Umearen logika aplikatzen ari da gaurko eszenategi politikoan. Gogoratzen
al duzu, irakurle estimagarria, txikiak gineneko gure adinekoekin haserretu eta
borrokan hastear erabiltzen genuen zemaia? “Eta esaten badiot nire anaiari
(lehengusu, aita, kaleko indartsuak, jainkoa...)?" Lehiakideen arteko
nagusitasuna bakoitzak bere aldera “eraman” zitzakeen laguntzaileen indarrez
erabakitzen zen... Egia esan, anaia ez zen inoiz azaltzen, ezta lehengusu,
aita, kaleko indartsuak edota jainkoa bera ere. Beraz, ez zen ezer erabakitzen
norgehiagoketa dialektiko hartan.
Egungo eztabaida politikoak antzeko bidetik garamatza: adimenaren logikari
bizkar emanda, zurrunkeria itsuaren aldeko apustuan oinarritzen da erabakia.
Gatazka jarraikia elikatzen da, muturretatik disparatzen ari, eta
emozioaren presioa da arma hilgarria. Batzuetan eskuineko muturrekoek irabazten
dute bataila; besteetan ezkerrekoek. Baina gerrak horretan irauten du, gerra
izaten, inork ez baitu auziaren erroak non dauden ikertu nahi.
Politikoak tele-set batean ari dira, reality show etengabean, eta
haurtzaroko ume haiek bezala, bakoitzaren anaia, lehengusu, kaleko indartsu eta
jainkoari egiten diete dei, beste muturrekoa zapaldu eta txikitzeko helburuarekin.
Bada diferentzia bat, dena den, haur haien eta oraingo politikoen borroketan:
hartan inor ez zen kaltetuta gertatzen. Egungoan, aldiz, hiritar zibilok gara
galtzen dugunok... hiritarron botoari esker. Guk elikatzen ditugu.
Argazkia: JMVM