BILATU

emozioak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
emozioak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urtarrila 19, 2026

MUSIKA EMOZIOA DA

 Nire anaia Yoni, bihotzetik eskainia


Izaki bizidun guztiengan emozioak esnatzeko bide aproposa da musika. Jakina da gaitasun kognitiboa murriztua duten pertsonek ere musika-nota sekuentzia bati erantzuten diotela, eta horrek iraganeko eszenetara eramaten dituela. Inork ez daki zehazki zer emozio maila bizi duten, baina badago zerbait haien mugimenduetan melodia edo abesti ezagun baterako berehalako erreakzioa islatzen diena.

Biziki inguratzen gaituen errealitatea da musika, askotan ohartu gabe, eta gure portaeran eragina du. Horregatik, melodia edo abesti ezagun batek emozio txikien kate bat sortzen du, eta horrek —une bakoitzean pertsonaren egoeraren arabera— intentsitate desberdineko sentimendu bat pizten digu, positiboa ala negatiboa. Edozelan ere, beti bizia.

Baina musikak ez du eragin positiboa oroimenean bakarrik eta entzuleen ongizate emozionala ere nabarmen hobetzen du. Horregatik ohitu beharko ginateke gure bizitzan musika gehiago txertatzera. Ez dakit bizitza luzeagoa egingo digun, baina bai eramangarriagoa.

Ziur nago, gaur danborradak entzule guztiongan emozioak sorraraziko dituela, norbaiten gaitasun kognitiboa zeroren hurrengoan bada ere.


iraila 15, 2014

EMOZIOAK



Emozioz beteriko asteburua izan dut. Polita. Bizitza bizitzeak merezi duela garbi erakusten duten mugarritxoak izan ditut iragan ostiral eta igande bitartean. Gizon-emakumeon ukiezinezko balioen balantzeetan sustrai bereziz kokatzen dira emozioek sortutakoak eta asteburu luzexka honetan egundoko irabaziak lortu ditut, jadanik nire balantze propioan ageri direnak. 

Bere apaltasunean zirrara berezia markatu zidan atzo goizean Ibabeko Kofradiaren jaiak Aramaion. Duela lau ehun bat urtez geroztik egiten den bezala, Ibabeko kofredook eskaintza xarmanta egin genion Ibabeko Andra Mariri, batzuek fedetik gainerakoek usadio arrazionaletik. Zahar eta gazte, emakume eta gizonezkoak berriz bildu ginen ermitako zelaira, auskalo zer den horrek erakarrita.

Larunbatean Edurne nire biloba alacantarrarekin  paseatu ahal izan nuen aurreneko aldiz herriko kaleetatik barrena, bisitan etorri baita. Ziur nago bere bost hilabeteetako inozotasunean ez zuela ibilalditxo horrek nigan pizturiko sentimendua igarri, baina nik gogoan edukiko dut beti. 

 
Punturik zirraratsuena, ordea, ostiral arratsaldean eman zen, arrasatear berri baten jaiotzarekin. Hilabetetako presioak eztanda egin ondoren emozioak gogoa urtarazi zigun eta urduritasuna poztasun irekia bilakatu zitzaigun mutikotxoaren iristearekin batera. Ez dakit ostiralean jupiter eta marte lerrotuta zeuden ala ez lur planetarekin. Zalantzarik gabe, ordea, ortziaren keinu irribarretsua lurralde ospitaleraino heldu zen eta atean jo zuen: Urtzi nauzue. Nire biloba zen, bigarrena zerrendan, eta jadanik adiskide handia dudana.