Espainiar borboi aforatua izan bide zen lehena
eta orain politikastro askok bide bertsutik segitzen dute, hiritar arrunt
gizagaixoon harridurarako ahalmena alderantzizko proportzioan txikitzen
den batera.
"Sentitzen dut, ez da berriz
gertatuko" sinestezina bota zigun Urdangarinen aitaginarrebak eta lasai
asko erretiratu zen neguko kanpamenduetara, hurrengo aukeraren zain. Gero
ilaran jarri zaizkigu bata bestearen atzean hiritarron bozekin agintera igotako
lotsagabeen koadrila zabalekoak.
Horra hor, azkenak bakarrik aipatzearren,
Pujol molt honorablea, eta inork sinesten ez duen herentzia sonatua: barkamena
eskatu digu, burututakoa burutzeagatik. Baina lasai, dirua ez du
itzuliko. Edota Valladolideko alkate aho zabala eta epaitegiko bere ateraldiak:
barka dezagun erregutu du, ez zuen esan zuena esan nahi. Baina trankil egon,
ostera lotsaraziko baikaitu bere mingain bihurriak.
Nork bere erruak aitortzea ariketa osasuntsua
da, modu psikologikoan eta baita erlijiosoan ere. Gogoratzen dut aitorlekura
hurbiltzen nintzenean nire bihotz gaztetxoan damuaren kontzientzia osoarekin
botatzen nizkiola bekatuak apaizari, eta infernuko zama itogarritik zeharo
libre ateratzen nintzen elizatik. Aurrerantzean zintzoa izateko asmoarekin alde
egiten nuen tenplutik … (propósito de la enmienda)
Horregatik oraingo politiko maltzur horien aitorpen
publikoak entzuten ditugunean gure barkazioa suplikatuz, bateon batek kristau
argudioa erabiliz erredentzioa luzatu beharko geniekeela pentsa lezake... Baina
aitorpena duin eta sinesgarria izateko aitorlearen fede ona dugu ezinbestekoa.
Osterantzean ez du ezertarako balio, faltsukerian geratzen da keinua. Eta damua
ez zaie fariseo moderno handi horiei inondik
igartzen.
Horren harira, honatx burura datorkidan galdera sinplea:
etakide ohiei barkamena eskatzea exijitzeak konpontzen al du korapiloa? Horretan datza
irtenbidea?