BILATU

kazetariak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
kazetariak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 21, 2012

KAZETARI ONAK BEHAR DITUGU


Bistan da komunikazioaren mundua aldatzen ari dela abiadura itzelaz. Idatzizko zein ikus-entzunezkoetako medioak iraultza lehergarrian ari dira, euren negozioetako biharko formula zein daitekeen asmatu nahian. Formulak etziko balioko ote duen beste gauza bat da. Bilakaeraren erritmoa ikusita ezezkotan nago.

Internetek pikutara bidali zituen komunikazioaren ohiko koordenadak eta goizero albiste berriren batekin gosaltzen dugu, berrikuntzen lasterketa amaigabeko hurrengo maila zein izango ote igarri ezinik. Horren ondorioz, besteak beste, kazetari profesionalen egoera ez da bat ere osasungarria. Espainiar estatuko unibertsitateetatik lan merkatura urtean ateratzen diren 3.000 inguru kazetari gazteetatik 500 batek lortzen bide dute medioren batean kontratatuta izatea. Eta nolako baldintzetan, gainera!

Ia berrogei urte daramatzat euskal medioen ibilbide malkartsuan, gora eta behera. Ez dut sekula gaurkoaren gisako noraeza profesionala ezagutu. Enpresak etorkizun ilunean eta kazetariak zalantza maiuskuluan  galduta: gehienak eurek aukeratutako lan-esparruan inoiz aritu ahalko diren jakin gabe, eta guztiak prekarietatearen ahotzarreko atarian kezkez josita.

"Kazetaririk gabe ez da kazetagintza; kazetagintzarik gabe ez da demokraziarik" oihukatzen zuten arestian espainiar kazetari-kolektibokoen elkarreratzeetan. Arrazoi osoz eginda ere, kazetagintzaren oinarrizko osagaia baita kazetaria. Baina kazetagintza modu askotakoa zerbitza daiteke gaur eguneko publikoaren gustua egiteko eta, zoritxarrez, ohitu egin gaituzte kazetarien premia ez duen kazetagintza antzugarri eta alienagarri batera.

Euskal medioetan geure aletxoak agerrarazten nik bezainbeste eskarmentu dutenek dakiten bezala, hastapen haietan ez genuen alboan euskal kazetari tituludunik. Eta euskararen militantziak eraman gintuen komunikazioaren arlora, kazetagintzaren oinarrizko kontzeptuak eurak ere menderatu gabe. Hil honen 14an hogeita hamabost urte bete dira, Azitainen lagun taldetxo bat bildu ginela, DEIAn euskarazko saila izango zela uste (eta desio) genuenari eite emateko. Han geunden, Martin Ugalderen aginduetara, Amatiño, Anatsan, Mikel Atxaga, Mikel Mendizabal, Antton Aranburu eta seiok. Militantzia hutsa. Garai hartan ez genuen intrusismoarekiko beldurra ezagutzen.

A! Eta noski, ez zen geure burutik inoiz pasatu, lan harengatik ezer kobratu behar genuenik. Horrelako baldintzetan abiatu ginenetako askotxok oraindik ere musu truk segitzen dugu beharrean, askotan editoreen indiferentziak matxakatuta. Kazetagintzaren modu bateko espezimenak izan gara, baina zorionez ala zoritxarrez gizartearen bilakaerak estilo berriak jaioarazi ditu, diferenteak. Eta bat ere dudarik gabe, maremagnum itzel honetan kazetari onak behar ditugu.

Egungo kazetari profesional euskaldunek –inoiz baino gehiago eta sekula baino jantziagoak ofizioari dagokionez- arazoak dituzte euren lanetik -hobe esanda, titulutik- bizitzeko. Eta gainera intrusismoak toki hartu du, indartsu, munduko beste edozein hizkuntzatakoan bezalaxe. Kazetariek aurre egin behar diote egoerari, bakoitzak ahal dituen bitartekoekin, eta horiek zoritxarrez ez dira asko.

Baina kazetarien lana beharrezkoa da gizartearen disekzio zintzoa angelu guztietatik eduki dezagun. Demokraziak ez du egiazko betartea erakutsiko kazetari profesionalen ekarpenik ezean. Gizarteari dagokio langile horientzako baliabideak aurkitzea. Erronka ez da txantxetakoa. Kazetagintza zintzoan sinesten dugunok ezin diogu bizkarra erantzukizunari, aurrean brunete mediatiko, albiste-korporazio orojale asezin eta era askotako eragozpen zurrunbilotsuak edukiko ditugun arren.
 
 
Argazkiak: kevin.lexblog.com;  apu.org.uy

 
 

apirila 11, 2011

BILIOI BAT BIZIKLETA MUNDUAN


Gero eta konbentzituago nago kazetariek, oro har, ez dakitela piperrik ere zenbakitaz. Kantitatearen gaineko kontzeptua oso bestelakoa dute, gainerako hiritarrenarekin alderatuta. Ez dakit irakurleak inoiz egin ote duen froga edo konturatu ote den zer nolako astakeriak idazten dituzten berriemaileek zenbakiak tartean sartzen direnean. Pisu, distantzia, kantitate eta bolumenari buruz duten pertzepzioa ez da, normalean, lehen mailako heziketa-sarean abian jartzen denekoarekin bat etortzen. Inpresioa daukat, kazetaritza ikasten ari direnean –eta komunikazioaren ezkutu eta trukuetan maisu bilakatzen ari diren zuzeneko proportzioan- matematika sinplerako zubia printzatzen zaiela.

Ez dut esan nahi komunikazioan hanka sartzerik egitea debekatua dutenik. Hori ekidin ezina da, azken finean kazetariak eurak ere, batzuetan alderantziz pentsa dezakegun arren, gizon-emakumeak dira-eta. Komunikazioko profesionalak ez garen arren, komunikazio munduan aspaldi dihardugunok ere jakin badakigu zein inportantea den albistea zehaztasun eta zorroztasunez ematea. Denoi gertatzen zaigu daturen bat edo beste gaizki luzatzea, eta ondorioak pairatzea egokitu zaigu batzuetan. Nire aldetik, ordea, tamainaren kontzeptuarekin arreta berezia izan dut beti, beharbada nire prestakuntza profesionalarengatik. Errakuntzak ere izan ditut, eta izango ditut aurrerantzean ere. Baina ahalegintzen naiz saihesten, komunikazioaren hartzailea ez nahasteko.

Oraindik gaur arratsaldean, TVE 2. katearen saio interesgarri batean, txirrinduak gure bizitzan izan duen eragina aztertzen ari zen. Halako batean, programaren gidoilariak honako galdera hau jarri du esatariaren ahoan: zenbat txirrindu izango dira egun mundu osoan? Isilune baten ondoren, esatariak dio.... Bilioi bat!!

Halako astakeria entzun ondoren, hiru ondorio atera ditut: a) Kazetariak ez zekien zer den bilioi bat b) Saioa emititu aurretik inork ez duela edukiaren zintzotasuna errebisatu c) Ikusten ari nintzen saioa, ingelesezko besteren baten itzulpena zela, hots, ez zela –inondik ere- saltzen ari zitzaigun bezala, ekoizpen propioko emaitza.

Bilioi bat, espainieraz, milioi bat milioi da. Horrenbeste bizikleta balitz munduan, mundukideen artean ehun eta berrogeita hamarna bizikleta banatu beharko genituzke. Eta, nik dakidanez, hori ez da, behintzat nik ezagutzen ditudan bazterretan ematen. Beste gauza bat da, ingelesezko bilioia: mila milioi. Diferentzia ederra!

Argazkia: http://nuvol.wordpress.com