eta gure gizartean zerbaitek huts egiten duela erakusten zuen froga berri haren aurreko gizarte erreakzioa hutsaren hurrena izan zelako. Berriak zioen Bilbon 39.000 zakur direla, hamabi urtetik beherako giza biztanleen kopurua 30.000koa den bitartean.

Zakurrak gizatiartzen ari garen garai honetan, gure bizitzako denbora gehiago eskaintzen diegunean haurrei arreta ematen inbertitzen duguna baino, urdaila eta bihotza iraultzen zaizkit, eta ezin dut esan gabe utzi mundu hau itzulerarik gabeko puntu batera eramaten ari garela.

Oker dago zakurrak mespretxatzen ditudala uste duena. Bizitza osoa eman dut horiekin. Ni ez naiz aldatu haiekiko harremanean. Gure gizarte definitu ezina da bizikidetzaren eszenatokia nahastu duena eta bere bizitzan zakurra ezinbesteko elementu bihurtu duena, aldare sakratu batera igoz. Eta hori, ene ustez, ez da gizadiaren jarrera eskuzabala, aitzitik, berekoikeria hutsaren erakustaldia baizik.

Irudikatzen ari naiz, urte batzuk barru, San Mames futbol-zelaia, harmailak txakurrez gainezka beren bufanda eta kamisola zurigorriekin, partidu bat ikusi aurretik zaunkaka. Ez dut garbi antzematen, ordea, zein animalia-espeziek egingo duen salto zelaira norgehiagoketari ekiteko. Argi dago Bilboko gizon edo emakumerik ez, desagertuta izango baitira.

iraila 12, 2022

KULTURAREN KONTRA?

 


Harri eta zur geratu naiz, muineraino, “mundu libreari” Ukrainiatik eginiko deiarekin, Errusiaren aurka ekiteko, edo, hobeto esanda, herrialde horren kulturaren kontra jotzeko. Zeri esaten diote ukrainiarrek mundu libre? Gizadiaren ergelkeriak eite hartu du ostera nire aurrean, neurri erraldoitan.

Aspaldi irakurri nion idazle esanguratsu eta ausart bati, hiru arriskuk ekar dezaketela gizadiaren amaiera: nuklearra, ekologikoa eta kulturaren suntsipena. Balendin Rasputin zen idazlea, errusiarra, 1987 inguruan Euskal Idazleen Elkartearekin harremanetan ibili zena.

Ez dakit aurreneko bi arriskuak behin betikoak izatera hel daitezkeenik; hirugarrenari buruz, ordea, arras ados nago errusiarrarekin. Areago, esango nuke lehen biak hirugarrenaren ondorioa direla. Gerra guztiek onena ezabatzen dute, eta herrien muin kuttunena, ezinbesteko euskarria, bere kultura da. Suntsi ditzagun kultura sorrarazteko euskarriak eta agur esango zaio herri gizaraxoari. Horregatik salatzen dut ukrainiar deia... errusiarren inbasio armatua kondenatzen dudan arrazoi berdintsuekin. Biak erreakzio faxistak dira.

Argazkia: Books and art in the USSR

iraila 05, 2022

OPORRETATIK PILAK KARGATUTA?


Ez dut ulertzen zergatik esaten zaion pilak kargatzea, pertsonala oporretatik gorputza birrinduta itzultzen dela 
egia denean, neke sentsazio astun batekin, osatzeko aste batzuk beharko dituena. Izan ere, jaun-andreok, oporretako irteera gorputzari jipoia ematea besterik ez da, nahita edo nahitaez erabakia. Eta ez dut ezer esaten adina protagonistaren egitura fisikoan orbain sakonak uzten doanean.

Mankatuta itzultzeari gehitzen bazaio deskonposaketa psikikoa itzulera operazioak tragediaren itxura hartzen du. Adibidez, tour operatorrek markatutako bira europarrari zerion estresak sakon eragin du bidaiariaren burmuinean eta suspertze emozionala ez zaio hain erreza gertatuko oporraldia amaitu berri duenari.

Nolanahi ere, egoera fisiko eta psikikoan zeharo jota egon arren, etxerakoan garaipenaren irribarrea loratu behar zaio bidaiari gizaraxoari ezpainetan. Ezin du porrotaren keinurik erakutsi, osterantzean galera erabatekoa izango bailitzateke. Eta bere zirkuluko ezagunei fantasiazko istorioak kontatu beharko dizkie, oporraldian xahututako bidesaria nolabait zuritzearren. Portzierto, inori interesatzen ez zaizkion abentura aspergarriak. Eta segituan, giza ardi zintzo bat denez, datorren urteko oporrak prestatzeari ekingo dio.

Argazkia: JMVM

abuztua 29, 2022

GEBARAKO MALDAN GORA

 


Duela berrogei urte igo nintzen lehen aldiz Gebarako gaztelura eta ordukoa ere da gotorleku horren gaineko nire lehen idazkia, garaiko Hoja de Lunes de San Sebastián-en argitaratua. Gaur nire biloba eta horien lagunekin igo naiz ostera, eta aitortu behar dut gogo sentsazioak antzerakoak izan ditudala, lau hamarkada lehenagoko haiekin alderatua.

Txiki sentitu naiz, ezgai, naturaren aurrean eta, bide batez, auzoko eta lagun hurkoa menderatzearren giza generoaren berezko jokaera ulertzeko. Gazteluaren hondakinen gainean eserita, nire irudimenak mendeen gainetik egin du hegan, eta gizon-emakume talde bat ikusi dut, basailu gisa pobreak, beren bizitza sakrifikatzera behartuak, ziur aski ezagutzen ez zuten baina beldur zioten jauntxoaren mesedetan.

Gaztetxoek nire azalpenak entzuten zituzten arren, ziur nago ez nindutela osotasunean ulertzen, artean euren oskol samurrean babestuta. Eta gogoratu dut, gizateriaren maldan gorako bide estu eta bihurriko lazturaz jabetzeko bizitzaren mendira igo behar dela, eta orduan bai, bertan jasotako gotorlekuei erreparatuz antzeman daiteke zertaz gauden eginda. Goiz euritsu honetan, ordea, umeekin disfrutatzea zegokidan eta pentsamendu beltzak uxatu ditut, ni ere ume pixka bat bilakatzeko.

Argazkia: JMVM

abuztua 22, 2022

BEGIRA ZER EGIN DUTEN NIRE ABESTIAREKIN


Bada abesti bat nire bizitzan zerbait berezi adierazi zuena, ez hain zuzen nigan ezer aldatu zuelako, baizik eta haren bitartez egiaztatu nuelako behin-behinekotasunaren sentsazioa, nonbaitetik programatutako erlatibitatearena. Eta kontraesanaren presentzia etengabea. Den-denok baiezta genezake gure inpultsu ugariren pentagrama kantuen bidez marraztu dugula, musika eta hitzez osatutako mezuek denetariko dardara eta egiaztapenak piztu baitituzte guztiongan, adin denetan.

Melanie kantariaren 1970eko “Look what they've done to my song, ma” oroitu nahi dut, esku hartze arrotzaren kaltea denuntziatzen zuena. Urteekin ikasten den zerbait da inor nabarmentzerik errespetatzen ez duen masifikazio-korronte batek xurgatzen dituela ekimenak oro, esku-sartzaile ahalguztidunaren onurarako ez bada. Horrela, esaterako, justiziaren eginkizunak oreka-balioa galtzen du, eta baztertuarekiko elkartasuna delitu bihurtzen da salatzaile konprometituarentzat. Bada, horren salaketa zekarren Melaniek gure kontzientzia artean inozo samarrera.

Ama, begira zer egin duten nire abestiarekin; ongi samar egiten nekien gauza bakarra pikutara bota didate eta nire burmuinean arakatu dute oilasko-hezurren bila, zioen Melaniek. Amaieran, ordea, giza-nolakotasunaren punttua jartzen zuen, adieraziz, ondo pentsatuta neska aberatsa bihur zitekeela, jendeak bere malkoak erosiz gero. Eta beraz, bere abestiarekin egindakoa ez zitzaion hainbeste axola izango.



Argazkia: Zuriñe

abuztua 15, 2022

GAUR PAELLA

 

Hilaren erdia igaro da, eta osoa dike lehorrean eman dut, zuntz haustura gaizto baten ondorioz, harrikada ospetsua ekarri zidan etxeko istripu zorigaiztokoan. Eta egun hauetan sarri oroitu dut, gizonak proposatu arren erabakitzen duena Jainkoa dela dioen adagioa: orain arte ezin izan dut gauzatu hilabete honetarako programatu nuena. Eta jakina, hutsuneak betetzeko abuztutik geratzen zaidan guztian ere ezin izango naiz biderkatu. Zer egin?

Ahaleginari egunero ekin behar zaionez gero, zirrikiturik txikienetik ere aurrera ateratzen saiatuko naiz, saiatzearen bidez behintzat galeraren sentsazioa murriztuko dudalakoan. Eta abuztuari geratzen zaionaren lehen eguna gaur denez, herriko adiskideak deitu eta paella batera gonbidatuko ditut. Behintzat, ez dezatela esan ez dudala udan beraien alde ezer egin.

Espero dut Jainkoa berriro bidera ez ateratzea, buruarekin ezetz esaten. 

Argazkia: Tere Anda


abuztua 08, 2022

JAIETAN GORA JAIETAN BEHERA


Andre Maria Zuriaren jaiei buruzko nire lehen oroitzapenek Gasteizko pilotalekura naramate, zortzi bat urte nituela aitona zenaren eskutik, ez preseski pilota partidu batera, baizik eta borroka libreko jaialdi batera. Catarecha anaiak aritu ziren Inka Peruano eta izena ahaztu dudan laugarren atleta baten kontra. Aragoiko bikoteak irabazi zuen eta saioak, prezio berdinean,  ringeko emakume baten agerraldia ere zerbitzatu zigun, haserre bizian aterki batekin Incari astindua eskaini ziona. Ez naiz halako espektakuluetara itzuli.

Urte batzuk geroago Gasteizko jaiek zezenetarako bide bihurritik abiarazi ninduten, plazetarako nire joan etorriak ugariak izan ez badira ere. Baina nire adinetako guztiok bezala - eta ezetz dioena gezurretan ari da- zezenketak atsegin izan ditut, erritu, giro edota morboarengatik. Baina heldu zen eguna zezenak sakon miresten hasi nintzela... larrean bizirik

Jaiak aldatzen joan dira, eta hori guztiz logikoa eta beharrezkoa da, ez baitira alfer-alferrik gizartearen bilakaeraren erakusle zuzena. Ez dago jai egitarauetan borroka librerik, ez dago zezenik, ezta gizabidezko sentsibilitatea min lezakeen ikuskizunik. Baina, bestalde, oso zaila da erakargarritasun berririk sortzea,  jai formularen bitartez interes masiboa pizteko gai litekeena. Agian behar ez ditugulako, urte osoko egitaraua era guztietako denborapasekin beteta dugulako. Eta artifizialki ezin da luzaroz inoren gorputzik biziarazi.

abuztua 03, 2022

ARRASTURIKO ORTODOXIA MILITANTE

 


Auskalo zer egingo lukeen Arrasturiko idazle jakintsuak burua altxatu eta bere jaioterrian nolako axolagabekeria soziokulturala nagusitu den ikusiko balu. Baina kontua ez da garunak elukubrazio ezinezkoetara biltzea. Baiezta daitekeena da kontua ez dela oraingoa, eta, bistan denez, Arrasturiko ondarearen aurkako atentatuen kateak ez dakiela sigla politikoez, eta alderdi guztien gainean hegan egiten duela, eraso nahi zaion helburua zein den bost axola zaiolarik.

Ez da soilik sentsibilitate kulturalaren arazoa. Nire ustez, makularik gabeko uniformizaziorako joera duen mendetasun ideologiko induzitua da pairatzen ari garena. Horregatik Arrasturiko sistemak errukigabea izan behar du heterodoxoekin, ez dago lekurik horientzat. Jarduteko prestatutako makineriak ez daki sentimenduez, eta ez du ezer jakin nahi.

Eta, noski, behar izatekotan, historia bestelakotu egiten da. Edo ezabatu. Azkenean, diote ortodoxoek, sistemari ez ba dio balio, zertarako behar dugu historia? Ba hori, Arrasturiko arazoak sustrai indartsuak dituela eta sigla guztietako morroiek ongarritzen dutela ortodoxia, etengabe. Ortodoxo militanteak dira.


abuztua 01, 2022

BEGIA BEGI TRUK

 


Egun batzuetan nahi gabe gogoratzen dugu Talioiaren lege ospetsua, eta, niri gertatzen zaidanez, ez zaigu hain irtenbide okerra iruditzen hura aplikatzea. Bizi garen gizartearen sektore oso zabal batean mugarik gabeko berekoikeria nagusitu da, bizikidetzarik oinarrizkoen, primitiboarenekiko mespretxuz hornitua. Hori gutxi bailitzan, hainbat eta hainbat kasutan erdeinua gordinagoa bilakatzen da emakumeekiko. Horren haritik tiraka, muturrean, berekoi, higuingarri eta koldarrak ditugu, gainerako guztion madarikazioa euren gain jasan behar dutenak.

Biktima erreakzionatzeko ahalmenik gabe uzten duen substantzia bat ziztatuz emakume bati heltzeko metodo berritzailea aipatu nahi dut. Ezagutzen dudan metodorik zitalenetako bat da, non erasotzaileak zero giza-maila erakusten duen. Bestearenganako erabateko gutxiespena adierazten du, kriminalaren arlo negatiboa mugagabeki birsortzeko ahalmena argi uzten duena.

Kasu horietan Talioiaren legea gogoratzen dut, begia begi truk,  eta nire konbikzio humanistek ez didate eragozten horrela pentsatzea. Ezta, are gutxiago, legezko baldintzatzaileek ere.

uztaila 25, 2022

INOZENTZIAN ZUTIK


Baietz, faxistak direla, zeharokoak, hezurretarainokoak. Batzuk - gutxi- antzerki-banbalinen artean ezkutatzen dira, baina beren nagusiengandik ikasitako lezioak ez dituzte ahazten, eta ondo baino hobeto dakite masak sutan nola eta non  jartzea, frankista/hitleriar estilo hutsean.

Eskuinik eskuindarrenak ahalik eta ozenen oihukatzen du egun eurak direla tradizio salbatzailearen defendatzaileak, eurak bakarrik direla benetako hautatuak -Jainkoarenak, noski- eta gainerakook arimaren, gure arima erratuaren akatsak garbitu behar ditugula, eta penitentzia azken muturreraino pairatu.

Bai, nire bizitza luzean une politiko gogorrak, oso gogorrak, itxaropentsuak eta egungoak bizi izan ditut. Une bakoitzean nagusi den statu quo-ak markatutako errealitate sakrosantuarekin borrokan, bide egokiaren bila, egia esan behar bada aurkitzeko esperantza handirik gabe. Baina heldu naizen adinean, postulatu atzerakoiak nonahi, gero eta nekezagoa egiten zait argizari piztuari gogoz eustea.

Eta ezgaitasun sentsazio batek oinazetzen nau arazoaz pentsatzen hasten naizen bakoitzean. Ez dut uste galdutako denboraren sindromea denik kontua, baizik eta barneratzea nire bizitzako noizbait errugabea izan nintzela eta mundu hobe batean sinetsi nuela. Nolanahi ere, beti geratzen zait aukera pentsatzeko inozentzia hori izan dela bizitzako karrera jasanarazi didana. Nahiz eta faxismoak nagusi izan ditudan inguruan.

(Eta gaur Santiago y cierra España! Gehiegi)

Argazkia: aboutbasquecountry

uztaila 18, 2022

FRANCOK EZ ZUEN SANTA MARINA ITO


Jeneral hiltzailea gaur 86 urte matxinatu zen. Gure historia modernoan aurrekaririk ez duen gertaera izan zen eta oraindik sendi askotan ez dugu damu sentimendurik jaso arimarik gabeko ekintzaileengandik ezta haien ondorengoengandik ere, egin zitzaigun kaltearengatik.

Gaur Santa Marina dugu kristau egutegian eta atzo, jai bezpera gisa,  ospakizun baten berreskurapeneko lehen ahalegina burutu genuen, duela 70 urte jeneral hiltzailearen jarraitzaile plutokratek eraiki zuten urtegiak ito zuena. Familia xume askoren itxaropenak eta ilusioak urek ezabatutako balio material eta ez materialen artekoa zen Santa Marina baseliza, eta horren inguruan XVI.tik herritarrok ospatzen zuten jaia.

Zazpi hamarkadatako isilune tristearen ondoren, eta giza mirari txiki bat balitz bezala, atzo urtegiaren hondotik, bere garaian baseliza izandakoaren hormen artetik mezu bat sortu zen, kooperazi
oaren eta errebindikazio-festaren ontasuna elkarrekin kantatzeko gai izan gaitezen eskatzen zuena.

Argazkia: JMVM

uztaila 11, 2022

MESTIZAIA

 


Ur gazietako karramarroaren arrantza denboraldia hasi da eta trasteak prest ditut zorterik ba ote dagoen ikusteko. Gogoan ditut zaletasun honetan izan nituen lehen saiakerak, sei bat urterekin, Aramaio nire jaioterriko errekasto txikietan zehar. Hain justu, Aphanomyces ostaci iritsi zen arte, gure uretako karramarro autoktonoaren espeziea desagerrarazi zuena zomorro hiltzaile hori izan baitzen.

Eta bat-batean, hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, karramarro gorri amerikarra agertu zitzaigun. Aurkitzen zuen guztia, ibaiaren ondoko baratzetako barazkiak barne, irensten zuen animaliatxo oldarkor bat zen. Haren haragiak ez zuen zerikusirik desagertutako krustazeoarekin. Geroxeago, beste espezie ezezagun bat etorri zen, seinale karramarroa, pintzetan zituen marka zuriengatik horrela deitua. Aurrekoak baino handiagoa eta haragi atseginekoa zenak amerikar gorriarekin partekatu zuen lekua. Eta udako gauetan, seinalekoa zakura pasatzen zen, eta amerikarrak uretara itzultzen ziren.

Denborarekin gorria eta seinalekoa nahastu egin ziren eta espezie berri bat sortu zuten, gorriaren tamainakoa, gutxi gora behera, eta berriaren okelak seinalekoarena gogoratzen zuen. Orain gure erreketan nagusitutako karramarro mota berria dugu helburu, eta iragan gizaldian desagertutakoa ahaztu ez badut ere, adiskidetako inork ez dio muzin egiten, ardo txuri kopa batekin ateratzen diedan platertxo bat karramarro egosien oparitxoari.

Bilakaera horri ere esan dakioke mestizaia, ezta?

Argazkia: JMVM

uztaila 04, 2022

GAUR DA EGUNA


Gaur ezustekoz doa , eta ez tragediaz, batzuetan eta adierazten ari denaren gogo-aldartearen arabera nahastu egiten diren egoerak badira ere. Ez naiz ez zabala ezta sakona ere izango, eta indargabe sentitzen denaren negar egite antzutik urrunduko naiz, azalpen hutsari helduz.

Hamaika hilabete igaro dira nire autoaren IAT azken aldiz aztertu nuenetik. Hamabi urtek begiratzen diote lau gurpildunari, osasun mekaniko nahiko onean, eta orain abisatzen didate huts egiten duena aurreko matrikula dela, zalantzarik gabe kontingentzia meteorologiko mota guztiei aurre eginez egindako ehunka mila kilometroen ondorioz. Eta, noski, plaka aldatu beharko diot urtebete berrirako eranskailua emango badidate.

Etxeko hozkailua bete berri genuen lehengo ostegunean. Eta, zaharkitze programatuaren aginduei jarraiki, nonbait, aparailuak ezetz esan zuen, berak ez zuela aurrerantzean hoztuko. Arratsaldeko 7etan ziren. Bezeroentzako laguntza teknikoari deitu eta, “gure kudeatzaile guztiok lanean ari dira; zaude adi eta berehala gaude zurekin” mezu batek ordubete eduki ninduen telefonoari itsatsita. 8etan, puntu puntuan, mezu desberdin batek: “gure zerbitzu teknikoa goizeko 8etatik arratsaldeko 8ak artekoa da” Biharamuneko lehen ordu praktikoan emakume abegitsu batek adierazi zidan zerbitzu teknikoa ez zela astelehenera arte posible izango. Hozkailua hustu behar izan genuen, dena galduko ez bazen. Eta jarraian argizaritxo bat piztu genuen, asteleheneko teknikariaren itxaropenean. Gaur da eguna.

Argazkia: Zuriñe

ekaina 27, 2022

METEOROLOGIAN ETA POLITIKAN, ATLANTIARRAK

Beroak direla eta pertsonala  jantziak eranzten hasi zen. Eta eguzkia hodeien artean ezkutatu zen lehen egunerako sortu ziren, eguraldien tarteko jaka armairuan giltzapetu ei zutenen kexak. Ez dago gure herritarrak ulertzen dituenik, arrasto guztien arabera oraindik ez baitira konturatu gurea eremu atlantiarra dela. Eta ahaztu da guri dagokiguna zinbulu-zanbulu meteorologikoa dela, eta ezin dela eguraldi-parametroen jarraitutasunaren aldeko apusturik egin.

Ba hori. Politikan gauza bera gertatzen dela. Irabazten duela ezkerrak? Paisanajea gorriz janzten da, eta eztei-bidaia sasi-sozialista baterako prestatzen da. Baina, handik gutxira, eskuineko olatuak errotik erauzten die oker egindako ilusioei, eta arropen urradurak hasten dira. Baina, otoi, noiz izan da ezkertiarra gure gizarte hau? Nola gal dezakegu jarrera duina eskuinaren garaipenarengatik?

Ezetz. Barneratu behar dugu ez dugula konponbiderik animalia arrazional gisa, eta pelikularen une honetan argi izan behar genuen, meteorologian bezala, politikan ere isurialde atlantiarrekoak garela... hau da, NATOkoak, ez preseski ezker-postulatuetan sinesten duenekoak.


ekaina 20, 2022

IHESALDI AMAIGABEAN

 


Udan sartzera goaz eta udazkeneko tenperaturekin egiten ari gara amets, eta, estutzen bazait, neguko hotza nahiagoko genuke, batez ere azken urte hauetako neguetakoa, tenperatura gordinik gabea. Kontua ez da inor ez datorrela bat daukanarekin eta beti kexatzen ari garela, baizik eta badirudiela inguratzen gaituen natura zoragarria gure aurka bihurtu dela eta gizadi gero eta irrazionalagoak gupidarik gabe aplikatu dion zigorra itzultzen ari zaigula.

Uste dut ondo merezia dugula gure pasibotasun kronikoagatik. Eztabaida ergeletan murgiltzen gara etengabe, eta funtsezkoa ahazten dugu: ez dugu zereginik gure aurreranzko ihesaldi eroan. Salbuespenik gabe alienatuta gaude, jasangarritasun-logikarik gabeko egunerokotasunean bizi gara. Gure planeta kargatzen ari gara eta bost axola zaigu.

Munduak bere martxa gelditu behar du norabide desberdina bilatzeko. Baina  ezinezko ariketa bilakatu zaigu mundua guk geuk ere osatzen dugula ulertzea, eta guri dagokigula makineria suntsitzaileari freno ipintzea. Konprenitzeko ezgaitasunean harrapatuta gaude eta horrela, Covid/bero sapa/prezioen igoera jasanezina/ eta hamaika katramilaren osteko estresa arintzeko... oporretarako txartelak erreserbatzera goaz, ziztu bizian. Ihesean.

Argazkia: Ekain

ekaina 13, 2022

ELEFANTEKO PUZZLEA


Aztertu beharreko puntutik aldentzeak haren osotasuna ulertzea errazten du, argazki bat osatzen duten elementuak ikuspegi panoramiko batetik hobeto balora daitezkeela gertatzen den bezala. Ezaguna da hiru pertsona itsuk, elefante baten zenbait zati ukitzea utzi zieten ondoren, animaliari buruz emandako definizikoak kontrastatzen dituen narrazio klasikoa. Batek zutabe gisa definitu zuen: hanka bat haztatu zuen. Beste batek suge txiki bat bezalakoa zela esan zuen: buztana ukitu zuen, eta eskua belarri gainean jarri zuenak haizemaile handi bat bezala deskribatu zuen elefantea.

Hiruak zeuden zuzen baina inork ez zuen egia osoa. Guk elefante asko definitu behar ditugu egunero eta gure helmenaren araberako deskribapen zaporetsuak emateko prest gaude, eskatzen zaigunean... eta ez zaigunean ere. Gure burmuinak tranpa ugari jartzen dizkigu zilarrezko bandejan eta horietaz baliaturik egia sesgatuak, partzial eta interesatuak botatzen ditugu lasai asko. Tristeena da, gutxitan agertzen garela gertu egia partzial diferenteekin osotasunera ailegatzeko. Adibidez, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak azken egunotan egindako deklarazio zalapartatsuak, demagun, egia izan litezke baina osotasunean hartuta ezin da ondorioztatu Osakidetza makularik gabea denik.

Hiru itsuen kontakizunean eztabaida luzean geratu ziren  pertsonaiak. Ordu eta egunak eman zituzten alperrik, ez baitziren gai izan bakoitzaren deskribapena besteenekin kontrastatzeko, elefanteko puzzlea osatzeko. Gurean bezala.

ekaina 06, 2022

MENDE ERDI BATEN ONDOREN OSPATU

 


Badirudi atzo izan zela eta mende erdia igaro da. Ez dut eguna zehazki gogoratzen, baina 1972ko ekainaren lehen astean geunden. Goizeko lehen orduan izan nuen karrerako azken azterketa. Merkataritza-zuzenbideko ahozko proba zen, Antonio Elosegi irakasle bikain eta pertsona onarekin. Hamar-hamabost minutu izan ziren. Azkenean, Elosegik bostekoa ematearekin batera, eszenatoki berri bat agertu zitzaidan, aurreko bost urteetan erabilitakoaren guztiz desberdina.

Hura ez zen puntu eta segituko abagunea. Bizitza-egitarauak zerumuga berria aurkezten zidan, ibilbide zigizagatsuarekin, eta halako beldur eszeniko batek harrapatu ninduen, ibili beharko nukeen bidearen hurrengo bihurgunea argi ikustea eragozten zidana. Garbi neukan, ordea, ordura arte ibilitakoaren azken geltokiak agurra eskaini zidala. Eta maleta eta lagun desberdinekin jarraitu behar nuela martxa. Ezin nion helburu berriari aurreko eskemekin ekin.

Berrogeita hamar urte eman dira ordudanik eta oraingo nire itxaropenak koordenada desberdinetatik igarotzen dira, garai hartan - urruti edukitzeagatik, nonbait- imajinatu ere ezin nituenak. Horrek baieztatzen dit apurtxo bat gutakoak garela, eta gainerakoa etengabe jipoitzen gaituzten zirkunstantzietakoak. Gainera, gutxi bailitzan, denboraren joanak ez gaitu jakintsuagoak egiten, zaharragoak baizik.

Baina badakizu zer? Honaino iritsita, bost axola niri!. Eta pozez beterik, aste honetan ospatuko dut unibertsitate karrera duela mende erdia amaitu izana, orduan ez bainuen presarekin astirik izan.

Argazkia: Ekain

maiatza 30, 2022

ADISKIDEEKIN



Itsas laminen kantuek ez naute liluratzen. Nire egungo bizitzan, zirkunstantzia gehienetan, iraganeko beste edozein garaikoa baino handiagoa da erlatibitatea. Adiskidetasunean sinesten dut, alderdi guztietan. Gainerakoa guztiz baztergarria zait. Uste dut inoiz imajinatu ez nuena soberan gainditu ondoren, denda ixteko ordua dela. Badakit inoiz ez naizela gai izango harreman hautsiak bideratzeko, eta uste dut litekeena dela besteei ere ez interesatzea inoiz izan ez zen horretara itzultzea.

Balizko bizipen-espazio berrien atzetik abiatzea abentura bat besterik ez da, eta, nire bizitzaren maila honetan, ez zaizkit interesatzen. Ez nuke jakingo neure burua moldatzen, ezta nigan bilaketa-sentsazio berezirik sortuko ere. Nahiago dut aurreko aldietan zapaldutako paisaiak berraurkitzea eta iraultzea, eta horrek, kontrakoa dirudien arren, sentsazio berriak aurkitzen saiatzeak bezain merezimendu edo meritu handiagoa du, balizko sentsazio horiek hutsaren hurrena izan bailitezke.

Gainera, ziur nago agertoki berriak etengabe bilatzea ez dela progresismoaren ezta askatasun handiagoaren sinonimo ere. Aske naiz nire lagunen artean, eta horiek osatzen dute nire bizi-espazioa, gogobetegarria eta nahikoa.

Argazkia: Zuriñe

maiatza 23, 2022

TXIMINOA SANXENXON?

 


Batera agertu zitzaizkigun tximinoaren baztanga eta Abu Dabiko komisionista. Azaldu behar dut arras despistatu nintzela albisteekin, eta sentsazio arduragarri batek gainezkatu ninduen. Adina izango ote? Pentsatu nuen, nire ezgaitasunean. Hain zahartzaro gaiztora kondenatu nau bizitzak?

Begira; albisteek esaten ziguten batak Sanxenxon lur hartu zuela hiritarrei iseka eginez,  eta besteak zaintza neurri osoen gainetik latitude guztietako gizon emakumeei mingaina ateratzen ziela. Orduak aurrera egin eta komunikabideek informazio gehiago eman ahala, horien berriekin nahasten ari nintzela iruditu zitzaidan. Tximinoaren arriskuari aurre egiteko kanpaina berezi bat prestatzen ari zirela ulertu nuen. Baina gero komisioengatik eskuak zikin dituena baztangarekin nahastu zituzten albistegiek, eta ez nuen jakin bereizten arriskua Sanxenxokoarenean edo primatean ote zegoen. Ala bietan.

Osasun-komunikazioan aditua den Fernando Simonek berak ere, birusari buruz hitz egin zuen, eta ziurrenik ezkutuan gordeta egon zela aitortu zuen, biktimen ahuleziaz eta pasotismoaz baliatuz gaitza hedatzeko bere aukeraren zain. Ni gero eta galduagoa nengoen, eta ez nintzen gauza helarazten zitzaidan uneko mezuari irudi zuzena jartzeko. Zurrunbilo hartan, Afrikako hegazkinetik jaitsitakoaren aurpegia kutsatze birikoari buruzko albisteari jartzen nion; eta, bestalde, pantailan agertzen zen animaliari Afrikatik iritsia zela suposatzen nuen.

Gehien despistatu ninduena, ordea, gaixotasunerako erremediorik ez dagoela zioen erantzun zientifikoa izan zen, maiz eman baitut nire iritzia birus koroidunaren gain, horren gisako tximino kutsagarriekin esperantzarik ez dagoela konbentzituta. Eta txundituta nengoen mundu zientifikoak ere uste horretan nirekin bat egiten zuela ikustean.

Argazkia: La Voz de Galicia

maiatza 16, 2022

BORONDATEAREN KONTRA


 Esan ohi da irtenbidea bilakuntzan datzala. Eta ez da zaila asmatzea baieztapen horren atzean badagoela bizitza modu positiboan bideratzeko jokaera bat. Batzuek ez diote jaramonik egiten bide horri, eta zirkulu batetik irtetea zaila egiten zaie, itolarri existentziala landuz, bide zuzena topatzea gehiago eta gehiago eragozten diena.

Baina egia da, halaber, gauzak ez direla beti norberak nahi bezala ateratzen, eta konponbidea ameskeria hutsa bilakatzen da. Badira beste faktore batzuk norberaren borondatearen aurka jokatzen dutenak, eta askotan gaindiezinak dira, irtenbide egokia aurkitzeko asmoen porrota eginaraziz.

Gure arteko aitorpen bat: gaurko idazkiaren aurreko sarreratxoa Alaves futbol ekipoa bigarren mailara jaitsi izanaren harira dator. Ez nekien nola apaindu atzera bueltarik ez duen gertaera hori, eta ahal izan dudan hausnarketarik filosofikoenera jo dut, “Glorioso”aren zaleen atsekabea arindu gabe seguruenik.

maiatza 09, 2022

ARTE ERAKUSPEN HERRENAK







Interesgarria da gure herri eta hirietako hormetan gero eta ugariago agertzen diren arte-adierazpenei erreparatzea. Herritarren adierazpen-gaitasunaren adierazle bikaina iruditzen zait, eta esango nuke, batzuetan – ez beti- tokiko agintariek artearen bidez iragana eta eguneko gizarte errealitatea adierazteko duten sentsibilitatearen ispilua bihur daiteke. Zenbaitzuetan gertatzen da, tamalez, barne auzi intelektuala pizten zaiela aginte makila dutenei eta arte erakuspenaren emaitza herren geratzen da herritarron begietara.

Adibide batekin esplikatuko naiz hobeto. Begira: Leintz Gatzagarekin lotura zuzena duen elementu arkitektoniko bat da Dorletako Santutegia- adierazpen erlijiosoa aipatu gabe- erreferentzia historikoak XIII.tik ematen dituena. Hori lege onez ezin da ahaztu, osterantzean hainbeste aldarrikatzen ari garen memoria historikoaren oinarriari ostikoa ematea izango bailitzateke. Eta argazkiko adierazpen artistikoaren nire ustezko huts hori ezin da zuritu, santutegia txirrindulari baten irudiarekin dagoela ordezkatua adieraziz. Izan ere, orma irudiko txirrindulariek beren esfortzuan Gatzagako aldapatzarra oroitarazten dute, eta ez santutegia. Gainera, Dorletako Ama Birjinak txirrindularientzako balizko babes izpirituala iragan mendeko erdialdetik bakarrik eskaintzen ari da mendetako bere tenplutik.

Argazkia: JMVM

maiatza 02, 2022

AZKENEKOAN


“Gure enpresan azkenekoan asmatzen dugu beti” zioen lehengoan Arabako Dominarekin saritu duten Eduardo Anitua arabarrak. Eta hain esaldi xume baina borobil horren egiatasunaz geratu nintzen pentsakor. Horixe da, bai jauna, arrakastaren gakoa, lan esparrua edozein izanda ere. Lehena, bigarrena, zazpigarrena..., berdin zaio, beti izango baita azkena. Asmatzearen prozesua luzatu egingo da, bilatzailearen borondate eta gogoaren parera.

Inportanteena ez da lehen saioan erdiestea, helburura iristea baizik, eta horretarako lortu nahi denarekiko konbentzimenduan egon behar da zutik. Nork bere indarren eta xedearen ontasunean sinetsi behar du, desiratutako geltokira iritsiko bada. Igual dio ez bada lehenean asmatu! Hurrengo batean izango da... baldin eta heltzeko gure gaitasunean konfiantza badugu.

Lehiaketako animaliak gara, zentzu guztietan. Geure burua probatu behar dugu pozik sentitzeko. Helburuaren ontasunean sinesten badugu gerta dakigukeen gauzarik txarrena ahaleginean amore ematea da. Esku artean dugun horretan sinetsiz gero, etenik gabe borrokatu behar dugu, tarteko helburuetan porrot egin arren. Hortik ikasiko dugu, gure ezagutza aberastuko dugu, aurrera egingo dugu. Eta azkenean garaipenaren turutak joko du... eta hori azken saiakeran gertatuko da.

Argazkia: Ekain