Esaerak giza zoritxarra
gogoratu dit jai egunetako bezperan. Ezin da hobeto mugatu gizon emakumeon
nolakotasun bihurria, txarkeriarako joera naturala. Plauto klasikoaren
aspaldiko “Gizonak gizona otso”ren ospera iritsiko ez bada ere, ezin uka bost
hitz horiek modu borobilean definitzen dutela gure nortasun ankerra. Elkar
bizikidetzaren oinarrizko arauak ez apurtzea oroitzen digute kartelean, eta
horren gisako iragarkiak arras beharrezkoak bilakatu dira, gure lotsarako.
Hobbesek zioen XVII.enean gizakiak bere egoera normalean lagun hurkoaren
kontrako jokabide etengabean diharduela, eta horregatik abisuak eman behar
zaizkiola frenoa jar dezan, berezko izaera kaltegarriak hondamendi osoa ekar ez
diezaion. Animaliarik basatien eta gupidagabeentzat zeukan filosofo ingelesak
gizakia, eta ez zen bakarrik gerraz edo beste edozein bihozgabekeria erraldoiaz
ari. Eguneroko praktika arruntean giza krudelkeriaren sintomak antzematen
direla idazten zuen “Leviatan” obran. Eta egia da, inon arakatzen ibili gabe
berez sortzen direla gure begien aurrean gaizkiaren txinpartak, gaizki hitzari nire
aldetik ezelako esangura erlijiosorik eman barik, jakina.
Giza neurrigabekeriak gure artetik desagerraraztea posiblea dela pentsatzeak
filosofiaren premia adieraz dezake, baina milurtetako eskarmentuak diosku
argazkikoaren gisako abisuak zeharo ezinbestekoak zaizkigula filosofatzen
jarrai dezagun. Hobbesek gizarte itunean jartzen zuen itxaropena. Zigor neurri
aplikagarri egokirekin, gehituko nuke, otsoa gure aldean arkumea baita.
Argazkia: JMVM