BILATU

otsaila 25, 2013

ELUR URTE EZKUR URTE



Gure arbasoen gizarte ia linealean bizi izan bagina aplikagarria izango zen adagioa, maila guztietan. Normalean bizimodua zerura begira ateratzera behartuta zeuden gure aurrekoek bazekiten elurrak -neurriz egindakoak, hori bai- onura ekarriko ziola beren ekonomia urriari. Gutxirekin konformatu beharra zeukaten eta egoki botatako elurrak ondu egiten zituen ortu, solo eta basoak. Eta kanpo aldea elur geruzak zurituta eta lanerako ez  gai zegoen bitartean, gure aitona-amonak su baxuaren arrimura biltzen ziren, inorako presarik gabe, zeruak ekarriko zien egun aproposaren zain.

Mendetako jakintzari arrazoi apur bat emanez,  aurten daramazkigun elurteek, ziur asko, eragina izango dute haritzen fruitu ekarpenean eta udazkenean ezkur ugari jaso ahal izango da. Ez dakidana da, egungo gure baserritarrek ezkurrak batzen ote dituzten, azienda ere murriztu baita haien etxeetan, neurri sinbolikoetaraino.  Baina horrek ez dio sinesgarritasunik kentzen esaera zaharrari.

Aplikagarritasuna da, ordea, egun esaerari falta zaiona. Ezen, eraiki dugun gizarte multilinealean elurrak on gutxi eta kalte ugari ekartzen dizkio gure bizimoduari. Baita, jakina, kalera begira bizi diren baserrietako lagunen kasuan ere. Konplexutasuna jakintza tradizionala zokoratzen ari da, egunetik egunera.

otsaila 18, 2013

ESPERANTZARAKO LEIHO IREKIA?



Apirilean gertatu zen, 2005ean.  Aldi-tarte luze bat neraman "deskonektatuta" mundutik, ez bainituen egunkaririk irakurtzen, irratirik entzuten eta telebistari ez nion begirada bat ere botatzen. Hilabete pare bat lehenago erabaki nuen nire buruari atsedena eskaintzea, nazkatuta bainengoen eguneroko albiste zaparrada irentsiezinarekin.

Eta albiste-barau hartan zeharo murgilduta nengoela gertatu zen Aita Santu berriaren hautaketa. Juan XXIII San Pedroren aulkira altxatu zutenetik -oraindik nire burmuinean entzuten ari naiz Arrasateko elizako kanpandorretik  irisarazi zizkiguten kanpai hotsak- gero izandako beste hiruren izendapenak ia-ia zuzenean bizi izan nituen komunikabideetatik baina laugarrenaren kasuan ez nuen berria zenbait egun igaro arte ezagutu, nire "ihesaldi mediatikotik" itzulita Joseph Ratzinger Benedicto XVI bilakatu zela jakin nuenean. 

Gaurko nire aitorpenarekin jarraituz, diodan oraingoa izan dela eliza katolikoaren buruan egon den bitartean Aita Santu bati kasurik gutxien egin diodana. Arrazoia, azken urteotan elizarenganako nigan bizi izan dudan erlaxatasun sakonean dago. Orain badoakigula iragarri du eta automatikoki galdera bat baino gehiago etorri zaizkit burura.

Bere deliberamenduarekin Jainkoaren ordezkaria baino lehenago gizona dela argi eta garbi adierazi digunez, Benedicto XVIren erabakia esperantzarako bide bat irekitzearren ote datorkigun da, labur bilduz, itaunen kezka. Vaticanoko buru berriaren bideak ekumenismoaren aldeko norabidea markatuko du? Pertsonen eta herrien duintasuna botere guztien aurrean fermuki aldarrikatu eta defendatzeko gai izango da? Ahaltsuekin lerrotu beharrean munduko pobreekiko komunioan egongo al da?  Hitz batean, zeruko aintza munduan ere ezartzeko adina ahalmen edukiko ote duen da galdegai nagusia. 

Beraz, 1958ean kanpai haiek iragarri ziguten Aita Santuak kristau guztiongan iziotu zituen ilusioa eta esperantza berpiztuko balira, Benedicto XVIren uko egitea txalogarri eta laudagarria litzateke. Etsipenean segituko bagenu, zertara etorri da agur esatea?



Argazkiak: www.biografiasyvida.com
 

otsaila 11, 2013

ETORKIZUNARI BETARTE BERRIA



Ehun eta berrogeita hamarreko marra gainditzearekin batera aurpegi aldaketa etorri da. Txoko honetara ehuneko bat eta erdi agerpen izan ondoren etorkizunaren irudi-adierazpenak beste dimentsio bat behar zuela iruditu zait. 

Duela bi urte pasatxo ekin nionean "iragana" izan nuen hizpide. Aurrera begirako iragana aldarrikatzen nuen eta zentzu horretan zuzendu nahi izan ditut nire ekarpentxoak. Iragana ez da ezer, etorkizunean proiektatzeko ez bada. Aspaldi zioten Rolling Stonesek bere Ruby Tuesday ospetsuan: atzokoak ez du balio, atzo soila bada. 

Eta gorago dimentsio hitza idatzi dut. Abiatu nintzenean ezin nuen espero txoko honek jaso dituen lagunen (1) erantzun, aholku, iradokizun, errieta eta txaloak hainbeste izango zirenik. Zinez eskertu dudana, sareak ezusteko ederrak eman baititzake, positibo edo negatiboak, eta horrek zorroztasun eta zintzotasunerako seinaleak beti erne edukitzera behartzen zaitu. Espero dut gaurtik aurrerako ibilaldian ere aukerak aurkeztuko zaizkigula, elkarkidetzan haz gaitezen.
Eskerrik asko, beraz, orain arte txoko honetara agertu zareten guztioi. Hor zaudetela jakiteak animatzen nau hitzorduarekin puntual izatera. Etorkizuna lantzen segituko dugu.


(1) Adibidez, sarrera-argazki berria Fernando Martinez de Ereditak utzi dit. Gaurtik aurrera horixe izango da denentzako ongietorriaren erakuslea.

otsaila 04, 2013

JOSEBA ARREGIREN "BE BASQUE"



Gehienetan bezala gustura irakurri nuen iragan larunbatean  Joseba Arregi jelkide ohiaren azken hausnarketa, Gipuzkoan gehien saltzen den egunkarian. Bizkaitik promozionatzen ari den turismo kanpainaren eslogana -Be basque- zuen aitzakia Arregik bere ikuspuntu partikularra eskaintzeko euskaldun (edo vasco) izateaz ulertu behar denaren gain.

 Adierazi nahi nioke Josebari niri ez didala loa galarazten bera, itxuraz, hainbeste kezkatzen duten galderetako bateriak. Euskaldunaren (edo vasco) zeinua identifika lezaketen karakteristikekin konbinazio kontaezinak egin genitzake eta denak balekoak lirateke. Ikuspuntu animiko, moral, politiko, sozial, deportibo, erlijioso, geografiko eta abarrekoak zaku batean sartuta, samur ikusiko genuke zenbat eta zenbat mugaketa buru daitezkeen euskaldun (edo vasco) izateak adieraz dezakeenarekin.

Ordua iritsi zaigu, Joseba, diferentzietatik -zilegiak!-  letagin bihurriak ezkutatu eta begiei tinko so eginez, formula baliagarrien bila elkarrekin ateratzeko. Nagusiak gara, ez al duzu uste?, eta zentzu positiboan inbertitu beharko genituzke gure indarrak, ezbai antzuetan ibili barik. Animo, bada! 


A! Eta zure artikuluaren aipamena "menel, tekel, fares que se le aparecia a Nabucodonosor" ez dago zuzen. Hitzak izan ziren Mane, Tecel, Fares eta pertsonaia ez zen Nabucodonosor izan,   Babiloniako Baltasar erregea baizik. Portzierto, hitz horien esanahiaz Daniel profetak Baltasar erregeari eman zion azalpenaren arabera, gaurkotasun handikoak lirateke hainbat esparrutan. Zure artikuluan ezinegona sorrarazten dizutenez gain, nik aipatuko nituzke, adibidez, legeak euren interesetara egokitzen dituztenena, eta baita Jainkoaren izena  aldarrikatzeari utzi gabe lagun hurkoa engainatzen (lapurtu, lapurreta ukatu, kartzelaratu, azpiratu...) dutenena ere. Hor ere badugu zerekin kezkatu, ezta Joseba?