BILATU

Zeledon etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Zeledon etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abuztua 05, 2024

JAIAREN ZURRUNBILOAN


Hamar bat urte edukiko nituen. Gasteizko aitona Jose Mariaren eskutik Plaza Berrira agertu nintzen, ziurrenik lehen aldiz nire bizitzan. Abuztuaren 4 zen, arratsaldeko 6etan, eta espektakulua hastear zen. Plaza jendez mukuraino beteta zegoen, edo hori iruditu zitzaidan niri giza-saldoaren zurrunbiloan erdi itota. Urte pare bat lehenago jaiotako ikuskizunaz ezer ez nekien, baina aitona ere ezjakin samarra zen jai zalapartatsu hartaz ... hori bai, zigarro puru txikitxoa iziotu behar zuela garbi zeukan arren. Eta amona Juanitak udako jakaren bularraldeko sakelean sartutako “vegueroa” harro zerakutsan aitonak bere ezpanetan. Urte hartatik beste dozenaren bat aldiz ospatu dut jai berdina, eta aitortu behar dut nik neuk ere habanoa erre izan dudalarik.

1957tik bizirik dirauen ohituraren eraikinari atzo adreilu berri bat jarri zitzaion. Zeledon jaitsi zen Gasteizera, gainera pertsonaiaren ziklo berri bati hasiera emanez, eta sentsazio gazi-gozoak piztu ziren nire baitan. Alde batetik, Andra Mari Zuriaren Plazako maremototik aldentzeko nire gorputzak emandako agindu garbia: Josemari ez zaude horren gisako giza-elkarreratzetarako! Eta egiaztapen goibeltsu horren ondoren dardara goxoa: hamarkadak igaro badira ere hiritargoa jaiarekin dago, dimentsio osoan. Eta nire haurtzarokoek ez bezala, oraingo gaztetxoek jaiaren lerro lodia antzeman dezakete. Zigarro puruen kea desagertu eta berarekin batera jaiaren muina ezabatu egin den arren.

Argazkia: El Correo. Alava

abuztua 03, 2015

ZELEDON, ETXE BERRIA EGIN DUK!



(aurten joan zaigun Jose Mari Sedano oroituz)

Irrati batean galdetu zidaten atzo Gasteizko jaien inguruan eta ezinbesteko itaunak Andra Mari Zuriaren ospakizunen bilakaeraz eraman gintuen. Hasteko, abiapuntutik bertatik aritu behar genuela erantzun nion esatariari, Andra Mari Zurian ez baitira beti Gasteizko jaiak izan. XIX.aren erdi aldean erabaki zen irailetik oraingo sasoira igarotzea, gasteiztar gizartearen bilakaerak berak aginduta.
 
Uneoro ari gara aldatzen bizidunok eta jaiekin gertatzen dena horren islapen zuzena dugu, ez baitago ortodoxia sozial edo erlijiosotik aurrerapenik burutzea, ezta alderdi ludikoetan ere.
Brusak izan dira Arabako hiriburuaren jaietako ardatz nagusia baina horiek ere aldaketa sakona izan dute 1925ean lehen aldiz taldetan egituratuta kaleratu zirenetik.  Zer esan

1959ko Gasteiz aldizkaria
zezenketa eta horien gisako espektakuluez. Alderdi horretan garbi asko igar daiteke giza sentsibilitatearen eboluzioa eta gasteiztar kaleak modu desberdinez bete dira duela zenbait urtetatik. Frogatu egin da konpartitu egin daitekeela alaitasuna, inoren sufrimendua eragin gabe.  

Eta 2015eko jaien atarian gaudela, aldakuntza eta bilakaeraren aurtengo mugarria Zeledonen jaitsieran emango dela esan behar da, ohiko kantu adierazgarriaren euskarazko bertsioa kantatuko baita. Euskaldunon eztarriak berotu egingo dira:
Zeledon, etxe berria egin duk!
Zeledon balkoian leiho on! 

Ondo pasau, gutxi gastau ... eta bueltak amari!

Argazkiak: vitoriaenunclic.com; JMVM





 

abuztua 04, 2014

ZELEDON ETA MUNILLA



Zeledonek etxe berri bat egin ei zuen, bere auzokoen sinpatia bereganatu zuen eta orain herri oso batek kantatzen dio, Mariano San Miguelek  asmatutako kalejiraren doinuaz lagunduta. Gaur arratsaldean milaka hiritar eta kanpotarrek saltoka hartuko dute panpina itxuran zerutik Gasteizera bide datorren alaitasuna (edo hori dio behintzat aspaldiko esloganak) Ez dut uste Munilla gotzaina Andra Mari Zuriaren plazara azalduko denik eta ez dakit inoiz bertan egon ote den ere. Gaurko istorio honi, dena den, bost axola dio zehazkizun horrek.

Munillaz gogoratu naiz, berari ere dagokiolako - egokitu beharko litzaioke, bederen- etxe berri bat eraikitzea, Zalduondoko baserritarrak jasotakoaren antzerako  leiho eta balkoiekin, bertara kristau guztiok ager gaitezen. Etxe berri hori kristau guztiona izan beharko litzateke, salbuespenik gabe, kristautasunaren sortzaileak aldarrikatu eta agindu zuen moduan. Baina badirudi donostiarra ez dabilela oso fin  bide horretatik,  komunio integratzailerako gogo handirik izango ez balu bezala. Horra hor, Gipuzkoako abade ugarik egin dioten protesta , eliz barrutiaren gobernurako daraman ildo ezegokiarengatik. Nota hartuko al du? 

 
Munillarekin segituz, San Ignazio eguneko bere homilia loretsuan erabakitzeko eskubiderako izan zituen hitzak  nire buruan bueltaka dabilzkit oraindik eta kristau izatezko nire apaltasunetik gogoratu nahi diot gotzainari, Jesusek ongi asko erabili zuela eskubide hori, erromatarren edo judutarren aginduetara beharrean bere bideari ekitea deliberatu zuenean. Uko egingo dio gipuzkoar elizaren lehen ordezkariak ikasgai horri?

Susmoa daukat, Zeledoni ez bezala, Munillari ez diola inork etxe berririk egiteagatik kalejirarik eskainiko.