BILATU

azaroa 26, 2018

KONPROMISOA BERRETSIZ


Asteburu historikoa izan dugu Eusko Ikaskuntzaren lehen mendeurrena ospatuz, izan zirela, garela eta izango direla adierazi diguna. Oñati izan da bilgunea, duela ehun urte bezala, Euskal Herriaren bilakaera sozial eta kulturalaren aldeko apustuan tinko segitzeko prest gaudela aldarrikatzeko. Aitzindari ausart eta eskuzabal haiekiko miresmena berresten zen batera, 1918ko Eusko Ikaskuntzaren mezua mahai gaineratu genuen, arnas berria emanez: Euskal Herria maite dugulako bera da gure ahaleginaren xedea. 

Une hunkigarriak bizi izan genituen larunbatean eta ziur nago Oñatira heldutako guztion borondatea dela Euskal Herriaren geroari begira hartutako konpromisoa aurrera eramatea. Berriz ere erakutsi du Eusko Ikaskuntzak bilgune aproposa dugula herritarron itxaropena bizirik iraunarazteko. Oñatin asteburuan estreinatu dugun “Hamaika amaren seme (alaba)” antzezlaneko protagonistari jarraiki, etorkizuna ez da sekula ailegatzen, baina horrexegatik hain zuzen, biziaren aldeko saiakeran behin eta berriz intziditu behar dugu. Hori bai, elkar-ekin.

Nik, lerro xume hauen bitartez, Eusko Ikaskuntzaren (Euskal Herriaren) aldeko erronkan segitzeko hitza ematen dut.

Argazkia: Eusko Ikaskuntza

azaroa 19, 2018

ZERTARAKO BALIO DU EGARRIAK?


Uste dut Kafka izan zela ondoko gogoeta hau egin zuena: badakigu edontziek edateko balio dutela, baina ez dakiguna da zertarako balio duen egarriak.

Pentsamendu kafkiano hori etorri zait burura, zenbat egarri desberdinetako protagonista pasiboak izan gaitezkeen pentsatzean. Begiratu, bestela, ingurura eta - honaino iritsi zaren irakurle estimatua- esadazu  zer ikusten den. Ez al duzu egarri-izurrite itzela antzematen? Eszeptizismoak gorantz egiten duen bitartean gogo asebetzeari ekiteko gizadiaren ezgaitasuna gero eta nabarmenagoa geratzen ari delakoan nago.

Bizitzak berak erakutsi beharko liguke egarriari aurre egiten, baina badirudi beldur diogula irtenbidearen bila ateratzeari, egarriak zertarako balio duen galdetzeari. Eta horren ondorioz, giza izpirituaren brujula-orratzak ez du iparra markatzen, bueltaka eta bueltaka dabilela. Ibiltzeak, mendira igotzeak, lagun hurkoarekin eztabaidatzeak egarria dakarte, baina ibiltzeak berak, igotzeak berak eta eztabaidak berak eskaintzen digute egarria amatatzeko irteera. Dogmatismo akabatzaileak, ordea, gizartearen utzikeriak lagun, modu desberdinetako egarri zenbatu ezinak eragiten ditu eta, gainera, asebetasunerako atea ixten du.

Argazkia: JMVM

azaroa 12, 2018

UMEAK JOLASEAN


Gizartearen abiadura ia-ia esponentzialak bertigoaren hurrena sortzen duenean atzera jotzen dugu oroimenean garai lasaiagoen bila. Zenbat eta adintsuagoak garen, iraganeko erreferenteetarako distantzia kualitatiboa handiagoa egiten da, noski, bizi arteko amaierarik gabeko lasterketan. Eta ume gineneko denborak egiten zaizkigu presente, kalerik kaleko ibiltze patxadatsuak jolasetako aukera zabala ematen zuenekoa.

Denborak aldatuz doaz erroetaraino, eta denboraren joanak perspektiba okerraraz dezakeen arren, umeei jolaserako eskubidea osten ari zaielakoan nago. Badirudi erabilgarritasuna dela lehentasuna, prioritatea, eta jolasetarako umearen berezko askatasuna kateatzeko arriskutan dago. Norbaitek esan dezake inoiz baino parke gehiago direla gure herrietan. Hori egia da, baina ene ustez hori ez da nahikoa. Umeek espazio aproposak eduki beharko lituzkete euren ekimenak garatzeko, gurasoen zaintza zuzenik gabe. Umeen arteko jolaskidetza askeak bihar etziko gizaki erantzuleagoak ekarriko lituzkeelakoan nago. 

Baina hori ustea, besterik ez da. Gainera nork ziurtatzen dit niri, kalean libre jolastu zen umea izan nintzelako arduratsuagoa naizela jertsei enkortsetatuan jolastu zena baino?

azaroa 05, 2018

FAXISTAK LIBRE


Time it was 
And what a time it was, It was
A time of innocence 
A time of confidences 


Long ago it must be 
I have a photograph 
Preserve your memories 
They're all that's left you. 


Ipini nuen irratia eta uhinek Simon & Garfunkelen Bookends diskoaren, ene ustez, abestirik zoragarriena ekarri zidaten. Bi minututako jauzi zirraragarria ahalbidetu zidan kantak eta mende erdi oso bat atzera egin nuen irudimenean. Munduko historian urte adierazgarria izan zen 1968. Gure artean ere, mugarri erabakigarriak agertu zitzaizkigun: ETAren lehen atentatu odoltsua, Etxebarrietaren hilketa, kale elkarreratze gero eta indartsuagoak, frankismoaren bortizkeria areagotua,... eta elementu armatu deskontrolatuen paseo triunfala. 

Mende erdiaren buruan, elementu (armatu?) deskontrolatuen presentzia apuntatu behar dugu hemeroteka partikularrean, gure herriaren gurutze-bidea inoiz amaituko ote ozen oihukatzen dugun bitartean. Euskal Herriko bihotzean atzo egindako bilkura faxistak ez du esperantzarako leihorik irekitzen. Duela berrogeita hamar urteko gure garai inozo hartan begiak etorkizunean genituen jarrita. Orain badakigu geroa ez zaigula inoiz heltzen. Eta argazkietara jo behar dugu garai hura izan zela gogoratzeko. Beste mende erdi baten ostean atzera so egitean euskaldunek Altsasu ikusiko dute argazkian, oinazez.

Argazkia: KL