BILATU

abendua 28, 2015

HAUTESKUNDE BERRIAK: INUXENTEKERIA



Ez direla gai ados jartzeko? Ba... saiakeran jarrai dezatela, hauteskunde berrien mehatxua ezgai ergelen lanabesa baita. Inuxentekeria galantetzat hartu beharrean,  zirkulu interesatu batzuengandik agertzen ari zaigun proposamen ziniko, ustel eta lotsagarriaren errealitatea dugu abisu zitala. 

Hauteskunde berriak, noiz arte? Ibex eta Cia.ren gogo oro birrintzailea bete lezakeen koadro politikoa gauzatu arte? Mesedez! Horretarako, diot, ez al litzateke merkeagoa (eta gorputzerako eramangarriagoa) hiritarron borondatea armez konkistatzea (eta zanpatzea)?   Hain zuzen, Ibex eta Cia.koek sinatuko luketen bidea seinalatzen ari naiz, botere hondatzaileari berdin baitio bitartekoak baldin eta boterean egonkortzea ahalbidetzen badio. 

Aurreko batean nioen demokrazia dela herrentasun gutxien
darakutsan sistema, eta botoa ematen da alderdiek hiritarraren onerako erabil dezaten eta ez, jakina, euren interesetara aplikatzeko, Ibex-ek kontrakoa agin diezaiekeen arren. Gertatzen da sistema kristalizatu sentikortasun gabean hiritarrok panpinatzat hartzen gaituztela goiko instantzietan betierekotzea helburu dutenek eta irtenbidea kristala apurtzean datza, eraikin ez osasuntsua hamaika zatitan eror dadin. 

Bien bitartean geratzen zaigu, gaurko moduko egunetan ume ginela abestu genuenaren bertsio berria interpretatzea: 

Inuxente babalora
hiritarron gogoa gora.






abendua 21, 2015

EGUNEKO KRONIKA LABURRA (SARE)



8:30. Ohiko kafea hartu dut etxe ondoko kafetegiko mahai batera eserita. Telebista aparailuak marmara ekartzen zidan, betebehar zibikoak gaur ginderaman hitzorduari buruz.

Bitartean, giza eskubideen urraketa betierekotzearen kontrako Sare mugimenduaren azken deiarekin bat egin dudanez gero igorri didaten txosten txiki bat irakurri dut. Logikaren barruko aldarrikapenek betetzen dute idazkiñoa, atxilotutakoen oinarrizko eskubideak behin eta berriz astintzen dituen labirinto judiziala desmuntatzea eskatzen duena. Immobilismoaren kontrako alegatu hutsa.

9:30. Botoa eman dut.

21:00. Emaitzek itxaropen izpi bat ekarri dute. Hautesleen jokaera desberdinek mapa politikoa aldatu dute gutxiengoen planteamenduei begira. Sareren helburua orain arte mirariaren hurrena genuen. Demokrazian - herrentasun gutxien duen sistema- minoriek ez dute zer eginik, handienei ongi datorkien mesederako bat etorri ezik (paktuak) Eta badirudi egoera berriak itunak beharko dituela.

Sare mugimenduak ahaleginean jarraitu beharko du, bere lan onaren itxaropenean. Eta agian mirarietan sinesten has gintezke.

abendua 14, 2015

IZAN AL ZEN INOIZ NERON?


Teoria zientifiko guztiak, zorroztasunik zorrotzenaz bedeinkatuta egon daitezkeen arren, erlatiboak  direla frogatzen zaigu egunero, amaierarik gabeko soka barregarri bezain ulergaitzean. Intelektual ukituezin saridunen tesi unibertsalak une batetik bestera ezerezta daitezkeela ikusten ari gara, ez dakit nondik iritsitako beste "behin betiko egia zalantzagabe zientifikoak"  zokoratuta.

Irakurtzen genuen iragan astean,  Neron enperadoreari  egotzitako kristauen kontrako jazarpena anakronismo hutsa izan daitekeela eta erromatarren buruzagi guztiz ahaltsuari kristauek bost axola ziotela, zergatik eta gutxi zirelako. Hura irakurri eta nire barruan halako hutsune iluna igarri nuen. Orduan, galdetu nion nire buruari, non geratzen zaizkigu milaka hildakoak? Non San Pedro eta San Pabloren heriotza krudelak? Non Coliseoko jai espektakularrak?

Ba, hori - ihardetsi nuen nire kolkorako- 
istorioek historia betetzen dutela eta egia sakrosanta ezinaren urrena dela, bata bestearen ondoren pilatzen baitira milurtetan zehar nori unean gehien interesa dakizkiokeen deskribapen faltsuak. Nork ziurtatzen digu Neron ere ez denik Tazito edo beste zientzialariren baten inbentoa? Hoa orain antzematera non jar daitekeen errealitatea itxuragabetzeko abiapuntua! Baina, ondo pentsatuta, ezertarako balioko al luke hori jakiteak? Egia berdaderoa izango al litzateke? Quo Vadis Domine?

Argazkiak: wikipedia

abendua 07, 2015

DENAK KEN BAT (LIZUNDIA)


Durangoko Azokaren aurtengo edizioa bere ekuadorretik igaro da eta euskal kulturaren mekara heldutako milaka lagunek bizi ahal izan dute berrogeita hamargarren erakuspenaren ekarpena. Ez daukat ziur lehen agerpen herabe eta urruti hartan egon nintzen.  Mende erdiko katalogoaren uhin desberdinetan galdu dut arrastoa eta ezin dut zehaztu 1965ekoak Durangora eraman ninduen.

Egon banintzen hurbil edukiko nituen bi lagun kuttun, Balendin Lasuen eta Jose Luis Lizundia, biak Gerediaga Elkarteko sustatzaileetarikoak,  artean ezezagunak zitzaizkidanak.  Harrez geroztik hamaika aldiz konpartitu ahal izan ditut beraiekin urteroko hitzorduaren gora beherak. Balendin orekatu bezain zorrotz bere iritzietan. Jose Luis, eskuzabal eta sutsua. Asko ikasi dut beren ondoan.

Aurten ere Balendin hara azalduko da.  Jose Luis, ordea,  ez dugu ikusiko bere Azokan.  Txarrenera gertarazi gintuen osasun arazo batek ospitalera eraman zuen abadiñoarra eta Galdakaon segitzen du, oraindik makal baina itxaropentsu. Lasai ibili, mutil. Datorren urtekoa martxan jak eta bertan elkar ikusiko juau!

Argazkia: euskomedia

azaroa 30, 2015

URTEAK GERO ETA LABURRAGOAK



Azaroaren amaiera eguna dugu gaur.  Horrek esan nahi du urtearen azken bihurgunetik igarotzen ari garela, abenduaren maldan beherako helmugako zuzenari ekin aurretik. Hogeita hamaika egun gehiago eta urtea erre dugu, guztiz. 

Ez dakit gaurko San Andresi edo datorren igandeko San Nikolasi galdetu beharko diodan urteen gero eta abiadura handiagoaren zergatiaz,  egia borobila baita susmoa dudala egunari ordutxoren bat ostu diotela. Eta inguruko lagunak (gazteagoak ni baino) oker nabilela konbentzitzen ari zaizkidan arren ezin dut nire baitatik urteak lehen motelago zihoazeneko sentsazioa uxatu. 

Beraz, nagoen suposamendu honetara behin iritsita, falta zaizkidan orduak berdintzeko loari kendu beharko nizkiokeela pentsatzen ari naiz. Dena den,  San Andres eta San Nikolasen erantzuna ezagutu arte itxoingo dut, ziurrenik eurak ere antzerako trantzetik igaro baitziren eta duten eskarmentua baliagarria izango zait erabakia hartzeko.

Kontatuko dizut, irakurle estimatua.