Bertrand
Russell britaniarra (1872-1970) bakezale sonatua izan zen XX.eko zazpi
hamarkadatan zehar. Aurreneko mundu gerratearen aurkako kanpaina zabalak
eragin zituen konfrontazio armatua gerarazteko eta kartzela pairatu zuen, bere
ideia probokatzaileak zirela-eta. Harrez geroztik eta hil arte jo eta ke aritu
zen gizadiaren baitan bakearen hazia ereiten. Bistan da, utopiko gehienen
antzera, porrot egin zuela.
Egun
hauetan Russellen idazki bilduma bat irakurri dut eta The Saturday
Review aldizkarian 1954ko abuztuan "A
Prescription for the World" titulupean argitaratua izan da arreta gehien
irabazi didana. Ez dut uste bertan adierazitakoa gaur bere osotasunean berriro
idaztera ausartuko zenik, munduko zirkunstantziak aldatu egin baitira eta
gizakiok egundoko despisteren zurrunbiloan gaude sartuta. Aipatu artikuluan
Russellek munduko nazioarteko gobernu batean jartzen zuen gizadiaren
biziraupenerako irtenbidea. Garaiko armen karrera ero etengabean arrisku
erraldoia ikusten zuen eta lehergailu atomikoaren kontrako bere
jarrerak komunista eta kapitalisten mespretxua irabazarazi zion. Ezker eskuin
jipoitu zuten, bizitza osoan egin zioten moduan.
Russellek
nazioen elkartasunak sorraraz lezakeen gobernu bateratuan ikusten zuen
kalamitateen amaierarako abiapuntua. Niri datorkidan galdera da, inork
antzematen al du egun gobernu bakarreko aukera nazioarteko eszenatokian? Ez,
behintzat epe laburrean, eta - beldurrez diot- iruditzen zait etorkizunak marka
lezakeen epe luzean ere posibilitate hori zeharo lurrundua geratzen zaigula. UNOren
ekarpen antzu bezain etsigarriak ilundu egiten du bakerako edozeinen
esperantza.
Dena
den, russell-zalea naizenez gero ez nioke esperantzari atea erabat itxi
nahi. Nire nahia hori litekeen arren, munduko mapa politikoaren itxurari begira, ez
didazue, jaun andreok, ukatuko gauzak gero eta okerrago jartzen ari zaizkigula.
Gizadiaren garapen morala bakean bakarrik lora daitekeelakoan ados bagaude,
urrun samar gaude Russellen iragarpen haietatik. Baina horrek ez du esan nahi
itxaropena kareletik bota behar denik. Bizirik diraugun bitartean, behintzat.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina