BILATU

abendua 31, 2012

IPURDIA ERRETA

Amaitzen ari den urteari ipurdia erreko bagenio, arabar aintzinako ohitura bat betetzen arituko ginateke. Errepuierre deitzen zioten gure arbasoek ekintza horri eta urteko azken iluntzean hamabi hilabetetan zehar ganbara eta baserriko ikuiluetan pilatutako traste zaharrei su ematen zieten, garren izpiritualitate garbitzaileek urte berriari agurrik onena egin ziezaioten. 

Guk ere 2012ko hondarretan gure sutzar propio eta partikularra egin genezake, eta nork sutarako egokien derizkion gaiak bota litzake, bere ingurua lohikeriaz garbi eta alperreko oztopoz libre uzteko. Sekulako su beldurgarriak izango lirateke. Ezetz?
Urte zaila izan da, alde guztietako gatazka etengabeek jipoituta. Uhin hondatzaileak bata bestearen ondoan iritsi dira gure hondartzetara, zurrunbilo sakonak eraginez, marea gorriek ur ertzetik erauzi nahi izan gaituzten bitartean. Itotzear egon gara zenbait alditan eta sutzar hipotetikoan gustura erreko genituzkeen gaiak pilatu zaizkigu, eguneko argia ia-ia ezkutatzeraino.


Baina bizirik segitzen dugu, eta horixe da garrantzitsuena. Gezurra badirudi ere, oraindik kementsu agertzen gara, gizakiaren ahalmena neurtezina baita. Hamaika zoritxar etsigarri pairatu arren, gizon emakumeok gai gara berriro jaiki eta bideari berrekiteko, biharko itxaropenean baitugu gogoa jarrita, hobearen esperoan. 


Urte amaierako nire sutzar berezia zentzu negatiboko erregai guztiekin elikatu ondoren, ilusiozko zenbait tantarekin zipriztinduko ditut garrak, eguneroko argiak aurrerantzean ere adorearen hazia ernetzen lagunduko didalakoan. 

Urte berri osasuntsu!

Argazkia: www.euskonews.com

abendua 24, 2012

DIBERTSITATETIK ELKARTASUNERA (Aramaioko Gabon Kantaldia)


Gabon gaua dugu gaurkoa, zentzu desberdin ugariko gaua. Aberatsa, beraz, dibertsitatearen zentzuzko ariketan baitatza elkar ulertzearen gakoa.  Aberastasun etikoak, ordea, konpromezu aktiboa exigitzen du. Eta...

Giza-aberastasunaren barrena izpirituaren askatasuneraino daraman ibilbide sendoko gabon gau magikoa izan beharko genuke gaurkoa, dibertsitateari eskua modu positiboz luzatuko bagenio, elkartasunerantz. Baina...

Atzo arratsaldeko iluntzean gabon kantaldi batean hartu nuen parte, nire jaioterrian. Aramaio, Arrasate, Legutio eta Otxandioko hamar bat taldek euren abestiak eskaini zizkioten elkarri, eliza nagusia lepo bete zelarik. Ume, gazte eta gizon-emakume helduok guztiak eta bi eman genituen enbor bakar bateko kimuak garela, urtean behin bederen gogorarazten digun anaiarteko manifestaldi xume batean. Dibertsoak, sentimendu eta aburu diferentekoak... baina enborkideak ginen. Horregatik aberastu ginen gure ariketa ludiko amankomunaren bitartez.

Gaurko Gabon gau magiko honetan milioika izar desberdinen keinu dirdiratsuak gogoraraziko digu dibertsitatea ederra dela... eta aberatsa. Elkartasunera eraman gaitzakeena.

Argazkia: Tere Anda

abendua 17, 2012

IRABAZLEA NAIZ!


ESTEko XII Promozioko ikaskideei eskainia

Oraindik ere arraro samarra egiten zait, eguneko tarterik luzeenak zuzeneko produktibitaterik gabeko ekintzei eskaintzea. Produktibitatea, neurri ekonomikotan ulertuta, jakina.

Duela berrogei urte unibertsitatea utzi genuen  lagunon arteko bilera antolatzea izan da, azken hilabeteotan denbora dezente eraman didan betebeharretako bat. Hori gozada! Baina aitortu behar dut, ia-ia lau hamarkadaren luzerako bizitza profesionalean eraman behar izan dudan zorroztasunari iseka nenbilkiola iruditzen zitzaidala batzuetan, goizeko edo arratsaldeko edozein ordutan gure ospakizun-eguneko bazkariaren menuari edota urlia ekitaldira gonbidatzeko ardurari eskaintzen bainien arreta. Eta norabide guztietara begiratzen nuen, zelatan egon zitekeen norbaitek jokoz kanpo harrapatuko ote ninduen beldur. Noraezeko unetxo baten ostean, ordea, klase pasiboetako kide zoriontsua naizela gogoratzeak lasaitasuna ahalbideratzen zidan, eta sentsazio erakargarria berreskuratuta, ospakizuneko argazkirako luzituko genituen aurreko mantalen kolorea aukeratzeari eskaintzen nion beste tartetxo bat, gustura.

Adin marratik aurrera egitean bizimodua zeharo aldatu zaigula egiaztatzeak sentsazio kontrajarriak ekartzen dizkigu. Alde batetik, itzuliko ez zaigun mundu baten oroitzapen ozpina. Bestetik, askatasunetik hauta daitekeen eginkizunaren erakartasun goxoa. Eta nire kasuan, bederen, balantzak beti jotzen du ezezagunaren alde, bilakuntza jarraikiak amaierarik ez duela jakitun. Irabazle ateratzen naiz, beraz.

abendua 10, 2012

MEDIO BOTERETSUEN USTELKERIA




Ez dakit irakurleak ezer entzun ote duen Argentinako El Clarin egunkariaren gurutzada partikularraz, argentinarren Fernandez presidentearen erabaki baten aurka. Teorian, Ikus-entzunezko Komunikazioaren Zerbitzuak arautu nahian, gerra mediatiko batean sartu dira El Clarin eta gobernua, bi aldeek, noski, informazio aske eta gardenaren aldarrikapena haizatuz.


Monopolioaren hurreneko erasoari (Clarin) medioak kontrolatzeko estrategia (Fernandez Kirchner) kontrajarri zaio, gerran nork irabaziko ote ikusgai. Nahiz eta, itxura guztien arabera, Europa eta AEBetan bezala argentinar komunikabideetako espektroan ere kapitalismo eta neoliberalismoa dira borrokan ditugunak, gizarte gizaraxoaren kontra. Nahi den bezala jantziko dute auzia, baina funtsean hiritarraren kritika eta hautaketarako libertatea azpiratuko dute batak eta besteak.


Medioak, berez, ez lirateke herri demokrazietan  injustiziaren eta giza desberdintasunaren kontrako paladinak izan beharko. Baldin badira... demokrazia ez da herrikoia. Eta, nire hitzak negatibotasunez margo ditzakedan arren, iruditzen zait egun ez dela munduan lege-eraikuntza aproposik herri demokraziaren baloreak babesteko. Kontzentrazioak hankaz gora jarri du medioen sinesgarritasuna eta gobernuek iraupen desioan diseinatzen dute euren politika mediatikoa. Batera eta bestera merkatuko lege basatien lokarri gupidagabeak hedatu dira eta ondorioz urratu egin zaigu manipulatu gabeko informazioarekiko eskubidea.


Horregatik, herriaren aldeko komunikazioa hobetzea ez da helburu samurra. Oso larri gaude, erabaki sendo eta serioak egungo  enpresa eskematik kanpo hartu beharko bailirateke, eta hori ezinaren hurrena dugu. Herri partaidetza bermatzea ez da egun batetik bestera gauzatuko, boterea -hain justu- parte hartzea eragotziko dutenen esku dago-eta.


Medioen bilakaera aurrerakoia ez datza kazetarien esku. Baina profesionalak ezinbesteko kate begiak ditugu, inoiz kazetaritzaren duintasuna loratuko bada. El Clarin, Prisa, Vocento, Unidad Editorial, Murdoch, Slim...  neoliberalismo nazkagarriaren izen desberdineko arieteak ditugu. Medio ahaltsuak ustelkeriaren beste paradigma bat bilakatu dira. Eta gobernuak, haien transmisio-uhalak.

abendua 03, 2012

MENDEURREN BATEN INGURUAN


Ehun urte eman dira, aramaioar ausart batzuek -sentimenduek eta ez interes materialek eraginda- herriko Batzokia abian jarri zutenetik. Mende oso baten ibilbide malkartsuan -berrogei urtetako tunel ilun eta beldurgarria barne- denetariko istorioak bizi izan ditu aramaioar jeltzaleen kolektiboak, Euskal Herriko beste guztien antzera.


Karlismo atzerakoi eta interesatuaren itzalean herri bezala ezin suspertuz, gogor astindu behar izan zituzten aitzindari haiek beren herritarren kontzientziak, euskal sentimenduaz jabe zitezen. Helbururako ahalegina ez zitzaien samurra gertatu, eta bi hamarkadatako lan eskergaren saria indar faxistek errotik erauzi zuten gerrarekin.


Euskal gogoaren eraikuntzarekin konprometituriko aramaioar haien ereintzak fruitu ederra sortu zuen aurki eta bigarren belaunaldi loratuaren abiapuntuan -1930 inguruan- oso herritar jelkide esanguratsuak ditugu, gizonezko eta emakumeak, azken horiek aurrekoen artean ez bezala. Egungo askoren ama eta aitak ziren; aitzindari haiek aitajaunak dituzten bezala.  Eta katea ez da eten.


Euskal mapa politikoa aldatu egin zen, guztiz, tunel  ikaragarri  hartatik irteteaz batera. Desagertu zen karlismo antzugarria eta herri kontzientziak hartu zuen toki Euskal Herriko espektroan. Baina ez zegoen deskantsatzerik, egun ere ez dagoen bezala. Tentuz eta zuhurtziaz dagokigu lan egitea, amore eman gabe, bakoitzari hoberen datorkion sailean. Oraindik bidea sastrakaz eta oztopoz zaildua agertzen da. Horregatik helburua egintzat ematea, duela mende bateko abertzale haiei iseka egitearen hurrena izango litzateke.