BILATU

argèles sur mer etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
argèles sur mer etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

otsaila 27, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN



Gaurkoan lau eskutitz igo ditut, BEHIN IZAN ZIREN blogera. Lauak Jesús Trincadorenak. Kontzentrazio esparru desberdinetan egon zen bitartean Marcos Vitoriarengandik jasotakoak galdu egin ziren, Jesusen bizimodu ez ohikoarengatik. Behintzat, niri ez zizkidan eskuetaratu Trincadok, eta ziur nago berak etxean zituen guztiak entregatu zizkidala.

Trincadok, berezko bere umoreak hala gidatua, deitura desberdinak ematen dizkio Argèles sur Mer-i; Sahara del “Remolino del Diablo”, Costa Azul eta Isla de Argéles. Laugarrenean, hau da, Mexikoko Frantziako Enbaxadoreari bidalitakoan –nik daukadana aurreneko zirriborro bat delarik- marrazki bat eskaintzen digu arrasatearrak.

Trincado ziur zegoen egun haietan Mexikorako igarobidea iritsiko zitzaiela, eta denak jarraian Celestino Uriarterengana –Txilera- joan ahal izango zutela. Hala ere, kontzentrazio esparruko zurrumurruei jaramonik eginda, adierazten dio Vitoriari: “Hoy he sabido que está casi lista la cuestión, pero México impone una condición para restringir cierto sector político, pues dice que las “madres del cordero” de Gurs han dado un resultado indeseable para México, y el quid está ahora (se supone) en quién será el que ponga el cascabel al gato y hace la clasificación”

Irakurgarria da, oso, bere mamiarengatik, Mexikoko Enbaxadoreari igorritakoa. Quienes firmamos este escrito nacimos para mover las lanzas que Quijano (o Quijote?) depara y no la pluma de su padre, mil veces genial” Gainerakoak ere ildo beretik jotzen du

BEHIN IZAN ZIREN: http://behinizanziren.blogspot.com/

otsaila 19, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN


Beste bi eskutitz jaso ditut, BEHIN IZAN ZIREN blogera.

Egunak moteltasun handiz ematen ari dira Argèles sur Mer-eko kontzentrazio esparruan, eta Jesus Trincadok jo eta ke segitzen du informazioa ematen, nori eta bere adiskide mina den Marcos Vitoriari. Morala jaisten ari da atxilotuen artean, iristen zaizkien albisteak eta sortzen diren zurrumurruak egunetik egunera beltzagoak baitira. Eta Vitoria lasaitasunean ikasten ari delako, Trincadok inbidia dio adiskideari, eta horrela islatzen du bere sentimendua, bidaltzen dion marrazkian.

Trincadok Lluis Companys-i buruz idazten dio Marcosi, eta beste toki batean Arrasateko euren laguna den Celestino Uriarte Txilen itxaroten ari zaiela baieztatzen du.

Hala ere, kontzentrazio esparrutik aldegiteko esperantza galdu ez duen arren, morala ez zaio Trincadori gainezkatzen: En resumen, mi optimismo ha descendido a un 2% ante la esperanza de marchar. Antes la documentación tenía que hacerse a bordo; ahora, que la situación agota los últimos días, se habrán de montar oficinas de clasificación con un papeleo desesperante e interminable... Pero si después de esto volviéramos al erri con posibilidades, ¡qué hermosura de relevo de cargos va a haber! Es la satisfacción que abarca todos los sacrificios...”

Ezin dut ziurtatu Trincadok amesturiko “erri” hori Arrasate den. Mendeku administratiboa iragartzen ari dela dirudi.

BEHIN IZAN ZIREN: http://behinizanziren.blogspot.com/

otsaila 03, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN






Argèles sur Mer-etik igorritako beste bi eskutitz jarri ditut gaur, BEHIN IZAN ZIREN blogean. Oraingoan ere, Trincadok idatzita dira. Kontzentrazio esparruan ematen ziren eta beraiei iristen zitzaizkien albisteak jaknarazteko premiak ia-ia egunero idaztera eramaten zuen arrasatearra. Eskutitzak ere ez ziren laburrak: lauzpabost orrialdetakoak. Eta noizean behin, Trincadok aukera ematen zion marrazteko zuen trebetasunak eta apaindu egiten zituen idazkiak bere mararzkiekin.

Albisteen edukiari buruz, ordurarteko gaiek betetzen zuten: Ameriketarako gogoa, erbesteratuen artean burutzen ari ziren zerrendak eta adiskideen gaineko albisteren bat edo beste.

Gaurko lehen eskutitzean, euskaraz idatzitako lerrokada pare bat ageri dira. Garbi dago, Trincado eta Vitoriaren arteko buruz buruko komunikazioan euskara erabiltzen zutela, baina idazteko orduan, begi luzeek irakurriko ote zuten susmoa zutenean bakar-bakarrik erabiltzen zuten euskara, jakina arrasatear erara idatzita.


BEHIN IZAN ZIREN: http://behinizanziren.blogspot.com

urtarrila 31, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN




Beste bi argazki igo ditut, BEHIN IZAN ZIREN. Biak Trincadok bidalita, Marcos Vitoria adiskideari.
Jesús Trincadok Argèles sur Mer-eko kontzentrazio esparruan jarraitzen zuen, goi moralarekin. Aurreko eskutitz batzuetan ikusi ahal izan dugun bezala, umorea ez zitzaion falta izaten, nahiz eta milaka detenitu zituen esparru hartan bizitza-baldintzak ez ziren bat ere onak.



Hain zuzen ere, 2002ko irailaren 15eko El Pais egunkariaren gehigarrian "Exiliados de la guerra civil" izeneko erreportajea eskaini zuen. Bertako argazki batzuen artean, hona aldatu dudana zekarren: Argèleseko hondartzan bainatzen ari ziren errefuxiatu batzuk. Eta pertsonajeen artean agertzen zen bat, Trincadoren antz handia zuena: bere ukondoa bendatuta daramana. Trincadori berari bidali nion argazkia, ia bere burua ezagutzen ote zuen, baina ezina gertatu zitzaion.

Bi eskutitz berri hauetan Vitoriari zurrumurru askoren berri ematen dio. Laster handik aterako zelakoan zegoen, eta lagun guztiak Mexikorako bidean jarriko zirela iragartzen zion.


BEHIN IZAN ZIREN: http://behinizanziren.blogspot.com/

urtarrila 27, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN


Beste bi eskutitz jaso ditut BEHIN IZAN ZIREN blogera. Gaurko kasuan protagonismo pittin bat eman nahi izan diet Trincadoren gurasoei, Tarbesen baitzeuden erbesteratuta. 1940ko uztailaren 20koa da eskutitz hori, Jesus semeak Argèles sur Mer-eko kontzentrazio esparruan segitzen zuen bitartean.

Ezaguna da erbesteko dramak ez zituela bakarrik, zuzen-zuzenean salatutako norbanakoak harrapatzen, baizik eta horien inguruko senitarteek ere euren herria atzean utzi behar zuten sarritan, jazarpenaren hatzamarrek fisikoki bederen zigor ez zitzaten.

Valentin eta Ramonak, hainbat eta hainbat euskaldunen bidea egin behar izan zuten, garai hartan Arrasateko bizimodu arruntean ziren gorroto eta ezinikusietatik libratzearen aldera.

Bigarren eskutitzak itzultzen digu Jesus Trincado umoretsua eta itxaropenez beterikoa. Gurasoena baino bi egun geroagokoa da. Une zailak bizi ari zen kontzentrazio esparruan, zurrumurruak nagusi ziren ordu haietan.

http://behinizanziren.blogspot.com/