BILATU

ekaina 26, 2023

PIPER ETA TIPULAK

Ezkerrekoa "Actto para la Noche Buena" (2006)
Eskuinekoa "Hemen ez du inork ordaintzen" (2023)

"Orgia" izeneko opera bat estreinatu da Bilboko Arriaga antzokian. Pier Paolo Pasoliniren ekarpenetan oinarritutako antzezpen operistikoa prestatu dute eta, edozein espektakulutan lez, publikoarengandik denetariko iritziak iritsi zaizkigu, musikaren konposagileak ausart samar jokatu baitu. Kalixto Bieito eszena-zuzendariaren egokitzapena ere ez ohikoa gertatu da.

Eta, hain zuzen ere, gai horrek eragin dit irribarrea, ez Bieitoren alde edo kontra ezer dudalako, baizik eta operarako koreografiari eta, itxuraz, dekoratu jasangarria osatu guran Arriagan aurreko ekoizpenetan erabilitako zenbait elementuren erabilerari ETBk eskainitako erreportaje batengatik. “Kontxo! -nioen nirekiko- geurekin ere ger lezakete beste erreportaje bat!” azken hogei urteetako Doke Antzerki Taldearen obretan modu batean ala bestean eszenategietara eraman ditugun atrezzoko pieza batzuk gogoratuz. Argazkiko piper eta tipulak, adibidez.

Bieitok jasangarritasuna aipatzen zuen elementuak erabiltzeko arrazoi nagusitzat; hala izango da, ez noa eztabaidatzera. Gure kasuan, jasan bai, baina ekonomikoki jasan behar izan dugunarengatik. Eta apur bat pentsatzera jarriz gero, jasangarritasuna gehiegikeriarik ezean oinarritzen dela ikusten da garbi, errekurtsoak buruarekin erabiltzean.

Argazkia: JMVM

ekaina 19, 2023

NEREA ETA MAIDER GUZTIEI


Bukatzear dago nire bizitzaren fase bat, azken zortzi urteetan poz eta tarte ahaztezin izugarriak eman dizkidana. Nire bilobak ikastolara laguntzeari utziko diot, ez dut berriro gure arteko elkarrizketa sotil eta zirraragarriez gozatuko, beren bizilekua eta haurtzaroko lehen zati goxoa gainditzen lagundu dien ikastola bereizten dituen bidea zeharkatzen ari ginen bitartean. Hemendik aurrera, txikienari “bide lagun” bat esleituko zaio, bere adinarekin eta pentsamoldearekin hobeto egokitzen den arduraduna.

Une triste eta saihestezin hauetan, gogoan ditut azken zortzi urteotan ezagutu ditudan andereño eta maisuak, gure etorkizuna diren haur horien prestakuntzan bokazio miresgarriz eragin duten irakasle gidariak. Aurkikuntza pozgarria izan da, eta egiaztatu didate zerbait on lortu dela gure hezkuntza-sisteman.

Mila esker Nerea, Maider, Marije, Miren, Marta... guztiei, egunero gure biloben lehen hezkuntzako osasunaren alde gogoz ahalegintzen ari zaretelako. Bihotzez.

ekaina 12, 2023

SEXUAREN INGURUAN


Albistea arraro eta logikaz kanpokotzat zerbitzatu zitzaigun, baina, egia esan, haren zabalkundea ikuspegi liberal zaharkitu batetik egin zen. Izan ere, zaharkitutzat hartu behar ei da askatasunaren oinarrizko printzipioak berrikusten eta hankaz gora jartzen ez dituena, oinezko sufrituon lepoa estutzeko, jakina.

AEBko Utah estatuko zenbait eskolatan Biblia debekatu dutela komunikatzen zigun albisteak eta ozeanoz hemengo aldeko batzuek barre egin dute. Pornografiatzat hartu ditu justiziak liburuko hainbat pasarte, eta “honaino heldu gara” esan bide du epaile zuhurrak. Amerikar horiek! komentatuko zuen gutariko batek baino gehiagok. Baina inkisizio modernoaren uhin buru kamustaile zabal baten atarian egon gintezke, Utahko seme/alabak ugaltzen ari baitira bazterretan.

Denboran bat eginik beste albiste bat ailegatu da: Suedian munduko txapelketa berri bati ireki dizkiote ateak. Hori ez zen albiste izango txapelketaren gaia zeharo bitxia izan ez balitz: sexu norgehiagoketa! Ez dut txapelketaren arautegia irakurri ahal izan, baina edozein modutan zaharregi harrapatu nau deialdiak.

Baina horrek ez nau kezkatzen eta jakin mina asetu nahian gau mahaiko liburuei Biblia gehituko diet, ingelesezko bertsioan, ia zer topatzen dudan. Utahko guztien gainetik.


ekaina 05, 2023

ORDAINTZEAREN BEHARRA


Kitatutako zorraren sentsazioak lasaitasunez betetzen du bere betebeharrarekin kunplitu duena. Beno, hori harreman sozialak orain arte gidatu dituzten gutxieneko bizikidetza zibilizatuaren koordenatuen barruan. Hartzekodunak konfiantza jartzen du bere zordunarengan, eta horrek bi alderdien arteko oreka berrezarri behar du, aurrez bien artean ezarritako baldintzetan. Horraino moralaren logika.

Eta aurreko hori guztia, esateko ez nagoela ados estreinatu berri dugun antzezlanaren izenburuarekin, Dario Fo Nobel saridunak idatzita, eta Doke antzerki taldearentzat euskarara itzultzeko ohorea egokitu zaidana.

Zordunekin bakarrik osatutako kolektibo bat irudikatzea ezinezkoa izateaz gain, niretzat argi dago oreka eta justizia soziala soilik lortuko dela baldin eta zorretan dagoenak konpromisoari izerdirik gabe erantzuteko baliabide nahikoak baditu edo sortzeko gai bada.

Nolanahi ere, injustiziaren kontrako salaketa irekia delako Dario Foren antzezlan ederrari barkatu egiten zaio tituluaren intentzioa, zordun-hartzekodunen arteko orekarik ezak hainbat eta hainbaten zoritxar latz sorrarazten duen egungo aroari aplika baitakioke.


Argazkia: JMVM