BILATU

abendua 25, 2023

GIZATERIAZ APOSTATATZEA


Ezin ditut imajinatu Gabonak Gazan.  Zerbitzatzen dizkiguten irudi krudelen zurrunbilo eroan sartuta ezin dut asmatu nola prestatuko duten, kristau tradizioaren arabera eskualde horretan Jesus jaio zeneko egunaren ospakizuna. Duela 2000 urte inguru bere jaiotza Herodes jazartzaile batekin jada mingarria izan bazen, ez nioke panorama hoberik iragarriko Netanyahu batekin, edozertarako prest dagoena mundu osoaren isiltasun eta buru-elbarritasunak lagun. Gaur egun nazioarteko harremanak nahasten dituen politikak ez luke inor mundura etortzea utziko, israeldarrak deseroso jarriko lituzkeen ezer gidatzeko.

Gaurkoa data ahaztezina izango da bakearen eta elkartasunaren alde garenontzat. Zoritxarreko mundu hau interes ekonomikoek soilik mugitzen dutela egiaztatzeak, kalbario honetan jarraitzeari uko egitera eramaten du. Autokonplazentzia eragindakoa, onura ekonomikoa sortzen ez duenarekiko mespretxua eta besteen zoritxarren aurreko damurik eza arrazoi nahikoak dira gizateriaz apostatatzeko.

Ez al dago irtenbiderik?

Argazkia: Ekain

abendua 18, 2023

TRENAZ AMESTEN ARI


Trenak atsegin ditut, denak. Bidaiariarentzat garraiobide aproposa dela iruditzen zait. Aitortu behar dudan arren gai horretan nire esperientzia praktikoa baino teorikoagoa dela. Duela berrogeita hamasei urte gure ingurune geografikoan hartutako erabaki ulertezinek xedea bikain betetzen zuen trena kendu ziguten: bere ibilbidean zeharkatzen zuen ardatzean kokatutako populazioen garapen hoberako zerbitzatzea. Tren hura indarrean egon zen bitartean, ibiltzeko nire ohiko garragailua izan zen.

Idatzi honen irakurle gehienek ezagutu ez zuten zerbaitengatik zergatik egiten dudan orain negar galde liezadake norbaitek. Halaxe da, bai, urte asko pasa baitira gugandik desagertu zenetik, baina gertatzen da egunetik egunera hazi egiten dela nire irrika.

Helburu soziokultural garrantzitsua betetzen mundu osoko tren txikiak erakusten dizkiguten telebistako programa horiek ikusten ditut inbidiaz, bide horiengatik ez balitz ezkutuan eta abandonatuta geratuko liratekeen txokoak ezagutzera eramanez bidaiariak. Helburu nagusiari, noski, ekonomikoa ere gehitu behar zaio, baina trenbidearen ustiapen hutsaren diru-emaitza bakarra ez dena, baizik eta ibilbidea betetzen duen trenaren bizitzan jokatzen duten hainbat faktoreren batuketak ematen duena.

Berriki irakurri dut, gainera, duela zenbait dekada bertan behera utzitako trenbide batzuen berreskurapenari ekin diotela estatuko toki batzuetan, eta galdera nagusitu zait: eta gurean ez?

Argazkia: JMVM

abendua 11, 2023

ZER DA JAME?

“Aprendizak” izen historikoa ez bide zen egokia eta Juan Arzamendi Musika Eskola deiturarekin bataiatu zuten (bihoakio nire begirune eta miresmen osoa Juanitori, pertsona eta musiko bezala) Eta aitortu behar dut hasieratik zalantzak toki hartu zuela nire baitan, ez baitakit deitura horrekin eraikina edo eskolaren zerbitzua mugatzen den, ala biak.

Denbora igaro ahala batzuei lau hitzetako izena luzeegia dela iruditu zaie, eta akronimoa sortu eta erabiltzen hasi dira: JAME. Herriko komunikabideetatik ia egunero zerbitzatzen digute izen berri horrekin. Herriko Udalaren baitan ere iritzi berdinekoak dira, bertako web orrian JAMErekin identifikarazten baitzaigu Musika Eskola, erakunde eta eraikin bezala. Ondorioz, herritarrek bide berdinetik jo dute eta ahotik ahora erabiltzen ari da deitura bitxi bezain kaltegarria. Eta gero eta gehiago entzun dezakegu, “kontzertua JAMEN izango da”

Bitxia denik inork ez dit ukatuko. Kaltegarri, baina, zergatik? Begira: JAME, orohar, musika zerbitzuari, hots erakundeari bakarrik dagokiola? Ulertuko nuke izena. Musika eskola batzuk ezagutzen ditut akronimoa erabiltzen dutenak.  Demagun, arrazoiren batengatik eraikinez aldatu behar dela musika eskaintza: JAME aldatzen da, erakundea. Areago, zerbitzuak eraikin desberdinetan banatuko balira ere  irakaskintza-eskaintza bereko adarrak lirateke.

Gauza erabat desberdina da, ordea, JAME eraikinaren izenaz ulertzen bada. Eta horixe da jazoten ari dena. Udal web orritik, adibidez,  Amaiarako eta JAMErako sarrerak saltzen dituzte. Zer gertatuko litzateke, pentsa dezagun unetxo batez, Juan Arzamendi Musika Eskolak ELMAren eraikinera aldatu beharko balu irakaskintza-zerbitzua? ELMA JAME izatera pasatuko al litzateke?

Arriskuarengatiik, JAME espezie inbaditzailetzat har daiteke, bere arroztasun osoarekin iraganeko arrastoaren gainetik igarotzen baita, errotik ezabatuz. Memoria historikoa ez da gerra zibileko testuinguruan bakarrik ulertu behar. Gizartearen ibilbide historikoan bizi izandakoa behar bezala ez argitzea edo, larriago, estaltzea memoriari ostikoa ematearen hurrena da. Eta ildo horretatik memoria inposatzera hel daiteke.

Argazkia: Fernando Alda

abendua 04, 2023

INFERNURA, ZUZEN-ZUZEN


Esan daiteke erlijioei eta horiek munduan duten ezarpenari 
arrazoitzeko gaitasuna aplikatzen diodanetik ez dudala ulertu eliza katolikoaren hierarkiaren jokabidea. Ez lukeela egin behar lirudikeen arren, izugarri kezkatzen nau bere jarrerak, elizak berak eta bere inguruak umetan irakatsi zizkidan kontzeptuekin ez ezkontzeagatik. Adibideak hitzak baino ulergarriagoak direlakoan nagoenez gaurkotasun osoko bi aipatuko ditut.

Nola jo dezakete joera jakin bateko apezpikuek Aita Santua heretikotzat, haurtzaro samurretik hura hutsezina zela irakatsi baziguten? Nire ulermen kamustu samurrean ez dago elizaren gurasoen jarrera hori ulertzerik, gainerako katolikoak baino askoz ere behartuagoak baitira, printzipioz, beren artzainari obeditzera. Elizarako gauzetan ni baino jantziagoak badaude, ez al dira gai euren doktrina bera ulertzeko? Kontuz ibil daitezela, Pedro Boterok galdara irekita dauka eta.

Eta zer esan gezurrari buruz? Nori sartzen zaio buruan, Frantziskoren deira laurogei apezpiku espainiarrak Erromara bildurik, Kristoren lurreko bikarioak purpuratuei, egindako, egiten ari diren eta, zoritxarrez, kleroko kideek egiten jarraituko duten sexu-abusuak oso gaizki daudela eta bekatua dela ez gogoraraztea? Omella apezpikuen ordezkariak aitortu duena gezur hutsa da, engainatzeko asmoz pentsatzen duenaren kontrakoa esateagatik. Eta horregatik aitorlekutik igaro beharko luke. Bestela, betiko sutzarrera.

Niri ezin dit hierarkia horrek jokaera-araurik diktatu; uko egiten diot.

Argazkia: infovaticana

azaroa 27, 2023

LEHEN ORRIALDEKO ZORO GOGAIKARRIAK

 


Badira egunak -beharbada urteak idatzi beharko nuen- pentsamendu erdi metafisiko berrirekin esnatzen naizela. Goizeko albisteak irakurtzeaz bat zoro-aluren baten tokiz kanpoko aitorpenek harrapatzen naute eta galaxia berri baten aurkitzailearen aurrean nagoela pentsatzera eramaten nau sentsazioak. Berdin dio zein den pertsonaiaren sektoreak, guztietan loratzen baitira profetak.  Portadako protagonistak ditugu.

Adinean aurrera noan heinean argiago ikusten dut gorputza estaltzen didaten jantzi asko soberan ditudala, eta nire burua gero eta hurbilago ikusten dut giza norbanako biluztutik. Eskua ere gertuago daukat arrotzari luzatzeko, bestearengandik onura jaso dezakedala konbentzituta. Ezin naiz ibili pentsatzen nirekin jaio zela munduaren salbatzailea eta nik dudala gizadiarentzako irtenbide magikoa. Portadetako gogaikarri horiek euren hilobietan idatziko luketen “Ikusiko duzue ni ez nagoenean!” esaerak elkarrekiko hurbilketarako subjektu horien ezgaitasun kronikoa adierazten du. Irakur itzazu  gaurko egunkarien titularrak eta profeta salbatzaileak azalduko zaizkizu, erruz.

Eta ez baduzu zure gorputza jantziz erantzi nahi, zauden tokian geratu,  oso dotore aterako zaituzte portadan. Baina ez etorri niri, zureak askoz politago eta iraunkorragoak direla haizatuz, zu betiko joan ondoren ere hostoek zuhaitzetatik erortzen jarraituko baitute, isil isilik.

Argazkia: JMVM 

azaroa 20, 2023

ERREKONKISTA SAKRATUA

Dena etorriko da, ez ibili presaka. Ikusiko duzue laster Feijook PSOEko idazkari nagusi eta gobernuburua desafiatzen duela ezpata borroka batera, baina ez esgrima kirol joko noblean erabilitakoetatik, baizik eta Don Pelayo motakoetatik. Fenomeno asturiar hark, beso armatuaren kolpez, musulmanen mugimenduari galga jarri ziola diote, Espainiako errekonkista deiturikoari hasiera emanez. Horrela irakatsi zidaten behintzat eskolakume samurreko urteetan.

Nolanahi ere, lehia ez da inoiz gertatuko, galiziarraren aurka Sanchez borrokan ari den bitartean, "me gusta la fruta" entzun eta segundoko milaren batean bizkarretik eraso bat jasateari dion beldurrarengatik. Eraso horrek, inondik ere ez ustekabean, Galiziako apostolu demokrata trump-etaria (oximoron) ere harrapatuko zukeen, aberri-saltzaile fedegabea akabatzeko ahaleginean martir bezala eroriko zena.

Pelayorengana itzuliz, hain da eztabaidatua bere jatorriaren, balentrien eta abarren tesia, non asmakizun bat dela pentsatzea besterik ez dago, “bat-handi-aske”ren kontrako sentimenduak oro ezpataz ezabatzeko inbentatuta. Matxinada gorri eta gualdako egun hauetan, oinazetik eta beldurretik begiratzen diegu berriro errekonkista sakratuari.

Argazkia: wikipedia

azaroa 13, 2023

ZE KOLOREKOA DA ESPERANTZA?

 


Machiavelok gerraren arteari buruzko tratatua idatzi zuen, gatazka armatuen gaineko betiko eztabaida alferrei italiarrak burutu ekarpenik sakonenetako bat bezala. Sakon hitza erabili dut, nahiz eta ziurrenik korapilatsu beharko nukeen idatzi. Aurkariek harrapakinak banatzean adostasunik ez dagoenean sortzen dira gerrak beti. Irakurtzen ari zaren hau idatzi  xume ez baizik lizentziatura edo doktoradutzako tesi bat izan balitz, orri-oinean jarriko nuke: vid. Ukrainan edota Gazan gertatzen ari denaz publikatutakoa.

“Printzea”ren autoreak zioen gerra beharrezkoa dela legezkoa bada. Bikain! Gatazkan dauden alderdientzat beti dago beharra, eta, beraz, legezkotasuna bermatuta daukate tiroka hasi aurretik. Ez dirudi oso zaila  denik legeak egokitzat hartzea gatazka. Horri gehitzen badiogu aipatu berri dugun obran dioela gizonak eta emakumeak gaiztoak direla berez, eta onak balira bezala jokatzen badute interesatzen zaielako dela... gatazka armatuaren konponbidea ez da existitzen. Konfrontazioaren hazia beti izango da, agerian edo ezkutuan, aldeetako norbaiten galerarik txikienean borroka-zelaian ernetzeko irrikan.

Aplika dezagun aurrekoa egungo auzi mingarrietara eta ondorioztatuko dugu zein kolorekoa den etorkizuna. Benetan, ez dakit zergatik margotzen den berdez esperantza.

Argazkia: Ekain


azaroa 06, 2023

A ZE PANORAMA!


Gure arteko demokraziaren lehen arriskuari bigarrena gehitzen zaionean, eta horiei indar armatu eta judizialak saiakeran laguntzen dietenean, normalena da sistema politikoa ahultzea eta aurkezten den panoramaren aurrean gizarte-oinarria dardarka jartzea. Demokraziaren osasunerako ez dago ezer arriskutsuagorik gizarte-egitura gezurretarako iragazkorra izatea baino.

Egun hauetan gizartearen mugimendu diastole bat ikusten ari gara, muga arriskutsuetan erlaxatua, gero eta ahulagoak dituen zainetan dabilen odola pozoitu nahi duten mezu eta kontsignekin bonbardatzen utziz. Eta demokraziaren aurkako indarrak, magiaz Aznar kontrario politikoarekiko errespetuaren paladin bihurtzen duten medio horietan oinarrituta, balio tradizionalen defendatzaile bihurtu dira...

Kotoiaren frogari eusten ez dioten eta, gehienez ere, gurutzada frankistaraino garamatzaten balio tradizionalak, planteamendu ameslari inperialen oinordekoa, buru gaixoen fruitua, Bat, Handi eta Askea leloa sortu zutenena.

A ze panorama!

Argazkia: Ekain


urria 30, 2023

ESPEKTAKULURAKO SARRERAK ESKURAGAI


Ziur aski, Sanchezek berriro gobernatuko gaituen ala ez erabakitzeko Kongresuko osoko bilkuraren data ezagutu beharko nuke. Baina ez da horrela, gaiak ez baitit bibraziorik sorrarazten. Egia esan behar badut nire jarrera ere ez da hain kategorikoa, batzuen eta besteen artean nahiago baititut une honetan amnistia ematearen alde daudenak.

Transakzioaren prezioa eskaintzaren eta eskariaren arabera finkatzen den merkatu bat bezala da politika, hau da, -ekonomiaren oinarrizko kontzeptuetan ikasten den moduan- gaur garestia dena bihar merkea izan daiteke. Unean uneko baldintzen uhinetan mugitzen da politika. Hori badakite sektore horretan karrera egin nahi duten guztiek, eta ez nahitaez zirku politikora zerbitzu eta sakrifizioaren benetako espirituarekin iristen direnek (desagertzeko arrisku handia duen espeziea, hain zuzen)

Horregatik, gaurko batzuen jantzi-urradurak atzoko besteena gogorarazten dit, eta hemizikloko pertsonaia txit argi (?) ukiezinek errepresentatzen duten espektakulua hamaika bider ikusita dugula berresten zaigu, denak pikotara noiz bidaliko ditugun geure buruari galdetzen diogun bitartean.

Hamarkadak dira inozentzia politikoa galdu nuela, eta horregatik ez dut ezertxo ere sinesten estilo horretako merkatarien artean hitz emandakoaz eta adostutakoaz, bistan denez, ez baitute beren onura baino bilatzen. Ez, ez naiz ezkorra. Gizateriaren historiaren irakurle aplikatua nauzue. Eta gero hortxe daude hemerotekak. Jaun andreok, enegarren aldiz espektakulua hastear dago. Sarrerak eskuragai.

Argazkia: pesca.com

urria 23, 2023

OROIMEN LABURRA, HOBE ?

Nire oroimenaren luzera, ingurukoek diotenez, gero eta
txikiagoa da, oraindik arrainena izatera ailegatu ez bada ere. Nire aldetik, berriz, saiatu egiten naiz ariketa eragingarriak burutzen eta autodefinidoekin entretenitzen naiz eguneko ordubetetxoren bat inbertituz  endekapen-prozesuari galga ipini guran.

Eta oroimenari eusteko ariketen liburutxo bakar batean ere gaia agertu ez zaidan arren, argi eta garbi gogoratzen dut 1967ko ekaineko  lehen astean arabiarren eta israeldarren arteko tximist-gerraren irakurketarekin entretenitzen nintzela, Moshe Dayan batekin, ia-ia  nire heroi partikularra izatera heldu zena.

Denboran atzera egiten dut, eta historia sakratua irakurtzen ikusten dut neure burua, Moises batekin, egiptoarrak akabatzen dituena,  ziur aski Assuan baino lehenagoko presaren bat nahita haustearen ondorio izan zena, eta, beraz,  haiek hilda, agindutako lurra okupatzen dute judutarrek, jabetza eskriturarik gabe.

Handik honantzeko milaka urtera, eta neuronak bizirik mantentzeko inongo eskuliburutan agertu beharrik gabe, protagonistei buruzko berriak zerbitzatzen zaizkigu, eta, benetan, arima uzkurtu egiten zait halako izugarrikeriaren aurrean. Eta konturatzen naiz oroimenak goibel eta itxaropenik eza sorrarazten duela, eta ziurrenik arrainek ez dutela horrenbeste sofrikariorik.

Argazkia: BBC


 

urria 16, 2023

ZERO KILOMETROA


Globalizazioa geratzeko etorri zela idatzi nuen aspaldi, eta horren ustezko abantaila eta bertuteak goraipatu nituen, garaiko talaiatik eta bertatik antzeman nitzakeen bibrazioei helduz. Ordudanik dezente aldatu da zeruertza, hodei beltzek ikuspegia eragotzi dute eta gure sorbaldek zama larriagoa eusten dute, eskarmentu handiagoa tarteko. Errealitatearen aurpegi gordina, hain zuzen.

Azken berrogeita hamar urteak igaro izanak aurreko milaka urtetan bezain higadura sakona edo sakonagoa eragin du gure gizarte-portaeran, eta arroila ia gaindiezina sortu du gure gizartearentzat. Izan ere, giza talde gisa zuen duintasunari eusteko eguneroko borrokan ohituta zegoen gizarteak bertan behera utzi du bere burua, aurrekaririk gabeko alienazio eta duintasunik gabeko jarrera pasibo batean.

Iruditzen zait, dena den, beste aldaketa bat prestatzen ari dela, azken hamarkadetan jasandakoa bezain transzendentala, itxaropen pixka bat ekar diezagukeena, izaki arrazional gisa hain sakon esperimentatu dugun lotsa saihestuz. Ziur, ni ez naiz baieztatzeko egongo, baina ez nuke iragarpenean huts egin nahi, aldaketa horren protagonista izango direnengatik, noski, asmatu ote dudan ala ez nigandik esan lezaketenak bost axola baitit.

Goazen giza-itsasontzi honen norabidea zuzenduko dela espero dut, oinarrizko bizi-bulkaden balioa zabalduz. Zero kilometroa berriro lantzen ikusten dut, landa-bizitzaren berrarmatze bat, espazio komunak lehenestearren, lehia basatiaren armagabetze bat, beldurrik gabeko sormen berdearen pizgarri bat, kontsumo arduratsu eta iraunkor bat, guztiontzako ongizatearen bilaketan adostutako kontrol bat,... laburbilduz, bizitza bizitzea merezi duela ahalbidetuko duen denbora datorrelakoan nago... Globalizazioak ekarriko ez duena.

Argazkia: Ekain

urria 09, 2023

ESKU TREBEAK GIDATUA


Bizitza lasterketa bat bezalakoa da, nolakotasun bitxi batekin: azken helmugak sari ezezagun bat du. Helmuga gainditzeak, berataz ezertxo ere ez dakizun espazio batera eramaten zaitu. Ez dakizu zerk espero zaituen HELMUGA kartela igaro ondoren. Urteak daramatzazu etapak salbatzen, eta bitxia da lehiaketa honetan askoz ere pozgarriagoa dela protagonistarentzat garaipen partziala finala baino.

Tira, tetriko samarra atera zaidan sarrera honek zera esan nahi zuen, gaur egun nagoen etapan,  duela urte batzuk bizi-ongi etorria eman genien izaki maiteen taldekide hutsa izatera pasatu naizela, eta niretzat ezezagunak diren bideetatik joateko gai direnez haien esku trebeak gidatzen nau, gal ez nadin.

Eta egiaztatzen dut lehiatzen naizen etapa berri hau, berez, garaikur berri bat dela, sarietako apaletan jarri eta orain arte merezi izan ditugunez harro egoteko. Parte hartzea egokitu zaigun lasterketa honek garaipen partzialaren balio osoko konbentzimendutik garatzea merezi duela uste dut. Azken saria, agian, kamelo bat da-eta.

Argazkia: Ekain

urria 02, 2023

NORK ZAINTZEN DITU ZAINTZAILEAK?


Ezin nion sinesgarritasunik eman irakurtzen ari nintzenari; une batez egutegiak aurrera egin zuela, eta Inozoen eguna ospatzen ari ginela pentsatu nuen. Baina begiak igurtzi ondoren, lasai irakurri nuen albistea: Ertzaintzak zaintza-patruila bat sortu behar zuen Donostian duen kuarteleko aldagelan gertatzen ari diren lapurretei aurre egiteko. Baina, oraindik nire aldetik sinesgogor, hain samur egiatzat hartzen ari garen beste albiste faltsuren bat izango al zen?

Bai, badakit bizi garen mundu traidore honetan -poetak esaten zuenez- ezer ez dela egia, ezta gezurra ere. Eta usterik gutxien denean, bapatean, drama komedia bihurtzen da, txistorra begano bilakatzen zaigu eta ura ardo. Zergatik, beraz, ez da ezkutatuko ardi itxura baketsuan azeri lapurra?

Irakurleak esango dit ertzainak gizon eta emakumeak direla zerbitzu publikoko funtzionarioak baino lehen. Ongi da. Ardi zurien talde batean beti dagoela beltz bat. Onartzen dut. Baina zalantza sortzen zait: eta nork zainduko ditu, badaezpada ere, zaintzaileak? Simpsondarren kapitulu batean Homerrek zaintzaile talde bat sortu nahi zuen, Katu lapurra atzeman guran; Lisak galdetu zuen erdi galduta “Nor izango da poliziaren polizia?” Eta Homerrek, harrapatuta, “Ez dakit, kostazainek, agian?” ihardetsi zuen. Ba, hori. Ni ere erdi galduta nagoela.

Argazkia: s0l0.blogspot.com/

iraila 25, 2023

AMNISTIA - INDEPENDENTZIA

 


Ziur aski, Madrilgo udal-agintari txit argiak lehenago konturatu izan balira, bietako bati edo biei izena aldatuko zioten. Ez dituzte burugabekeriak onartzen, ezta txantxetan ere! Amnistia eta independentzia. Nori otu zitzaion elkarren ondoko bi kaleri halako deiturarik jartzea?  Garaiz ezagutu izan balute larrutik ordainduko zuten izen horien eragileek! Euren buruzagi historiko izan zen Fragak esan ohi zuen moduan, lehenago beren gorpuaren gainetik pasatu beharko zuten.

Are gehiago, ni ziur nengoen Madrilgo atzoko manifestazioaren ondoren -ez ziren ausartu Ekialdeko Plazara deitzera, ez Caudilloren aireak arnasten ez dituztelako, baizik eta jeneral galiziarraren ohiko milioietara iritsiko ez zirelakoan- nioen, ziur nengoela izkina hura eraso eta bi plakak erauziko zituztela,  baieztatzen duten bezala, Europaren aurrean lotsarik ez izateko.

Kontua da kaleek gaur izen berarekin jarraitzen dutela eta asteazkenean amnistia eta, batek daki, independentziarantz eraman dezakeen lasterketa hasiko dela. Cosas veredes.

Argazkia: La Vanguardia

iraila 18, 2023

HOBETO JOAN DAITEKE, BAI


Joan den urtarrilean berrogeita hamar urte bete ziren Arrasateko Gau Eskolan euskarazko klaseak ematen hasi nintzenetik. Gogoan dut hasiera hartan ez zegoela oso argi irakasleek eta ikasleek egiten genuen ahaleginak zerbaiterako balioko ote zuen. Borrokan ari ginen, baina zalantzan geunden. Mende erdia igaro ondoren - bi belaunaldi- esan dezaket nire ikasle ohi gehienekin — kopuruz, gero eta gutxiago — euskaraz egiten ditudala solasaldiak, eta horrek berrogeita hamar urte lehenagoko zalantza argitzen dit.

1973an klaseak ematen genituen eraikineraino igotzen naiz ia egunero nire bilobekin eta bidea haur eta gazte andana batekin egiten dut, eurak ere heziketa erregelatuaren ikasketak burutzen ari baitira, euskaraz. Etsipen puntu batekin geratzen naizela aitortu behar dut, haur eta, batez ere, gazte gehienen artean gaztelera baita nagusi. Eta zalantza zaharrak gainezkatzen nau ostera: merezi izan al du bideko ahaleginak?

Hausnarketa-une txiki bat eta zalantzaren itzala desagertu egiten da: merezi izan du, noski!! Edo ez al da ederra bi belaunaldi oso euskaraz trebatu ahal izana? Gehienek gaztelania erabiltzen dutela? Hori ez da txarra, okerragoa izan zitekeen. Erabilera orekatu baterako formulak bilatu beharko dira. Baina hori ez da hizkuntza-irakasleen lana izango, soziolinguistikan edo beste diziplina zuzentzaile batzuetan adituak direnena baizik.

Argazkia: Zuriñe

iraila 11, 2023

GIDOIA IDAZTEN ARI ZAIGU ETENGABE

 


Gure bizitzak gero eta antz handiagoa du reality show horietako batekin. Ez dakit noraino eraman dezakeen adimen artifizialak gizateria, baina iruditzen zait zuzenean goazela kanpoko borondateen bidezko erabateko mendetasunera. Hau da, alienazio absolutura, ahalbide osoko jainko lurtar baten preso.

Konformismorik handienean murgildu nahi gaituzten mezuen etengabeko jarioari erreparatu besterik ez dugu egin behar. Gero eta panpina otzanagoak gara, gidoi batek mugituta. Gidoi horren egilea ez dugu ezagutzen, baina ez dago guk sinatua. Ezer ez da egia realityetan, ezta izena ere! Guztia gidoi bat da. Eta zoritxarrez haiengan babesten gara, xedetzat hartuta.

Gu nahasten saiatzen dira, gainditu ezinezko sare batean harrapatzeko. Inor ez dago nahasmen horretatik libre. Jainko ahalguztidunak bakarrik du argi bere helburua, itzaletik: izaki garaiezina da eta, beraz, gainerakoa ez zaio interesatzen, bera mirets dezaten eta berarengatik sakrifika daitezen baino. Teologia berri bat martxan dago, eta profetak lanean ari dira ohiko milurtetako erlijioen mandamentuen ordezkoak prestatzeko. Guretzako gidoia idazten ari dira, etengabe.

iraila 04, 2023

IRAILAREN XARMA

 


Orain bai, orain abuztua iragana da, eta irtenbiderik gabe igotzen gara, aisialdi eta dibertimenduarekin lotura gutxiago duten beste geltoki batzuetara garamatzan txirristara. Nahiz eta, egia esan, parrandarako  aspaldi geratu ziren labur egutegiak, kolore gorriko egunen kopurua murriztu arren.

Iraila hilabete malenkoniatsua da, oraindik amets egiten baitugu denboran atzean utzi berri ditugun hondartza, mendi eta abentura horiekin. Baina, era berean, hausnarketa ariketa bat egitera behartzen gaitu, hain zuzen ere datorren abuztura arte eramango gaituen bide zuzena aurkitzeko. Eta planak egiteari heltzen gatzaizkio.

Iraila da, nire ustez, urteko gainerako hilabeteetara zabaldu beharko litzatekeen hilabete-mota. Oraindik ez gara etsipenera abandonatu, eta eguneroko erabaki txikiak itxaropenez betetzen saiatzen gara. Erabakitasun handiagoz agurtzen dugu bulegoan zain dugun nagusi ogro hori, pozik eramaten ditugu ikastolara aurreko ikasturtearen amaieran kokoteraino utzi gintuzten seme-alabak, eta eguneroko erosketa egiteko Superrean sartzean agurtu eta dena egiten dugu. Hitz batean, badirudi jarrera osasungarriagoa dugula bizitzaren aurrean.

Ez esan iraila ez dela polita!

abuztua 28, 2023

FAXISTA LINGUISTIKO ARBUIAGARRIAK


Aintzaz bete dira Espainiako nazionalista batzuk Kongresuko hizkuntza koofizialen gaiarekin. Tira, batzuk edo guztiak, ez bide baitago Jainkoaren graziaz espainiar fatxa izatea baino loria handiagorik.

Fernando eta Isabel berrien koroaz apainduta, iseka egiten zuten komunikabide faxistek, Gorteetako diputatuak errepideei buruzko aurrekontuak euskaraz, katalanez eta/edo galizieraz eztabaidatzen hasten direnean Kongresua munduko txantxa izango zela adieraziz. Ergel gaixoak! Ez dira gai ulertzeko (nahi ez dutelako) beren hizkuntzan hezitako katalanak eta galiziarrak bezala, euskal hiztunok nahi dugunean gazteleraz hitz egiteko gai garela, inolako traumak harrapatu gabe, ingelesez, alemanez edo swajiliz hitz egiten dugunean jasaten ez dugun arrazoi berberagatik. Kontrako noranzkoan erdal fatxei gertatzen ez zaiena

Eta, hain zuzen ere, lasai egon daitezela Kongresu espainiarrean, euskal abertzalerik sutsuenak izan arren beti joango baitzaizkie gutxienez elebidunak, espainiera barne, ezen inork ezagutzen al du erdara ez dakien euskaldunik?


Argazkia: Virus editorial

abuztua 21, 2023

IHESBIDEAN

 


Nire ihesbide gogokoenetako bat izaten jarraitzen du. Agian intentsitatez jaitsi da eta udara mugadu dut, jada ez naizelako mutikoa eta gorputzak ez duelako garai batean bezain ahaltsu erantzuten. Zorte handia da, hitzaren zentzu zabalean, egunsentian uretara irtetea eta lehen argiekin gozatzea, poliki arraunean, kanabera espazioetan barrena doalarik asetasun hutsaren bila. Galdu egiten naiz gogoaren handitasunean.

Umea nintzela esnatu nintzen kirol-arrantzara, eta ilusioa bizirik mantentzen dut, nahiz eta egun amukoa ez izan gehien lehenesten dudana. Iraganeko garaietara itzultzen naiz arraunen erritmora, berriro gertatuko ez diren eszenak nire baitan aurkezten zaizkidan bitartean. Eta erabat dut atsegin, izan nintzela jakitun.

Xuabe, poliki...presarik gabe mugitzen naiz uretan barrena, poztasun ordainezinean murgiltzea besterik nahi ez dudan sentimendu argiarekin, denak bere amaiera duenaz jabetuta eta unea aprobetxatu behar dela jakinik.

Argazkia: JMVM

abuztua 14, 2023

EZ DA ABUZTUA AMAITU


Susto handia hartu nuen, bat-batean abuztua amaitu zela uste izan nuelako. Baina ez, oker nengoen nire pentsamenduan. Gertatu zena da futbol ligaren hasiera aurreratu dela, eta horrela oinezkook dagoeneko bete-betean murgilduta gaude gure gizarte honen benetako leit motivean.

Franco berriz aipatzea alferrikakoa iruditzen zait kasu honetan, baina ezin dut alboan utzi. Garai hartan esan ohi zitzaigun diktadoreak futbola programatzen zigula benetako arazoak ahazteko. Eta, orain? Nor da diktadorea? Futbolaren drogak kontzientzia indibiduala eta kolektiboa moteltzen duelakoan nago. Prentsa idatziko orrialdeen kopurua, irrati eta telebista orduak ez dira inoiz iritsi, gaizki deituriko errege kirolari (edozein kasutan errege ikuskizuna izango da)  egun eskainitako tokia dela eta; mota guztietako edizio digitalak ahaztu gabe, noski Eta zentzu horretatik, haur, gazte eta nagusien arteko alienazio maila kezkagarria bilakatu da.

Tira, agian beste galaxia batean bizi naiz eta ez naiz konturatzen mundua borobila dela... futboleko pilota bat bezala. Beraz, beste alde batera begiratuko dut... eta abuztu honetaz gozatzen jarraituko dut.

abuztua 07, 2023

ESKERRIK ASKO GORKA


Hogeita bat aldiz eman dio gorputz 2001etik Gasteizko pertsonaia mitiko horri, ondorio guztiekin jai eta parrandarako atea irekitzeko giltza urtero dakarrena. Iragan ostiraleko arratsaldeko seietan Gasteizko plazan Zeledoni harrera egitera bertaratutakoen ehuneko handi bat ez zen jaio Iñakik utzitako lekukoa Gorkak hartu zuenean. Ostiralekoa izan zen mutikotetzar gasteiztarraren azken agerpena, bere herrikideei jairik onenak opatzeko.

Adinarengatik nik askoz gehiago bizi izan nuen jaia Iñaki eta, batez ere, Jose Luisen aldian. Ez nago ziur baina nire lehen zigarro purua abuztuaren 4ren batean erreko nuen. Aurreneko zezenketa Gasteizen ikusi nuen nire hamabosteetan. Eta emaztearekin batera txintxo-txintxo kunplitu nuen jai bezperako errekisitoa Andra Mari Zuriaren plazan... data jada urrun batean.

Orain telebistako erosotasunetik segitzen dut espektakulua. Aldatu dira ohitura, jokaerak... eta eurekin batera ni neroni ere bai. Gorkak lekukoa utzi du... eta auskalo nork eskuratuko duen. Erreleboa normaltasunez egin behar da, eztabaida artifizial eta kaltegarri guztien gainetik... jaia bera hondoratuko ez bada.

Orain arte amets egiten lagundu diguzuelako eskerrik asko Gorka, Iñaki eta Jose Luis.

Argazkia: UZ-CO

uztaila 31, 2023

SAN INAZIOREN EZ MUGITZEA

 


Badirudi San Inaziok esan zuela krisi garaietan ez dela mugitu behar. Ziur aski bere arrazoiak izango zituen, azpeitiarra eskarmentu handiko gizona izan baitzen, eta horrek izaera ematen du, nortasuna, Eusebio Agoteren herrikideari inondik falta ez zitzaiona.

Edozein kasutan, iruditzen zait Inaziok ez zuela inolaz ere baieztapena bota, lagunartean esanda, denda itxi eta "oporrengatik " karteltxoa zintzilikatzeko ohiturarengatik. Sinpleki, XVI.ean oporrak inbentatzeke zeudelako. Gaur egun, aldiz, abuztuko mugimenduak ihes-hodi bat adierazten du milioika pertsonarentzat, pertsiana itxi gabe, kolapso emozionalaren aurreko egokieran egongo zirenak. Eta era guztietako krisia errealitatea den arren... ilarak sortzen dira errepideetan, aireportuetan eta abarretan. Geldi ez egotearen zibilizazioan gaude sartuta, aldaketa jarraikiaren zurrunbiloan. Eta gaur San Ignaziok zainduko du joan etorria, botilatzeetan barne.

Ni, badaezpada ere, etxean kieto parado.

uztaila 24, 2023

MIRARIRIK EZ, GEHIENGOAREN NAHIA BAIZIK

 


Gogoeta hau korrika eta presaka idatzi behar izan dut, ez baitut mirarietan sinesten. Ia azken ordura arteko inkesten joerarekin bat etorriz, honen aurreko beste idazki bat programatu nuen, herritarrekiko orokorrean nuen etsipena aitortzeko. Ezin nuen ulertu zer mekanismo ezkuturen bitartez, berataz barre egin, lapurtu eta, gainera, oinazez zigortzen diotenen eskua miazka dezakeen pertsonalak.

Zorionez, okertu egin ginen denok, inkestak, ikerlari politikoak, medioak, tertuliakideak eta nire moduko ezjakinok. Eta ondorioz arnas pixka bat hartu ahal izango dugu, gainera zetorkigun hura nola ekidin dugun azter dezagun. Espazio politikoa nola eraiki behar den hausnartzea dagokigu denoi, edo behintzat pertsona eta herrien eskubideen aldeko konpromisoan oso-osorik ari garenoi.

Baina kontuz! Munstroa hortxe dago, ez isilik, eta berak hain ongi erabiltzen dakizkien gezurrek beteko dituzte kale eta bazterrak oro gaurdanik. Eta ezkutuko botereek piztia elikatzen jarraituko dute. Oraingoz salbatu egin gara. Ez mirariarengatik… gehiengo baten nahiarengatik baizik.

Argazkia: aurpegi hori geratu zitzaion Feijoori emaitzak ezagutu zituenean.

uztaila 17, 2023

GARAI TXARREN DANTZAN



Uneoro informatzen zaigu garai txarrak bizi ditugula, zuzenean goazela hondamendi egoera batera, alderdi guztietan. Adimen artifizialetik erasotzen digute, meteorologia erotuta dago, gatazka armatuek, goseteak eta populazio handien deserriratzeak albistegietako berritasuna izateari utzi zioten aspaldi; eta etxeko animalien hazkunde esponentziala mendebaldeko etxeetan herritar berrien jaiotza-tasa itzuli ezineko mailan uzten ari da.

Baina garai txarrak ez dira eskuarki berez sortzen; giza jardunari estuki lotutako faktoreen mende daude, urrats bakoitzean gainerako gizakientzat gero eta irrazionalagoak eta arriskutsuagoak diren helburuak gainditzeko gutako bakoitzak duen berezko nahiaren mende. Hurkoa gehiago izorratzeko lasterketa bat da, nork bere burua nagusiagotzat jotzeak ematen duen boterearen bila.

Garai txarrez kexatzen bazarete, konponbide bat dago: izan zaitezte onak eta garai onak izango dituzue, zuek baitzarete garaia. Horixe predikatzen zuen San Agustinek, bere maskorrarekin itsasoko ura hondartzako zuloan sartu nahi zuen umearen istorioa ere kontatu zigunak. Hiponakoa filosofikoki zuzen egon zitekeela uste dut, baina ihardetsiko niokeen gizateriaren historia garai txarrez beteta dagoela toperaino, konponbiderako itxurarik gabe. Ez naiz ezkorra, beteranoa baizik.

uztaila 10, 2023

EUSKALTELEN BERRESKURAPENA

 


Euskaltelen bezero berreskurapena eta lapurreta baten kronika dei niezaioke gaurko idazkiñoari. Eta idaztera jarri banaiz bezero/sustatzaile/sufritzaile izan naizenaren duintasunean jota sentitu naizelako da. Aurreratzen dut, sartuta gauden merkatal-harremanetako zurrunbiloan ohituta nagoela edozein astakeriatarako. Baina...

Telebistatik ematen ari den aipatu enpresaren iragarpen batek arreta irabazita - eta duela urte mordotik haren bezero naizenez- deitu nuen enpresaren bezero-sailari adieraziz, zerbitzu berdinarengatik hilero ordaintzen dudana gehiago dela iragarkian eskainitakoarekin alderatuta. Lineaz beste aldeko ahotsak erantzun zuenez iragarkikoa bezero berrientzat bakarrik zela. Arranopola!

Unean hartu nuen erabakia orain arteko merkatal-harremana eteteko. Adarra jotze hutsez gain, telefonoaren beste muturrekoaren ihardespena higuingarri bezain narrasa iruditu zitzaidan. Euskalteli nire erabakiaren berri eman eta segituan deiak hasi ziren “bezeroak berreskuratzeko sail” batetik... baldintza ekonomiko berriak eskainiz.

Medikuntza prebentiboa - mantenu prebentiboaren antzera- aurretik egin behar da, zorneak gorputza inbadituko ez badu, edo makina zatitan eroriko ez bada. Zalantzarik ez, Euskaltelek bezeroa zainduko balu berreskuratze-zerbitzukoek lan gutxiago edukiko lukete.

Oraingo eskaintzaren “Kaixo pepino”ren ordez, beraz, nirea “Agur Ben Hur” izan da.

(Oharra: suposatzen dut oraingo hornitzailearen jokaera antzerakoa izango dela)

uztaila 03, 2023

TOURRAREKIN EUSKALDUNAGOAK

 


Ez nintzateke mundu honetakoa izango gaur Tourraz idatziko ez banu. Diodan aldez aurretik, ikuskizunak erakarri egiten nauela, eta duela hamarkada batzuetatik jarraitzen dudala “la grand boucle” telebista bidez, txirrindularien balentriekin nire besaulkian eroso eserita gozatuz. Batzuetan, aitortzen dut, asperraldiak harrapatzen nau eta etapa nork irabazi duen jakin gabe iratzartzen naiz.

Konbentzimenduz jarraitzen dut ETBtik, Fermin-Xabier-Alfontso-Pedro Mari laukoteak bikain egiten baitu, gai honetan oso aditu eta aldi berean komunikatzaile bikaina izan daitekeela garbi utziz. Gainera, bizikletaren kirolari aplikagarri zaizkion euskarazko terminoak erakutsi dizkidate, ezagutzen ez nituenak.

Ikaragarria da telebistaren boterea!. Gogoratzen dut, ETB1ek  lehen mailako futbol partiduak astero transmititzen zituenean, gazteek “jokoz kanpo”, “alboko sakea”, “atezain”... erabiltzen zituztela euren arteko norgehiagoketetan. Futbolaren munduak dimentsio extralurtarrak hartu ondoren, ordea, euskal katearen aurreko “fuera de juego”, “saque de esquina”, “portero” eta abarrera itzuli da, tamalez, gure plaza eta parkeetan. Zer entzun hura erabili! Futbolak euskara zokoratu du.

Horregatik urte asko opa diet ETBko txirrindularitza-esatariei, euskararen onerako.

Argazkia: Zuriñe


ekaina 26, 2023

PIPER ETA TIPULAK

Ezkerrekoa "Actto para la Noche Buena" (2006)
Eskuinekoa "Hemen ez du inork ordaintzen" (2023)

"Orgia" izeneko opera bat estreinatu da Bilboko Arriaga antzokian. Pier Paolo Pasoliniren ekarpenetan oinarritutako antzezpen operistikoa prestatu dute eta, edozein espektakulutan lez, publikoarengandik denetariko iritziak iritsi zaizkigu, musikaren konposagileak ausart samar jokatu baitu. Kalixto Bieito eszena-zuzendariaren egokitzapena ere ez ohikoa gertatu da.

Eta, hain zuzen ere, gai horrek eragin dit irribarrea, ez Bieitoren alde edo kontra ezer dudalako, baizik eta operarako koreografiari eta, itxuraz, dekoratu jasangarria osatu guran Arriagan aurreko ekoizpenetan erabilitako zenbait elementuren erabilerari ETBk eskainitako erreportaje batengatik. “Kontxo! -nioen nirekiko- geurekin ere ger lezakete beste erreportaje bat!” azken hogei urteetako Doke Antzerki Taldearen obretan modu batean ala bestean eszenategietara eraman ditugun atrezzoko pieza batzuk gogoratuz. Argazkiko piper eta tipulak, adibidez.

Bieitok jasangarritasuna aipatzen zuen elementuak erabiltzeko arrazoi nagusitzat; hala izango da, ez noa eztabaidatzera. Gure kasuan, jasan bai, baina ekonomikoki jasan behar izan dugunarengatik. Eta apur bat pentsatzera jarriz gero, jasangarritasuna gehiegikeriarik ezean oinarritzen dela ikusten da garbi, errekurtsoak buruarekin erabiltzean.

Argazkia: JMVM

ekaina 19, 2023

NEREA ETA MAIDER GUZTIEI


Bukatzear dago nire bizitzaren fase bat, azken zortzi urteetan poz eta tarte ahaztezin izugarriak eman dizkidana. Nire bilobak ikastolara laguntzeari utziko diot, ez dut berriro gure arteko elkarrizketa sotil eta zirraragarriez gozatuko, beren bizilekua eta haurtzaroko lehen zati goxoa gainditzen lagundu dien ikastola bereizten dituen bidea zeharkatzen ari ginen bitartean. Hemendik aurrera, txikienari “bide lagun” bat esleituko zaio, bere adinarekin eta pentsamoldearekin hobeto egokitzen den arduraduna.

Une triste eta saihestezin hauetan, gogoan ditut azken zortzi urteotan ezagutu ditudan andereño eta maisuak, gure etorkizuna diren haur horien prestakuntzan bokazio miresgarriz eragin duten irakasle gidariak. Aurkikuntza pozgarria izan da, eta egiaztatu didate zerbait on lortu dela gure hezkuntza-sisteman.

Mila esker Nerea, Maider, Marije, Miren, Marta... guztiei, egunero gure biloben lehen hezkuntzako osasunaren alde gogoz ahalegintzen ari zaretelako. Bihotzez.

ekaina 12, 2023

SEXUAREN INGURUAN


Albistea arraro eta logikaz kanpokotzat zerbitzatu zitzaigun, baina, egia esan, haren zabalkundea ikuspegi liberal zaharkitu batetik egin zen. Izan ere, zaharkitutzat hartu behar ei da askatasunaren oinarrizko printzipioak berrikusten eta hankaz gora jartzen ez dituena, oinezko sufrituon lepoa estutzeko, jakina.

AEBko Utah estatuko zenbait eskolatan Biblia debekatu dutela komunikatzen zigun albisteak eta ozeanoz hemengo aldeko batzuek barre egin dute. Pornografiatzat hartu ditu justiziak liburuko hainbat pasarte, eta “honaino heldu gara” esan bide du epaile zuhurrak. Amerikar horiek! komentatuko zuen gutariko batek baino gehiagok. Baina inkisizio modernoaren uhin buru kamustaile zabal baten atarian egon gintezke, Utahko seme/alabak ugaltzen ari baitira bazterretan.

Denboran bat eginik beste albiste bat ailegatu da: Suedian munduko txapelketa berri bati ireki dizkiote ateak. Hori ez zen albiste izango txapelketaren gaia zeharo bitxia izan ez balitz: sexu norgehiagoketa! Ez dut txapelketaren arautegia irakurri ahal izan, baina edozein modutan zaharregi harrapatu nau deialdiak.

Baina horrek ez nau kezkatzen eta jakin mina asetu nahian gau mahaiko liburuei Biblia gehituko diet, ingelesezko bertsioan, ia zer topatzen dudan. Utahko guztien gainetik.


ekaina 05, 2023

ORDAINTZEAREN BEHARRA


Kitatutako zorraren sentsazioak lasaitasunez betetzen du bere betebeharrarekin kunplitu duena. Beno, hori harreman sozialak orain arte gidatu dituzten gutxieneko bizikidetza zibilizatuaren koordenatuen barruan. Hartzekodunak konfiantza jartzen du bere zordunarengan, eta horrek bi alderdien arteko oreka berrezarri behar du, aurrez bien artean ezarritako baldintzetan. Horraino moralaren logika.

Eta aurreko hori guztia, esateko ez nagoela ados estreinatu berri dugun antzezlanaren izenburuarekin, Dario Fo Nobel saridunak idatzita, eta Doke antzerki taldearentzat euskarara itzultzeko ohorea egokitu zaidana.

Zordunekin bakarrik osatutako kolektibo bat irudikatzea ezinezkoa izateaz gain, niretzat argi dago oreka eta justizia soziala soilik lortuko dela baldin eta zorretan dagoenak konpromisoari izerdirik gabe erantzuteko baliabide nahikoak baditu edo sortzeko gai bada.

Nolanahi ere, injustiziaren kontrako salaketa irekia delako Dario Foren antzezlan ederrari barkatu egiten zaio tituluaren intentzioa, zordun-hartzekodunen arteko orekarik ezak hainbat eta hainbaten zoritxar latz sorrarazten duen egungo aroari aplika baitakioke.


Argazkia: JMVM