BILATU

ustelkeria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ustelkeria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abendua 12, 2022

BAINA HAIN ZAILA AL DA?


Diru publikoa bidegabe erabiltzea, zentzu hertsian, gaizki ikusia egon da beti, nahiz eta gure gizarte honetan, askotan, bidegabeak ingurukoen txaloak jaso dituen, batez ere talde politiko berean ari badira. Era guztietako bidegabeak egon dira historikoki, eta legeak aldatu egin dira, bidegabelariak kontrolatzeko, batzuen alde eginez besteak zigortzeko, eta alderantziz, ontziaren lema noren eskuetan dagoenaren arabera.

Orain eztabaidan daude, ea gehiago zigortu behar ote den bidegabeko gastatzaile arduragabea edo arduragabeko iruzurgile bidegabea. Baina, baina...ez al litzateke errazago izango, hiru haur hautatzea -ez gehiago, komisiorik onena hirukoa izan behar duelako- eta araudi bat idaztea eskatu, adibidez,  trikimailuen bitartez dagokion baino txutxe gehiagorekin egiten dena zigortzeko, denen artean egiten ari den bildumako kromoak etxera aldez aurretik jakinarazi gabe eramaten dituena taldetik kanporatzeko, besteak baino azkarragoa delakoan kanikak edo tortolixak lotsagabe lapurtzen dituena bere prepotentziatik jaitsi eta kaltzontzillotan uzteko?

Gero, haur gardenek idatzitakoa aplikatuko genioke helduek gure munduko hainbat alderditan sortutako korapiloari... eta bizitzera, bi egun direla-eta! Baina hain zaila al da?

Argazkia: https://www.etsy.com/

apirila 18, 2022

MINBIZIKO KOMISIONISTAK


Industrian garatutako nire bizitza profesionalean ehunka komisionista ezagutu ditut. Profesional bikainak ziren gehienak, merkataritza-eragiketen gain hitzartutako ehunekoa ordaintzen zieten enpresetako ordezkarien zeregina txukun betetzen zutenak. Are gehiago, gure enpresan ere ari ginen multikartako komisionistekin, hau da, gureaz aparte osagarriak zitzaizkien beste enpresa batzuen katalogoak zeramatzaten gizon-emakumeekin. Eta salmenten komisioari esker lortutako diruari erreparatuz, bagenekien gure ordezkari haien irabazia sarritan gure soldatak baino handiagoa zela. Baina halakoxeak ziren gauzak. Lege onez hitzartutako merkatal-harremana genuen.

Behin ezohiko bide batetik heldu zitzaigun, bere burua oro-lortzailetzat zeukan pertsonaia baten eskaintza:  1992ko Sevillako Erakusketa Unibertsala prestatzen ari zen eta lantegira azaldu zitzaigun tipoak adierazi zigun %20 batengatik, Erakusketako instalazio guztietarako ateen sarrailak sal zitzakeela. Eta gehitu zuen Andaluziako Juntako lehendakariaren lehengusua zela. Etorri zen bidetik bidali genuen.

Madrileko (1) musuetako komisioaren haritik gogoratu dut anekdota hura. Eskrupulurik gabeko lotsabakoen kastako tipo horiek gizarte-minbizia dira, eta gorputzekoarekin egiten den moduan erauzi egin behar ditugu amaiera tragikoa ekidingo bada. Baina halaber ez dezagun ahaztu “lehengusu”en kantu liluragarriaren doinura dantza egiten dutenek elikatzen dutela minbizia.  Beraz, batzuei eta besteei legearen bitarteko erauzketa sakon eta eredugarria aplikatu beharko zaie.

(1) Francoren garaian ere ez nuen eskumuturreko piperpoteduneko komisionista patriotarik ezagutu.

Argazkia: corruptela.com

otsaila 21, 2022

GELDI BEDI MUNDUA!


Zirkokoa litzateke guardiako epaitegikoa ez balitz. Masail hezurra kraskatu arte barre egingo genuke, gizartean eraikitako egitura demokratikoaren deskonposizio izugarrienaren aurrean ez bageunde. Espainiar eskuina eskaintzen ari den espektakulu harrigarriak ez luke round bat ere iraungo, etikaren postulatu oinarrizkoenetan mundu justu arautu, garbi eta gardena zer den erakutsi zitzaigun bizitzaren laukian. Baina badirudi hiritarrok iparra galdu dugula eta gure eskubideak eta ondare materialak zapaldu eta lapurtzen dizkiguten batera txalotu egiten diegula kriminalei, espektakulurako sarrera erosi ondoren, gainera. Ez da panem et circenses, larriagoa baizik.

Balio moralak azpiratzen direnean; Zesarren emazteari aplikatutako “zintzoa izateaz gain, itxura izan behar du” klasikoak ezertarako balio ez duenean; eskandaluaren ondorioz plaza publikotik 
inork alde egiten ez duenean; protagonistak - denak- komunikabideek hain bikain eskaintzen dizkieten fokuetan oinarrituta harropuztuta hazten direnean; ustelkeriaz zipriztindutako kargu publiko ohien ikasgai moralak entzun behar ditugunean...; badirudi mundua geldi dadila eskatu eta bertatik jaisteko ordua iritsi dela. Hala deritzait niri, behintzat.


iraila 14, 2020

AMA BIRJINA ENTZUNGOR?


Itxura guztien arabera, Ama Birjinak ez dizkio babak eltzetik ateratzen Gorkari. Eta horrek - Marianoren aginduetara, antza- bide ezkutuetara jo behar izan zuen, berezkoa duten giro kakaztu eta zikinetik. Gorra al da Oinazetako Ama Birjina ala Gorkak ez du harengan fede nahikorik jarri? 

Jorge Fernandez Diaz, Mariano Rajoy, Luis Barcenas, Avilako diputatu xehea eta euren sokako asko eta asko ustelkeriaren besoetara bota ziren egun batean eta kakak gainezkatu zituen. Gero kaosa izan zen euren artean eta izutu egin ziren. Bibliak, ordea, beste modura dio, lehen-lehenik kaosa izan zela eta Jainkoak ordena ipini zuela unibertsoan. Beraz, ez da harrigarria Oinazetakoak entzungorrarena egitea peperoen paper salagarri arriskutsuak aurki zitzan irisarazi zioten erreguari, nahiz eta Gorkak dominarekin engainatu nahi izan zuen. Ama Birjinaren begietara popularrak ez bide zebiltzan zuzen.

Eta Ama Birjinak konpondu nahi izan ez zuena, Villarejoren esku utzi zuten eskuineko ustelek. Ba hori, kaosa.

maiatza 16, 2016

USTELKERIAREN MALETATXOAK



Lerro hauek idazten ari naizenean -larunbat goizean-  ez dakigu  nork irabazi duen Espainiako futbol txapelketa. Gerta daiteke idazki hau astelehenean argitaratzean oraindik ere nik ez ezagutzea irabazlearen izena,  bost axola baitit datu horrek. 

Futbolaz idazten jarri banaiz, ligako amaiera - urtero ohi bezala- ustelkeriaz kutsatuta egotea salatu dutelako da. Ohiko maletatxoak bide ditugu ostera futbol zelaira atera direnak eta mirariak egin ei dituzte, talderen batek joko arruntarekin lortu ez duena borondate eta jarrerak erosteko lanabesarekin erdietsi baitute. 

Ustelkeria ez da gaur eguneko gizartearen esklusibotasuna. Gizakiak denboretako gau beltzean gauzen balioa asmatu zuenetik ustel izatezko "grazia" itsatsita dago pertsonaren larruan. Beharbada, hori bai, gizarte demokratikoetan ustelkeriako kasuak gehiago ezagutzen dira. Ustelkeria ez da mendebal, ekialde, hego edo ipar aldeko lurraldeetako fenomenoa. Ez dauka zerikusirik bazter eguzkitsu edo elurrez betetakoekin; ezta menditsu edo lautuak izatearekin. Ustel izatea pertsonari bakarrik egotz dakioke, bere esku baitago erosita izaterako zubia ahalbidetzea.

Baliteke gizarte demokratikoetan jasangaitzago egitea, ustelkeria salatu arren ustelek libre segitzen dutela ikustea, justiziaren makineria bera ere ustelkeriak jota balego bezala. Dena den,  etsigarriena  da, ustelkeriaz akusatutako hainbat politiko berriz ere hauteskundeetara aurkeztu ez ezik ... hautatuak gertatzen direla ikustea. Hori ematen den gizartean ez dago zer eginik eta  maletatxoak errealitatea izango dira futbolean... eta arlo guztietan.

 Argazkiak: El confidencial


maiatza 05, 2014

GERRA USTELKERIARI



Zuzenean entzun nuen duela egun batzuk Espainiako hego aldeko kafetegi batean. Adineko bi emakume ari ziren eguneko albisteak komentatzen eta arreta berezia eskaini zioten kasta  politikoaren ustezko ustelkeriaren gaiari. "Udaletxean karguren bat banu, nola ez nuke sartuko lan egitera nire senitartekoren bat langabezian balego?" bota zuen lasai asko haietako batek, bigarrenak "Noski!" borobil batekin erantzuten ziolarik, lagunaren baieztapena guztiz logikotzat hartuz. 

Eta  gure artean gertatzen ari denak irtenbide konplikatua duela pentsarazi zidan elkarrizketa hark. Erroetaraino daukagu sartuta ustelkeria, gizarte-eraikinaren oreka arriskutan dago eta giza norbanakoak gero eta sorgorragoak gara arazoaren aurrean. Pixkanaka zoru etikoaren mugak desagertzen ari zaizkigu.

Nola eman dakioke buelta korapilo nazkagarri kirastu horri? Nola sor liteke lege egitura berri bat ustelak eta ustel-eragileak delituaren araberako neurriekin zigortzeko? Ai ene! Hori ezinaren hurrena dugulakoan nago, gurpil eroaren dinamika zentripetoak harrapatuta baikaude. Indar ziklopeoa beharko dugu osoko usteltze prozesuari freno ipintzeko ... Baina lantegi erraldoia den arren ezinbesteko ariketa dugu berrarmatze etikoari ekin ahal izateko.




urtarrila 28, 2013

POLITICUS CORRUPTUS


Ze ondo PPk lortuko balu! Baina ezezkotan nago. Ez dut uste alderdiaren erraietatik ustelkeria erauzteko gai izango denik, kanpo auditoria enkarga lezakeen arren. Areago, gaixotasuna peperoen lerroetatik haratago doa. Arazoa ez dago izen abizenetan edo sigletan, ezta  kasu deigarrietan ere. Egitura da ustelkeriaz kutsatuta dagoena eta eraikina hondamendiaren hurrenean dago, erortzear.

Ongi pentsatuta, hobe genuke zeharo lurreratuko balitz, etxe politikoa zimendu berrietan jaso ahal izateko. Baina daukaguna apuntalatzera badoaz eta guk hiritar arruntok isilik eta aieneka antzuan irauten badugu... sitsak berea egiten eta gizentzen jarraituko du. Noiz arte egon gaitezke pairatzen herritarrok gure politiko ustelen espektakulu lotsagarria? Noraino haziko dira zerri higuingarrien atrebentziak? Nola ipin geniezaioke balazta hainbeste lapurketa instituzionalari?

Politicus corruptus deritzan aluminosis tipo berriaren birusak bete betean ukituta, ohiko eraikin politikoak ezin digu babes egokirik eskaini eta eraberritzea dagokigu, goitik behera. Partxeek ez dute balio. Eta bizkarra emango bagenie? Zer gertatuko litzateke hurrengo hauteskundeetan gizarte osoak uko egingo balio bozkatzeari?

Argazkia: Tere Anda

abendua 10, 2012

MEDIO BOTERETSUEN USTELKERIA




Ez dakit irakurleak ezer entzun ote duen Argentinako El Clarin egunkariaren gurutzada partikularraz, argentinarren Fernandez presidentearen erabaki baten aurka. Teorian, Ikus-entzunezko Komunikazioaren Zerbitzuak arautu nahian, gerra mediatiko batean sartu dira El Clarin eta gobernua, bi aldeek, noski, informazio aske eta gardenaren aldarrikapena haizatuz.


Monopolioaren hurreneko erasoari (Clarin) medioak kontrolatzeko estrategia (Fernandez Kirchner) kontrajarri zaio, gerran nork irabaziko ote ikusgai. Nahiz eta, itxura guztien arabera, Europa eta AEBetan bezala argentinar komunikabideetako espektroan ere kapitalismo eta neoliberalismoa dira borrokan ditugunak, gizarte gizaraxoaren kontra. Nahi den bezala jantziko dute auzia, baina funtsean hiritarraren kritika eta hautaketarako libertatea azpiratuko dute batak eta besteak.


Medioak, berez, ez lirateke herri demokrazietan  injustiziaren eta giza desberdintasunaren kontrako paladinak izan beharko. Baldin badira... demokrazia ez da herrikoia. Eta, nire hitzak negatibotasunez margo ditzakedan arren, iruditzen zait egun ez dela munduan lege-eraikuntza aproposik herri demokraziaren baloreak babesteko. Kontzentrazioak hankaz gora jarri du medioen sinesgarritasuna eta gobernuek iraupen desioan diseinatzen dute euren politika mediatikoa. Batera eta bestera merkatuko lege basatien lokarri gupidagabeak hedatu dira eta ondorioz urratu egin zaigu manipulatu gabeko informazioarekiko eskubidea.


Horregatik, herriaren aldeko komunikazioa hobetzea ez da helburu samurra. Oso larri gaude, erabaki sendo eta serioak egungo  enpresa eskematik kanpo hartu beharko bailirateke, eta hori ezinaren hurrena dugu. Herri partaidetza bermatzea ez da egun batetik bestera gauzatuko, boterea -hain justu- parte hartzea eragotziko dutenen esku dago-eta.


Medioen bilakaera aurrerakoia ez datza kazetarien esku. Baina profesionalak ezinbesteko kate begiak ditugu, inoiz kazetaritzaren duintasuna loratuko bada. El Clarin, Prisa, Vocento, Unidad Editorial, Murdoch, Slim...  neoliberalismo nazkagarriaren izen desberdineko arieteak ditugu. Medio ahaltsuak ustelkeriaren beste paradigma bat bilakatu dira. Eta gobernuak, haien transmisio-uhalak.

ekaina 14, 2011

NORA JOAN DIRA SUMINDUAK?


Suminduek denda bildu dute eta barreiatu egin dira, han eta hemen, sistemak utziko dien aukeraz ostera baliatzeko asmoarekin eta, agian, esperantzarekin.

Maiatzaren-15eko mugimenduak orain arte ezer erakutsi badu, statu quo-ari buelta emateko zailtasuna izan da. Sistemak aliatu batekin jokatzen baitu: denbora. Eta horixe da, alderantziz irudi lekigukeen arren, suminduei falta zaiena.


Grazia egiten zidan gaur Esperantza Agirrek agintaldi berriaren aurreko bere hitzaldian, hauteskunde-erreforma agintzen zuenean. Zerrenda irekiak aipatu zituen, bera nagusi egin duen alderdi-sistema opakoari amaiera eman nahi balio bezala. Grazia egiten zidan, amorruzko tanta batzuekin zipriztindua, noski. Espainiar testuinguru politikoan zirrikitu guztietatik darion ustelkeriak itsutu bide ditu hiritarrak, azken hauteskundetako emaitzei bagagozkie. Eta suminduek bizio larbatu horren salakuntza egin nahi izan badute ere, sistemak isilarazi ditu, eskaintzen dizkien aukera berdintsuetaz baliatuta.

Suminduek jakin badakite gurpila gero eta pisutsuagoa dela. Jakitun daude, espainiar gizartea mutur eskuindarraren esku geratuko dela hurrengo hauteskunde nagusietan, eta ideologia gisa sozialismoak adieraz zezakeenak azken hogeita hamar urteotan bere balioak galdu dituela. Ideologia neoliberalaren postulatuetara lerrotu da PSOE, atzera itzulirik gabeko jarrera ulergaitzean.

Espainiar gizarteak gerra berri baten garro itotzaileak pairatuko ditu berriro, oraingoan – hori espero dut, behintzat- tankeak kalera aterako ez badira ere. Beldurraren arma erabiliko du eskuinak, hiritarrak isilarazteko. Eta eszenategi berrian luze iraungo dute, eskuinak –beti- izuaren karta jokatzen baitu agintea eskuratzeko eta bertan egonkortzeko. Eta hor jarraitu dute gizentzen politiko eta funtzionario ustelek, mafiako ejerzitoak, eliza eta armadako txupopteroek,... gizarte-eraikina bera zeharo baliogabetua utzita.

Suminduek denda bildu dute eta auskalo nora joan diren. Batzuk haien itzulera itxoiten geratu dira; baina hori ez da irtenbidea. Gutariko bakoitzak eguneroko praxian sistema ustelgarriarekiko sumindura pittin bat jarriko bagenu, gizarteak itxaropenezko izpi batekin joka lezake oraindik. Osterantzean, gureak egin du.