BILATU

otsaila 29, 2016

BISURTE TAMALGARRIA

Bis sextus dies ante calendas martii - errepikatu seigarren eguna martxoaren lehen egunaren aurretik. Eta Kristo aurreko 46. urtetik berrematen ari da operazioa, eguzkiaren inguruko lur planetaren ibilbide ez sinkronikoa orekatzeko.

Badira bisurteei begira adur txarreko urteak direla dioten eta sinesten dutenak. Ni ez naiz horretaraino heltzen eta estatistiken ondorio hutsari egozten diot, Titanic itsasontzia 1912an hondoratzea, 1936an Espainiako faxistak altxatzea, Robert Kennedy eta Luther King 1968an eta John Lennon 1970esn  erailak izatea... Eta abar, eta abar.

Otsailaren 29an gaude eta  bi milurte luzeko ohiturari jarraiki gaur ematen zaio eitea bisurteari.  Egia esaten badizuet ez nago oso eroso aurtengo egun osagarriarekin, hogeita lau ordu  gehiago baitauzkate politiko twiterzaleek euren matrakarekin gu bonbardeatzeko. Eta nahiko sufrimendua izan dugu iazko abenduaren 20tik (egia esan, lehenagotik ere) egutegi aleatorioa egun bat gehiago eskaintzen ibiltzeko. Halaber, Arnaldo Otegi agian kalean egongo zen gaur, bisurtekoan ez bageunde. Zorte txarra, beraz, 2016koa. Superstiziosoa?


Argazkia: Wikipedia

otsaila 22, 2016

HILDAKOA HONDARTZAN


"Paradisuko atean" nire antzezlanean zenduaren errautsak gordetzen zituen ontzia tanatorioko gelan bertan erori eta haize bolada arraro batek barreiatu zituen Miren Karmele Zuazubizkarren partikulak oro, auskalo zein tokietaraino, senitartekoen dolua areagotuz. 

Iragan astean  Punta Umbriako hondartza luzean nenbilen eguna urratu aurretik, ohi dudan moduan. Iluntasuna, bakardadea eta itsas-marruma nituen lagun. Nire begiak uhinek ekarritako bulto batean pausatu ziren. Eskuetan hartu eta kremaileraz itxitako poltsa bat zela ohartu nintzen eta jakin minak eraginda ireki egin nuen. Ontzi susmagarri bat zegoen barruan.  Telefonoaren argiak lagunduta poltsan irakurri nuen: Servicios Funerarios San José. Tanatorios de Huelva S.A. Ontzia eskuetatik jausi zitzaidan.
 
Lurrekoa dena lurrera itzultzen dela oroitu nuen, itsasoak ez baitu berea ez den ezer nahi. Baina aldi berean pentsatu nuen ontzi hartako edukia zegokion hildakoaren senide gupida gabeak ezingo direla lasai bizi errauts anonimo haiei behar bezalako atsedena ematen ez dieten bitartean. Eta ontzirako erakutsi duten begirunea ikusita, luzerako daukatela iruditzen zait.

otsaila 15, 2016

TITERE USTELDUAK


"Txerpolariak" idatziko zuen Augustin Anabitarte euskal idazle donostiarrak. "Compañía gimnástica, acrobática y mímica de don Rafael Díaz de Lisboa"ko artistak genituen Augustinen fikziozko protagonistak, herriz herri ari zirenak, euren arte xumea gogo-askatasunetik eskainiz. Gazte nintzela ezagutu nuen  Anabitarte eta gizon librea genuela adierazi behar dut, gure haize-ontzi txikietan nabigatzen ari ginen bitartean hark irakasten zizkigun itsaso-teknikek ahalbidetutako askatasun hitzaren adierazpen osoan. 

Anabitarteren txerpolariak eta "La Bruja y Don Cristóbal. A cada cerdo le llega su San Martín"eko titiriteroak antzerakoak ditugu, batzuk eta besteak adierazpen libreko aldarrikapenean ari baitira, gogo eta gorputz-lotura guztien kontra. Nola arraio pentsa dezake inork  izpirituari ateak jar dakizkiola? Buru motz batek edo sistema politiko sozial kirastu batek bakarrik har dezake gogorako atea fabrikatzeko erabakia. Eta buru gaixoek ordena naturala gainazpikatu egiten dute. 

Titere-estadium erraldoia bihurtu da politikako mundua eta panpina ustelduak botere guztiz ahaltsuaren eskuek mugitzen dituzte. Haize fresko libre garbitzailearekin datozkigun txerpolariak, aldiz, arriskugarritzat hartzen dituzte ezker-eskuineko buru oker sabel eskertuek. Eta auzipetu egiten dituzte, terroristak direlakoan.  Baina ez, izuaren politika darabiltenak ditugu, bakar-bakarrik, terroristak.

Argazkia: www.gamba.cl. 

otsaila 08, 2016

KONJURUEN ARRISKUA



Katalunia aldean ehun bat egun daramatzate lehortearekin. Ez naiz lehorte politikoaz ari -horretan luzeagoa egiten ari zaie itxoitea- eguraldiari dagokion sikuteaz baizik. Ondorioz, euri eta elurrik ezean Bartzelonako artzapezpikuak bere fidelei otoitz egitea eskatu die. Areago, errogatibak antolatzera gonbidatu ditu, 1913tik hango bazterretan izan duten aldirik idorrenari etena eman ahal izateko. Eta nik galdetzen dut: otoitz egin arren ez badu euririk egiten? Ez al da gehiegi arriskatzea alperreko ahaleginetan? 

Seguru nago Juan Jose Omella artzapezpikuak ez duela irakurri Juan Garmendia Larrañagaren "Beti ortodoxoak ez diren konjuruak" liburua. Osterantzean zuhurrago jokatuko zuen, Aguraingo apaiz batek egin zuen moduan. Begira: Juanek kontatzen du Aguraingo apaizarengana joan zirela herritarrak konjurua egin zezan, behar zuten euria erakartzeko. Apaizak lehenik ezetz esan zuen, baina haien insistentziaz jabetuta hauxe bota zien: horrela nahi baduzue errogatiba egingo dut, baina abisatu behar dizuet zeruak ez duela euri itxurarik

Jokaera harekin aguraindarrak bere bizkarra babestu zuen eta, inportanteena, aldez aurreko oharrarekin ez zuen herritarren fedean printzarik sorrarazi, emaitza negatiboaz abisatuta baitzeuden. Artzapezpikuak, aldiz, karta batera egin zuen apustua eta ez zaio ondo atera. Hierarkia ez da zergatik morroi xumea baino azkarragoa izan behar, garbi.

Argazkiak: leyendaspuertorriqueñas.blogspot; JMVM

otsaila 01, 2016

AGUR ALTZAIRU, AGUR



Urkullu lehendakaria Bruseletik ibili da, altzairuko sektorea Euskadin jasaten ari den egoera latzak eroanda. Gurean oinarrizko industria-adar indartsu  izandakoa azkenekoetan dago eta  hiltzeko zoriango tratamendua behar du.  Bruselan aringarriren bat eskain diezaiokete, azken hatsa oinazetan eman ez dezan. Heriotzaren ateraino eroan zuten berdintsuek seda lezakete orain gaixo terminala.

Altzairuko euskal sektorea suntsitu egin da azken hogeita bost urteotan. Altzairu arruntaren 1975eko lehen errekonbertsioaren eta altzairu integralaren 1990ekoaren bitartez euskal siderurgia lehiakorraren eraikina birmoldatu zen, eta inork gutxik pentsatzen zuen orduan praktika liberalek zeharo jota utziko zutenik euskal ekonomiaren mendetako zutaberik garrantzitsuenetakoa.  Baina hala jazo da, Europatik zuzendutako politika guztiz irrazionalen bidez,  Europa Batua eta estatuen Europa proiektu
kontrajarriak direla birfrogatuz. 

Noski, enpresarioek eurek ere zerikusirik izan dute galera berreskuraezinean, nahiz eta  argudia lezaketen beraien diruarekin nahi dutena egiten dutela. Ni ez nago argudio horrekin ados, gizarte-erantzukizuna ere tartean baitago eta gobernu ez hain amore-emailerekin beste kuku batek kantatuko zuen orain. Ziurrenik, hil ezkiletako doinu ilunaren oihartzunik gabe.

Argazkiak: steelworld.com eta JMVM