Eroskiren eraikineko itoginek kalitatearen Q ekarri digu askori gogora. Kudeaketa on eta egokiaren sinonimoa dugu Aenor edo nahi denaren ikurra eta kalitate hitz ponpoxoaren itzala maila guztietara - administrazio publikoaren tramiterik txikienetara barne- heldu da.
Ez naiz ni, otoi!, kalitatearen aurka agertuko, kalitatearen antonimoa zabarkeria baita, eta horrexek bai sortzen didala atzerako keinua. Ni hitzaren sakralizazioarekiko nago ezeroso, prozesu guztietan kalitatearen gako sarritan ulertezina jartzera behartzen gaituztenean, berbaren konnotazioa jainkotzeraino ailegatzen denean. Izan ere, zabarra bezain arriskutsua gerta daiteke kalitatearen mitifikazioa, mitoak -politak daitezkeen arren- ez baitira ukigarriak.
Titanic gaindiezina hondoratu egin zen lehen itsasaldian, Columbia transbordadorea lehertu egin zen estreinako hegaldian, Eroskiren itoginak aurreneko eurite gogorrean ikusi dira. Seguru nago hiru kasuetan kalitateari buruzko estandar guztiak gainditu zirela. Gertatzen da, sistemak erabiltzen dituztenak pertsonak direla, eta guretzat -gorputz gehi gogoa- ez da oraindik, zorionez, kalitate neurgailurik asmatu. Nik kalitatearen Q baino K jarriko nuke, konpromisoarena, Lan Onarekikoarena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina