BILATU

Maiatzaren Lehena etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Maiatzaren Lehena etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 04, 2026

SOLUS LABOR...


Maiatzaren Lehena - Nazioarteko Lan Eguna-  iragan da eta normaltasunera itzuli da langileria, jai-zubi luzexkak ahalbideturiko oporraldia amaituta. Gauzak ez dira lehen bezala, bistan da. Egutegiko egunaren gorriztasuna galtzen doa bere zentzu aldarrikatzailearen intentsitatea, eta gure kale eta plazetan ia ez da beharginen aldeko oihuaren oihartzuna entzuten, Itsas aldeko uhinen eta aireportuetako hegazkinen erreaktoreek amatatuta.

Solus labor parit virtutem… irakur daiteke Arrasateko jauregi bateko aurre aldean, gizakiaren bertutea lanetik bakarrik erdiesten dela baieztatuz. Suposatzen dut esaera asmatu zuena ez zela Erdi Aroko olaren bateko behargin gizarajoa izan, eraikin dotorea jaso ahal izan zuen olaren ugazaba baino. Ene ustez, , hain baieztapen borobila hobeto zatekeen, Solus labor operarii virtutem domino parit, edo antzekorekin.

Edozein modutan, iruditzen zait gizartearen norbanakokeriazko utzikeria basati gero eta larriagoak ezinezko egiten duela latinezko esaldi hori zuzentzea merezi duen ala ez erabakitzea. Jendeak nahikoa du hurrengo festan nora egingo duen ihes pentsatzearekin.

Argazkia: Wikipedia

maiatza 01, 2023

MAIATZAREN LEHENA


Beti iruditu izan zait bitxia lan-eskubideak aldarrikatzeko urteko jaiaren jatorria, hain zuzen ere, bertako biztanleek, azaletik bederen, euren bizitza herritar bakoitzarentzat american dream delakoa lortzeko karrera egin duten herrialde batean izatea. Edo, agian, ondo pentsatuta, gu guztiongan sortzetikoa den indibidualismo hori da, hausnarketa historikoaren une hartan, lan-munduan denak ez duela balio adierazi zuena.

Maiatzaren lehena, langileen eskubideak aldarrikatzeko data gisa, 1886tik aurrera funtsezko egun bihurtu zen soldata baten truke beren indar produktibo eta sortzailea gainerako kideei aukera-arrazoiengatik aurreratu zaienari saltzen diotenen ongizatearen aldeko nahitaezko borrokan. Ez dago besterik: osterantzean luzera produkzio-makineriak txikitu egingo du indarraren saltzailea, prezioa erosleak jartzen baitu beti. Harrigarria, ezta?

Askok “abesbatza eta dantza erakuspen sindikala” frankistak ezagutu genituen pasibotasun osotik; geroago behinola kale agerraldietan aritu izan ginen, kantuz eta oihuz. Baina bistan da jaiak bere ohiko ikuspegi aldarrikatzailea galdu duela. Beharbada, jatorriko indibidualismo haren hedapen basatiaren ildotik.