BILATU

urria 25, 2021

EZ DA INFERNUKO SUA

 

Sumendiaren irudiak ikusten ditut eta gero eta garbiago daukat infernua lur planetan dagoela. Zerua adierazteko begirada gora zuzentzen genuen bitartean, infernuaren kokapena lur azpiko misterioan jartzen genuen beti. Pedro Boteroren galdara esaten genion, erdi txantxetan. Egun hauetan gure zain galdara gori goria eduki genezakeela erakusten - transmititzen- ari zaigu La Palmatik, eta askorengan halako sentsazio artegatsua piztu da: hain gogorra izango al da infernua?

Izuak inguratutako anima horietara lasaitasun puska bat eraman nahian, gogoratuko diet elizaren pentsalari batzuek - Francisco goi agintaria barne- duela urte batzuk abisatu zutela infernua ez dela existitzen, ez dela toki fisiko bat, psikiko edo espiritual baizik. Niri behintzat baieztapen horrek sosegu apur bat dakarkit, zigor ikaragarria izango baitzen suaz gain, hemengo aldeko zure bizitza izorratzen eman duten horiekin eternitatearen iluntasunean egon behar izatea...

 La Palmako sumendia, beraz, ez da infernuko sua azalerazten ari, gure planeta txiki eta polit hau inoiz zeharo kiskalita utziko duen material goriaren lagin txiki bat baizik. Nik, bada ezpada ere, jainko guztiz ahaltsuarenganako komunioa elikatzen segituko dut, nire gogo boluntarioki isolatutik, hondamendi mundiala noiz gertatuko zain egon barik.

Argazkia: elperiodico.es

 

urria 18, 2021

HIL ZORIAN DAUDENEN PENA

 


Bada izen horrekin Internetetik dabilen ikerlan baten laburpena eta denetatik irakurtzen dudanez hori ere irentsi dut, ez - zorionez- nire buruaren azkena ikusten ari naizelako baizik eta zahartzarora jauzi egin genuenon kasuan atzera begiratzeak sorrarazten duen etsipenaz inoiz zertxobait idatzi dudalako.

Txostenaren laugarren atalak dionez, hiltzear daudenek haurtzaroko adiskideenganako zubi espirituala eraikitzen bide dute, eta pena ematen die haienganako lotura inoiz eten izanak. Oroitu dut nire azken aurreko liburuan sentsazio horretaz ari naizela, denoi gertatzen baitzaigu mingarria ukondoz ukondo bideari ekin genion txikitako lagun batzuen kontaktua bertan behera utzi genuela egiaztatzea. Ez naiz salbuespena izan, inondik ere, eta elkarrekin irekitako bide hartan lagun batzuen arrastoa galdu nuen, nahiz eta elkarrekiko geografikoki ez hain urruti bizi izan. 

Baina galdutako norbaitekin inoiz buruz-buru topo egin badut konturatu naiz denboraren joanak idealizatu egiten duela iragana, proportzio zuzenean, eta berraurkitutako lagun haren gainean zure baitan gordetzen zenuen oroitzapena ez datorrela bat errealitateak erakusten dizunarekin. Ez da beti jazotzen, zorionez, baina uste baino gehiagotan bai. Izan ere, nork bere nortasuna bideko zirkunstantzien arabera zizelkatzen du eta uneoro bihurgune desberdinei egin behar diegu aurre.

Besteekiko harremanetan bitarteak sortzea bizitzaren arau nagusietakotzat hartu behar da, hautaketa-prozesu etengabean egiten baitugu bidea. Ekidinezina da.

Argazkia: Ekain

urria 11, 2021

ADANEN SAIHETSA

Zaila dute erronka, oso zaila. Behintzat nire ikuspegitik ez dut sumatzen aurrera egin dutenik eta gizartearen abiadurari erreparatuz eliza atzerantz doala garbi dago. Plano horizontal batean aztertuta, bi indarrak kontrako norabidean joaz distantzia areagotu egiten da etengabe. Elizari gera lekiokeen itxaropena fenomenoa espazio lerromakur batera eramatea da, horrela bakarrik gerta bailiteke inoiz bi muturrek bat egitea. Baina hori jazo litekeeneko probabilitateen ehunekoa txikia da eta inork ez du bermatzen emaitza onik.

Emakumearen sorkundea Adanen saihets baten manipulazioari zor zaiola homilian entzun behar izateak - gaur entzun dudan moduan- tristuraz betetzen nau, goibeldu egiten nau. Eguneko elizaren ministroek mito hutsei legendaren geruza nahastaileaz ez eranztea iruzurra iruditzen zait, entzuleria ez baita duela ehun urteko ez ilustratua, are gutxiago kristautasunaren oinarriak prestatu zirenekoa. Iruzur borobila, bai, aurkezpen-baieztapen zoro horretatik ondoriozta daitezkeen gainerako azalpen ulertezinekin datozkigukeen nahasi arbuiagarriak kontuan izanda.

Elizak zaila du erronka, hiritarrok bere baitara erakarri nahi baditu. Baina elizari eskatu behar zaion ardurarik eza kezkagarria bada ere askoz ulergaitzagotzat jotzen dut eliztarren utzikeria, egote mutu antzua. Hori bai dela beldurgarria!

Argazkia: wikipedia 

 

urria 04, 2021

MUSIKA HEZIKETAREN ALDE


 Frantzisko Arrizabalaga organo joleak - Don Francisco- hamar urte nituela tiple izateko azterketan atzera bota ninduenetik ez dut musikaren ezkutu teorikoetan karrera egin. Apaiz hark balizko nire jarrera baikorrari ostikoa eman zion eta gaur ez naiz gauza musika nota bat ere irakurtzeko. Alde horretatik, etsipen txiki batekin garatu dut bizitza ibilbidea. Zoritxarrez, nire kasuan, musikarako zaletasuna heziketa musikalik gabe sortu zen. Eta orain ez dut denbora berreskuratzerik, inork inoiz ez dela berandu esan liezadakeen arren. Ez, eta kito,

Horregatik, poztu egiten naiz nire biloba batek, tronpeta joaz, Do goikoa zer den erakusten didanean. Eta animatu egiten dut txikitxoa, aitonak jorratu ez zuen bidetik segitzeko, uste baitut arteak - oro har- giza kontzientzia elikatzen duela, eta musika partikularki goi gogora igotzeko garraiagailu bikaina da. Seguru nago, gaztetxo nintzela musika ikasteari heldu izan banio - oinarrizko ezaupideekin nahikoa- zuku gehiago aterako niola musikak egunero dakarkidan plazerari.

Horrexegatik aldarrikatzen dut guztientzako musika heziketa. Behintzat, musikarekin munduko biztanleriak elkarri ulertu ahal izateko hizkuntza bateratua edukiko luke. Gutxi ez dena.

 Argazkia: Zuriñe