BILATU

errege etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
errege etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 13, 2024

HAN FEIZI

 


Aspaldi gizon bat izan zen jateko gauzei buruz filosofatzen zuena, hau da, ez zuela denbora alferrik galtzen kastitateaz, fedearen botereaz, gaitzerako jendearen berezko joeraz edo anakoreten bizitza eta bere bertuteez. Dagoeneko esan dut aspaldikoa zela eta gerta liteke berari buruz eta bere aldarrikapen filosofikoei buruz dakiguna pixka bat desitxuratuta egotea distantziaren ondorioz. Baina axola duena zera da: bere iragarki eta teoriak haizatzen hasi zenean bizitzaren ibilbidea alda zezakeela uste izatetik egin zuela... noski, norbaitek bere teoriak praktikan jartzen bazituen.

Han Feizi zuen izena eta K.A berrehun urte lehenago bizi izan zen, Txinan. Bere nagusientzat -dei ditzagun jabeak- gobernu autokratiko motari buruz teorizatu zuen, Konfuzioren teorien aurka joaz eta ereduarekin gobernatzeko ideia baztertuz... hain zuzen, esan zuen gure pertsonaiak, eredua eredugarria ez izatea gerta baitzitekeen, eta ez zen egoki belaunaldi berriei errotik oker dagoen bizitza politikoa irakastea.

Han Feiziren ustez, erakunde politikoek egoera historikoen arabera aldatu behar zuten, postulatu anakronikoetan ainguratuta dauden gobernu formei atxiki gabe. Agintariak ez luke, txinatarraren arabera, jendea on egiten saiatu behar –bere ustez ezinezkoa den helburua–, baizik eta gaizki egitea eragozten saiatu beharko litzateke. Eta helburua lortzeko, agintariak –enperadoreak bere kasuan– sinetsi beharko luke bere ministroek beti inperioaren onerako lan egingo zutela eta ez euren aldeko jukutrietan.

Han Feizik hasieran enperadorearen errespetua eta sinpatia irabazi zituen, baina aurki salatu egin zuten lehen agintaria inguratzen zuten gobernadoreek. Giltzapetu egin zuten... eta gure filosofoak zikuta hartu zuen, bere kontzientziari entzungorrarena egin izan balio itxaroten zion tortura baino erremedio gozoagoa, alegia. Enperadorea laudatzen jarraitu zuten inguruko pelotek -egun batzuetan ni naiz lehen ministroa eta  besteetan zu- baina ikusi zutenean buruzagi gorenak ez ziela balio, tronutik erauzi zuten...eta hemen bake eta gero aintza.

Han Feiziri buruz ez zen ezer jakin milaka urte geroago arte. Txinan enperadorearekin segitzen dute, mendebal janzkera daraman arren. Errusian ere gauza bera. Espainian erregea daukate.

Argazkia: Tere Anda

urtarrila 27, 2020

SISTEMA POLITIKOEN GAIN


Erregeek ez dute ezer ekarri ohi, ustelkeria ezik. Bestela, errepasa ezazu, irakurle estimatua, borboien zerrenda eta ikusiko duzu zein nolako ebazleak izan diren historikoki. Erregeek, berez, ez dute ezertarako balio. Jakina hezur haragizkoei nagokie, nahiz eta aspaldi galdu nuen magoekiko lilura, baina aitortu behar dut ekialdekoak izan direla interesatu zaizkidan bakarrak, behintzat zerbaiten esperoan jartzen baininduten. Baina behin ume inozotasuna galduta, ezta horiek ere ez.

Monarkak behaztopa bat dira, gizarte engranajerako eragozpena, eta historiako arasak bete-beteta daude baieztapen horren adibideekin; munduan izan diren errege-erreginak bezainbeste adibide, hain zuzen. Horrek ez du esan nahi beste sistema politikoek diferentzia handirik markatzen dutenik, behintzat hiritarraren garapen askeari dagokionez.

Nik uste dut, oro har, historian zeharreko uneko gobernu erregimenei begirada kritikoa botako bagenie menpekoen etsipen politikoa antzemango genukeela azalean, izan ere demokrazia baldin bada herria bere ibilbidearen jabe izatea... inoiz ez da horrela gertatu, sekula ez baita gizakia -gutxiago herria- bere lemaren erabile askea izan.

Aurreko lerroak gau txar baten ondorioak direla? Baliteke, baina begira ezazu, irakurle estimatua, zure ingurura eta esango didazu zer ikusten duzun!

Argazkia: Ekain

otsaila 10, 2014

LATROZINIOA ERREGE



Nola da posible erkidego oso bat bizi izatea aitorpenik gabeko ekonomiaren geruzapean? Nola arraio eraiki daiteke gizarte zerbitzu sarerik zergak ordaindu gabe? Non oinarritzen da lurralde horretako biztanleen biharko lan-sarien ardatza? Horiek nituen, iragan asteko arratsalde batean  lagun batzuek gonbidatuta, Valentziako txinatar merkatu erraldoia bisitatzera hurbildu ondoren bururatu zitzaizkidan galderak. 

Txundituta geratu nintzen bertako merkantzia trafikoarekin! Espainia guztiko bezeroen ilara luzeak ziren nonahi ikusten, furgoneta eta kamioiak kargatzeko iritsiak. Jakina, gehienek - denek ez idaztearren- BEZ ordaintzeari muzin egiten zioten. Hau da, existitzen ez den ekonomiaren pioiak genituen. Ekonomia beltzaren hedapena olio-tantaren antzera doa bere eragina zabaltzen eta ez da lur ertzean marea iruzurgilea geldiarazteko ahalmen ... eta gogorik antzematen.

BEZa aipatu dut baina PFEZ (IRPF) ere aipa nezake, segurantza soziala eta gizarte normalizatua osatu ahal izateko ezinbestekoak diren gainerako tributuekin batera. Latrozinioa nagusitzen ari  da gure ekonomian, eta ez bazaio behar bezalako neurririk ezartzen gureak egin du, lapurren erresuman  ez baitago itxaropenik lapurrentzat eurentzat ezik. 

Ezagutzen dut, oso ongi zihoan euskal enpresa baten kasua ... jabeak itxi behar izan duena. Ez al da kontraesana? Ongi joan eta itxi? Nola da posible? Arrazoi sinplea: enpresako bezeroak ez zeuden prest produktuak BEZaren "errekarguarekin" ordaintzeko! Eta enpresariak diru beltzean kobratzeari heldu dio. Beraz, enpresa desegin du eta ondorioz langileak segurantza sozialetik bajan eman ditu eta bere hornitzaileei mahai azpitik erosten die lehen gaia eta ... Labur bilduz: agur ekonomia arautua, agur langileen eskubideak eta agur lanaren balio sakratua. Horien ordez, oihan beltzeko lege gupidagabeak hartu du tokia, denon konplizitatearekin. Eta banaka batzuen onurarekin. Amildegirantz goaz.


Oharra: Urdangarin, bere emaztea eta besteen diruak lapurtzera ahalbidetu dieten guztiak, existitzen ez den ekonomiako adibiderik garbienak ditugu. Latrozinioaren errege-erreginak dira.