BILATU

MEDIOAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
MEDIOAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

azaroa 06, 2023

A ZE PANORAMA!


Gure arteko demokraziaren lehen arriskuari bigarrena gehitzen zaionean, eta horiei indar armatu eta judizialak saiakeran laguntzen dietenean, normalena da sistema politikoa ahultzea eta aurkezten den panoramaren aurrean gizarte-oinarria dardarka jartzea. Demokraziaren osasunerako ez dago ezer arriskutsuagorik gizarte-egitura gezurretarako iragazkorra izatea baino.

Egun hauetan gizartearen mugimendu diastole bat ikusten ari gara, muga arriskutsuetan erlaxatua, gero eta ahulagoak dituen zainetan dabilen odola pozoitu nahi duten mezu eta kontsignekin bonbardatzen utziz. Eta demokraziaren aurkako indarrak, magiaz Aznar kontrario politikoarekiko errespetuaren paladin bihurtzen duten medio horietan oinarrituta, balio tradizionalen defendatzaile bihurtu dira...

Kotoiaren frogari eusten ez dioten eta, gehienez ere, gurutzada frankistaraino garamatzaten balio tradizionalak, planteamendu ameslari inperialen oinordekoa, buru gaixoen fruitua, Bat, Handi eta Askea leloa sortu zutenena.

A ze panorama!

Argazkia: Ekain


uztaila 02, 2012

IRONIA NIRE ALIATUA DA



Ironia bide da, komunikazioari dagokionez,  giza banakoen askatasunaren azken babestokia.  Gero eta nireago daukat ikuspuntu hori, eta  ironia literatura-figura gisa maiztasun handiagoaz erabiltzen dut barne satisfakzioa ez ezik irakurlearengandik -ekartzen didanean- adostasun subjektiboa baitakarkit, asebetasuna biderkartuz.

Ironia umorearekin joan daiteke lotuta baina ez derrigorrez. Gertakizuni buruzko iragarpenen eta errealitatearen arteko diferentzian oinarritzen da ironia, sor daitekeen paradoxaren hurrena bilakatzeraino iritsiz. Eta umorea antzematen bada mezu ironikoan, bide erdia dago eginda, esanahiaren gunea ulertu dela adierazten baitu. Nire lehen idazkietatik –eta ordudanik laster lau hamarkada beteko ditut- nahitako zentzuaz azalduta eman dut sarritan gertaeren berri, lengoaiaren eta autokontzientziaren orekari eutsi behar izan diodalarik, barne estropozuan ez jausteko.
 

Mendebal estatuek eta arabiarrek Sirian bakea ezarri nahi dutela idazten badut ironia dosi batekin jokatzen ari naiz, noski. Rajoy eta Merkel proiektu ekonomiko amankomun baten liderrak direla adieraziko banu nire hitzei ironiazko kutsua bilatu beharko litzaieke, ezen nire ideiak publikoki azaltzean gezurretan aritzeko asmorik ez dudalako. Eta ironiak, barre algararen premiarik ez badu ere, nahita nahi ezkoa du egia osoaren bertute gardenarekin jokatzea, mezua hipokresiaren itzalpean ezkutatuko ez bada.

 Ironia da, beraz, etsipen sakonean ez erortzeko seriotasun zorrotz ortodoxo aspergarria eta aldarrikapen irrigarriaren artean geratzen zaidan errekurtsurik baliozkoena. Izan ere, nola arraio egin niezaioke aurre ironiarik gabe eguneroko albisteen gurpil monotono, antzugarri eta kirasdunari? Gezurrak eta desinformazioak behartzen naute ironiaz mintzatzera, idaztera eta  ia-ia baita pentsatzera ere. Adibide berri bat: enpleguaren gaineko erreportaia El Paisen, bere orrietan  Prisa taldearen  langileen murrizketa aipatu gabe, informazio prostituitua iruditzen zait eta sentsazio horrek ironia paseatzera ateratzera gonbidatzen nau, zuzeneko enbidora inora eramango ez nindukeelakoan. Baina, bada ezpada ere, beste barik ozen esaten dut gezurrik borobilena dela egia –zatitxo bat bada ere- aproposean ezkutatzen duena.

Ironia atsegin dut ihes tutu egokia baita, orduak joan eta orduak etorriko desinformazio lotsagabeak morala jan ez diezazun. 


Argazkia: Tere Anda
 

urtarrila 23, 2012

FRAGA IRIBARNE FAXISTA ETA HIZKERA POLITIKOA




 Fraga Iribarne faxistaren heriotzaren berri izan eta berehala pertsonaiari buruzko lerro batzuk idatzi nahi izan nituen. Baina buruak freno ipini zion bihotzari, “itxoin apur bat” adierazi nahi izan balio bezala. Orduak igaro ahala, nire harridura eta amorrazioa gorantz zihoazen, medioetatik iristen zitzaizkidan albisteen arabera. Eta hara non, bat batean oroitu nuen, duela hogei urte –1992ko maiatzaren 5ean, “Hizkuntza eta politikoak” titulupean Euskaldunon Egunkarian idatzi nuen artikuluxka. Eta espainierara itzuli dut, “para general conocimiento” Hona hemen idazki haren zatitxo bat:


Arias, diktadurako gobernu buruarekin
“El lenguaje político nos acerca siempre una imagen misteriosa. Dicen que son los politólogos los únicos capaces de interpretar esa forma de expresión enrevesada y llena de recovecos. Pero estoy en que ni ellos. En el Antiguo Egipto los escribas eran formados durante años en internados especializados para que reflejaran leyes y documentos oficiales. Ellos, junto a los sacerdotes, utilizaban un lenguaje imposible de ser interpretado por los ciudadanos normales.

Aunque desde los egipcios a nuestros días ha caído más de una tormenta, no han podido éstas erradicar de la nomenclatura política esa cerrazón inescrutable, y para sorpresa de los mortales de a pie, nuestros políticos siguen usando terminología de lo más oscura. Pero hoy en día tenemos una dificultad añadida que en tiempo de los adoradores de Amon-Ra no existía: los medios de comunicación nos hacen sentirnos aún más inútiles en nuestra incapacidad interpretativa.

En ese continuo servicio diario de “comentarios políticos” –de los cuales es imposible librarse si no nos apartamos drásticamente de este mundo- nos enredamos en una confusión tal que nos parece que lo que oímos, vemos y leemos no tiene que ver nada con la pura realidad. Nos hacen llegar mensajes y declaraciones ex catedra que nos desconciertan y despistan sin tregua. Todo vale para confundir al personal”



 
 Fraga hil ondoren, medioetan entzun, irakurri eta ikusi dudan asko eta asko pertsonala despistatzera jokatzen ari zela iruditu zait. Baina nire hirurogeita bi urteek eskaintzen didaten eskarmentutik diokedan bakarra da, Franco diktadorearen kumea zen Fraga Iribarne faxista hil dela. Egiaztapena daukat, berriz,  atzean Legioi bat faxista-kume utzi duela,  bere eskutik elikatuta.






Argazkiak: losgenoveses.net

uztaila 04, 2011

ZERGATIK EZ KAZETARI EUSKALDUNIK HAINBAT MEDIOTAN?


Interesarekin irakurri nuen lehengoan, El Paisek zekarren albistea, Martin Garitako Ahaldun Nagusiak bere lehen prentsaurrekoan euskara bakarrik erabili zuela jakinarazten zuena. “Medioetako gehiengoaren haserrea piztu zuena, informazioa behar bezala jaso ez zutelako” Harrapazak! Iñaki nire lagunak esango zuen moduan.

Hogeita hamar urte eta gero, hau! Hego Euskal Herriko gizarte-bizitzaren aldaketa ekarri zuen Francoren heriotzak (1975!) gure herri honetan gauza asko gertatu dira normalizazioaren bidean, eta horietako bat Unibertsitate publiko baten sorrera izan da, eta, beste bat, oinarrizko hezkuntza sisteman euskarazko adarrak gero eta indar gehiago edukitzea, ia-ia bere osotasunean betetzeraino iritsiz, batez ere EAEn.

Hogeita hamar urte daramazkigu euskararen bideetatik profesionalak merkatarazten eta norbaitek ez badio aukera horri heldu, berari galdetu behar zaio zergatik egin dion uko. Komunikabideetako espektroan oraindik ere mesprezu handia diote zenbait enpresak euskararen profesionalak kontratatzeari eta horixe egotzi behar zaie, argi eta garbi. Ez dago eskubiderik –eta hamaika bider pairatu behar izan dut nire bizitza profesionalean- medio lotsagabe horietako kazetariek (maiz kazetariak dira errurik gutxienekoak) informatzailea bi hizkuntzetan aritzea behartzeko. Informatzaileari berari dagokio hizkuntza hautatzea, eta kasu honetan Garitano Gipuzkoan ari zen, hau da, euskararen defentsan ari direla predikatzen diguten erdal medio horiek egoitza daukaten lurraldean. Hemengo medioek ez liokete eragozpenik jarri beharko komunikazio-hizkuntzaren hautatzeari, baldin eta egiazko gizarte eleanitzean sinetsiko balute.

Nola arraio ez dute medio horiek kazetari euskaldunik kontratatzen? Zergatik ematen diote bizkarra herri honen hizkuntza-normalizazioari? Nork eragiten dio gure herrian anti-euskalduntzeari?

Nire galdera horiek inozo batek eginak direla dirudite, ezta?

Garitano eta gainerako kargu publiko euskaldun militanteen keinuak indarra edukiko du, denboran iraunkortzen gai diren bitartean. Lerro hauetatik, eutsi gogoz lantegiari!

Argazkia: http://www.deia.com

martxoa 09, 2011

MEDIOEK ERE TORTURA DEZAKETE, ISILTASUNAREKIN


Estrasburgoko Epaitegiak espainiar estatua kondenatu du, torturak direla-eta. Hain zuzen ere, 2002an detenitutako Aritz Beristain gazteak jarritako salakuntza ez ikertzeagatik etorri zaio espainiar estatuari zigorra, eta bigarrena da epe laburrean ezarri zaiona, bietan isun ia sinboliko batekin erantzun beharko duelarik.

Batzuek zalantzan jartzen dituzte torturak. Existitzen diren ere ukatzen dute beste askok, ez dagoenik jakitea posible balitz bezala. Hainbatek ETAren inguruko guztia desagerrarazteko edozein metodo zilegi dela defendatzen dute. Nik ez dut ukatuko ETA dela Euskal Herriak duen arazo larrienetakoa. Eta horretaz zer pentsatzerik eman zidan, herenegun telebista kate batean ikusi nuen iparramerikar telesail horietako batek, non irakiar terrorista bat atzeman zuten AEBetan, eta Al Quaedako terroristekin eta euskaldunekin elkar aritzea egozten zioten. Filmean irakiar gizaraxoa, ziega ilun batean atxilotua, jipoiarekin mehatxatu zuten amerikar agenteek, lasai asko. Eta mehatxu horiek mamu ilun hurbilak esnarazi zizkidaten, izan ere –ongi dakigun bezala- errealitateak samur gaindi dezake fikziorik apainduena.

Tortura egunez egun irabazten doa sofistikazioan eta igarrezintasunean. Eta metodoak “aplikagarriagoak” bihurtu dira, zalantzarik gabe. Ni ez nago zalantzan tortura egiten denaz, hemen eta mundu osoan. Nahiz eta frogatzerik ez dudan. Ez dela torturatzen dioenari gertatzen zaion bezalaxe.


Tortura salagarria den bezalaxe, ordea, komunikabideen planteamendu lotsagarria ere salatu behar da, izan ere medioak gizarte zibilaren oihartzuna barreiatzeko plataformak dira (edo izan beharko lukete) Eta torturari buruzko kasuetan ez da horrela gertatzen. Eta frogatara atxikiko naiz.

Nork ezagutarazi du Estrasburgoko Epaitegiaren azken erabakiaz? Google-en bitartez bilatu dut “tribunal estrasburgo tortura estado español” idatziz. Hona hemen, bilatzaileak emandako erantzuna, albisteak eskainitako medioak agertu zaizkidan ordenan: Deia, Insurgente, Gara, Jurisprudencia Gratis, Noticias de Navarra, Gareskoauzalan, Stoptortura, Meneame, Grupo Tortuga antimilitarista. Horiexek dira. Zenbatekoa da medio horien irakurle kopurua?

Non daude zerrenda horretan, bortizkeriaren arrastorik txikiena gure kaleetatik desagertzea (ni naiz aurrena hori defendatzen duena) aldarrikatzen duten Euskal Herriko beste medioak? Non El Pais guztiz demokrata hori?... Aipatzen ez ditudan besteak ez nuen aurkitzea espero.