Zenbat eta gorago goazela zabalagoa bilakatzen
zaigu ikusmira, xehetasunetan galtzen bada ere. Froga berri bat eskaini diot
nire buruari aurreko baieztapenaz, zeren bitartez eta Santiago Carrilloren "Juez
y parte. 15 retratos españoles" liburuarekin. Asteburu euritsuko
irakurgaia izan dut, liburutegitik berreskuratua, duela hamasei urte irakurri
bainuen lehen aldiz.
Nire talaia partikularra urteen poderioz gorago kokatu
zaidan neurrian panorama osoagoa dastatu ahal izan dut eta Carrilloren idazki
mamitsuan lehen irakurketa hartan antzeman ez nuen erretratu argiagoa ageri
zait. Gil-Robles, Azaña, Prieto, Primo de Rivera, Franco, Largo Caballero eta
gerra zibilaren aurreko beste zenbait pertsonaiaren gorabeheretan, orduan
nabaritu ez nuen konplizitatea - nork bere interesatuetara alderatua- igarri
dut orain.
Carrilloren liburuko galdera nagusia da -nahiz
eta ezkutuan egon- 1936ko gerra ekiditerik izan ote zen. Eta PCEko buruzagiaren
erantzuna, liburuaren tituluko epaile eta partea denez gero, airean geratzen
da, ziur asko inori interesatzen ez zitzaiolako, Carrillo bera barne, gainera
zetorkien sarraskia geraraztea. Espainiar politiko eta militarrek, interesen
dantza makabroan itsututa, konfrontazio armatuan zuten amets egiten, arerioa
guztiz zanpatzeko.
Ez zitzaien bakea interesatzen, herri xeheak pairatuko
baitzuen gerra, eta liskar odoltsurik gabeko eszenategian ez zuten beraientzat
onurarik igartzen. Komunistak, faxistak, sozialistak, monarkiko eta errepublikazaleak,
den-denak izan ziren errudunak gerra aurreko lehergailu potentzialaren metxari
su emateko orduan.
Oraindik ere, bakoitzak bere txokotxo
partikularra zaintzen duela, korapilo etsigarrietan endredatzen dira, balizko
oinarrizko konponbideari bizkarra emanez. Eta zipriztin birrintzaile
kutsagarriak guganaino iristen dira. Baina ez dezagun pentsa gu diferenteak
garenik. Bai zera!