BILATU

apirila 24, 2017

JUBILATU ALA EZ, HORRA HOR GAKOA!



 Behintzat niri aukera etorri zitzaidan eta postariak ez duela birritan atean jotzen itxura ei denez kasu egin nion. Ondorioz, lokarri profesionala eten eta bizitzeari lotu nintzaion indar osoz. Ez nuen astia  kareletik ezerezaren itsasora bota nahi.

Duela zenbait hilabete, laguna dudan Eduardo Madinaveitiak gonbidatu ninduen lerro batzuk idaztera jubilazioari buruzko nire eskarmentuaz. Niri bezala beste zenbait laguni ere egin zien eskaria eta arestian liburu bat argitaratu da, El arte de jubilarte tituluarekin, berrogei lekukotasun biltzen dituena, formatu elektroniko eta paperezkoan.

Murgil egin dut liburuaren orrialdeetan eta lan profesionalarekiko norbanako bakoitzaren jarrera zein desberdina den egiaztatu dut berriz ere. Nor bere gurasoen ... eta inguratzen duten zirkunstantzien seme-alaba da. Horregatik gara interesanteak, desberdinak garelako, alegia.
 
El arte de jubilarte liburua partaidetza ahalbidetzen duen web orri batean dago eta mundu guztiak du bere ekarpena hara jasotzeko bide irekia. Animatu egiten ditut irakurleak bertara jo eta berearekin orain arteko kontakizunak aberastera. 

Liburua jaits daiteke:
http://bit.ly/jubilARTE-El-libro 
Eta zure lekukotasuna eman dezakezu:
http://elartedejubilarte.com/comparte-tu-testimonio/

apirila 17, 2017

FOLKLOREA ARRISKUTSUA DENEAN


NO-DOren irudi batzuk ziren, duela berrogeita hamar urte ingurukoak: Torremolinoseko boîte baten kanpoaldean gazte pilo bat itxoiten ari zen, larunbat santuko gauerdiko kanpai hotsak entzuteko irrikan. Berpizkunde Igandeari sarrera emateaz bat jai areto haren ateak zabaldu eta gazteek aste santu osoko iluntasunari agur esango zioten, jai egarriari asetzeko aukera guztiak ahalbidetuz. Matias Pratsen ahots aterziopelatu bezain ongi modelatuak soinu aintzatsua ipintzen zien irudiei, espainiarren debozio alderaezina goratuz. 

Amaitu berri dugun asteko egunetan folklorismoak bete-betean hartu ditu beste behin Espainiako kaleak. Erlijio katolikoaren praktikak minimo historikoak markatzen dituenean, paradoxikoki infiniturantz jotzen du nazarenoen kofradietarako sarrera eskabideak.  Aldi berean, kuarteletako banderak makil erdian. Zerbait ez dabilela ondo iruditzen zait.

Matias Pratsek  berriz ere egundoko erreportaje ikusgarria egin ahal izango luke oraingo espektakuluekin,  kontakizunean debozioa, sinesmena eta erritua  nahastuz. Eta haren hitzetatik elikatuko litzatekeen publiko zabal batek jarraituko lioke fedean, duela mende erdiko erlijio hertsikeria areagotuz. Ez, definitiboki zerbait ez dabil ondo.

Argazkia: Tere Anda

apirila 10, 2017

HITLER, TVE, FRANCO



Hitler munstro hiltzailearen gaineko erreportajeak ikusten ari gara  azkenotan TVEn. Oso dokumentu onak dira, belaunaldi berriei Europan iragan mendean jazotakoa erakusteko. Historia ziklikoa izaten da eta  Azoreetako argazkiei buruz Aznar inklitoaren lehengo asteko aitorpenek niri behintzat beldur puntu bat ekarri didate, erretratu haiek iragarritako sarraski baten aurrekariak izan baitziren. Eta  Valladolideko mosketero eskuindarra operazio makabro hartan Bush eta Blairrekin batera agertzeaz harro sentitzen dela egia bada – eta bada-... baditugu beldurtzeko motiboak.

Baina Hitlerekin ekin diot gaurkoari eta haren ondoan eta itzalera hazitako Francorekin amaitu nahi dut. TVEk ez du nire begirunea izango, Hitlerren erreportajeez gain Ferroleko erailaren gaineko dokumental sail bat programatzen ez duen bitartean. Bikain dago führer eroaren sarraskiak deitoratzea baina ez zaizkigu humanitatearen kontrako caudillo odolzalearen krimenak ezkutatu behar.

apirila 03, 2017

CASSANDRA ETA CARRERO

Cassandrak ez zuen Carrero Blanco ezagutu. Nik, ordea, bai. Cassandrak faxista haren gain dakiena erreferentziez daki; nik, ordea, ez. Cassandra terroristatzat hartu du espainiar justiziak; terrorea norabide guztietara hedatu zuena, ordea, Francoren eskuineko esku santoñarra izan zen. 

Gaur balitz bezala oroitzen dut tipo hura lehergailu batek airetik bota zuen eguna. Eta eguerdi hartako otorduan Gasteizko apaiz konprometitu batekin izan nuen elkarrizketa oraindik ere gogoan daukat, bizi-bizirik. Gerrako kriminalen kontrako akzioak heroizitatetzat hartzen zireneko adibideak atera zituen azalera jaiotzez berriztarra zen apaizak.

Diktadorearen kontra altxatzeko eskubideaz mintzatu zitzaidan, teoria horren eragileetarikoa izan zen Platonen Errepublika aipatuz. Akinoko Tomas kristauaren teoriak ere ageri zizkidan, zapalduaren eskubideak defendatuz. Eta gobernuren batek bizikidetzaren oinarrizko printzipioak bortxatzen dituenean herriak haren kontra bitarteko guztiekin jo dezakeela azpimarratu zuen. "Eta hori - gehitu zidan apaiz lagunak- Ameriketako Estatu Batuen independentzia aldarrikapenean dago idatzita, XVIII. mendetik"


Argazkia: http://espiaenelcongreso.com