Katalunia aldean ehun bat egun daramatzate
lehortearekin. Ez naiz lehorte politikoaz ari -horretan luzeagoa egiten ari
zaie itxoitea- eguraldiari dagokion sikuteaz baizik. Ondorioz, euri eta elurrik
ezean Bartzelonako artzapezpikuak bere fidelei otoitz egitea eskatu die.
Areago, errogatibak antolatzera gonbidatu ditu, 1913tik hango bazterretan izan
duten aldirik idorrenari etena eman ahal izateko. Eta nik galdetzen dut: otoitz
egin arren ez badu euririk egiten? Ez al da gehiegi arriskatzea alperreko
ahaleginetan?
Seguru nago Juan Jose Omella artzapezpikuak ez duela
irakurri Juan Garmendia Larrañagaren "Beti ortodoxoak ez diren
konjuruak" liburua. Osterantzean zuhurrago jokatuko zuen, Aguraingo apaiz
batek egin zuen moduan. Begira: Juanek kontatzen du Aguraingo apaizarengana
joan zirela herritarrak konjurua egin zezan, behar zuten euria erakartzeko.
Apaizak lehenik ezetz esan zuen, baina haien insistentziaz jabetuta hauxe bota
zien: horrela nahi baduzue errogatiba egingo dut, baina abisatu behar dizuet zeruak
ez duela euri itxurarik
Jokaera harekin aguraindarrak bere bizkarra babestu
zuen eta, inportanteena, aldez aurreko oharrarekin ez zuen herritarren fedean
printzarik sorrarazi, emaitza negatiboaz abisatuta baitzeuden. Artzapezpikuak, aldiz, karta batera egin zuen apustua
eta ez zaio ondo atera. Hierarkia ez da zergatik morroi xumea baino azkarragoa
izan behar, garbi.
Argazkiak: leyendaspuertorriqueñas.blogspot; JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina