
Munilla gotzainak gipuzkoar elizaren “sinpatia” jasotzen segitzen du. Orain, Donostiako Apaizgaitegian zeuden hiru apaizgaiak Iruñekora aldatzea erabaki du, berari horrela otu zaiolako. Eta kito. Eta Iruñean Francisco Perez bertako artzapezpikuaren eskuetan utziko ditu hiru gazteak, ad maiorem Rouco gloriam. Zuetariko bateon batek ez badaki, diodan, Francisco Perez aintzatsua artzapezpiku militarra dela. De armas tomar.
Egia esan, gizarte dardararik sortzen ez duten albisteen artean sailkatu beharko genuke Munillak eragindakoa, gaurko eliza ez baita gizartetik hain urruti inoiz egon. Ez naiz erreferentziaz edo “diotenez” ari; egiaztapen propioa daukat presente lerro hauek idazten ari naizenean. Gizarteko kide arrunta naiz eta kristau elizarekin burutu dut nire komunioa hamarkadatan. Baina aitortu behar dut egungo elizak ez nauela betetzen. Areago, atzera eragiten nau. Duela berrogeita hamar urte Batikanoko Kontzilioaren atartean geunden, eta artean umea nintzen arren, eliza-planteamenduak askoz ausartagoak antzematen nituen –bederen niri bizitzea egokitu zitzaidan gizartean. Gizarte grisa, baina apaiz aurrerakoi eta herrikoiekin apainduta zen hura. Gaurkoaren guztiz kontrakoa.
Gotzainez ari naizela, ez dut aukera alperrik galdu nahi, 1987-1993 bitartean Espainiako Gotzainen Konferentziako lehendakaria izandako Angel Sukia aipatu gabe. Zaldibiarra kontuz ibiltzeko txoria izan zen. Espainiar elizarik karkarenarekin lerrotua, Angel Sukiak karrera egin zuen hierarkian goi-goi mailara heldu arte. Kardinala izendatu zuten 1985ean. Gerra zibila amaitu eta bere heriotza bitartean Sukiak ez zuen euskal eliza herrikoi eta askearen alde ezertxo ere egin.
Kontuz ibiltzeko txoria izan zela idatzi dut, baina ez dakit hobeto ez ote datorkion kamaleoi animaliarekiko konparazioa. Izan ere, Angel Sukia euskal poeta izan zen, hain justu, gerra aurretik. Zertxobait gehiago jakin nahi duenak, jo beza http://www.euskonews.com/0586zbk/gaia58602eu.html helbidera. Bertan idatzi berri dut Sukiari buruzko artikulu bat. Izango diren hiru idazkiren aurrena.
Euskal poeta izan zena Gasteizko Apaizgaitegiko errektore izendatu zuten 1954an eta hamaika urtez ihardun zuen betebehar horretan. Zaldibiako seme prestu eta euskal poeta ohiaren agintaldiko aurrenekoetako erabakia, besteak beste, Apaizgaitegian euskarazko klaseak debekatzea izan zen. Hain justu, Sukiak alde egin zuenean, Sabin Salaberri aramaixoarrak hartu zuen bere gain klase horien ardura.
Munilla eta Sukia, eskutik helduta doazen bi gotzain. Nire burua, behintzat, gaurko elizaren predikutik gero eta arrotzago sentitzera ahalbidetu duten zoritxarreko bi adibide.
Argazkiak:
Munilla: http://www.ciberdroide.com/wordpress/monsenor-munilla-defiende-el-diseno-inteligente/
Sukia: www.aciprensa.com