BILATU

aberatsa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
aberatsa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

martxoa 09, 2026

ABERASTASUNA DUINTZEN

 


Badirudi Eskoziako gobernuak parlamentuko ekimen bat abiarazi duela desberdintasun ekonomikoa errotik murrizteko, dirua geldirik gera ez dadin eta aberastasuna sortzen duten komunitateen barruan gera dadin ziurtatuz. Beste era batera esanda, helburua leku batean sortutako aberastasuna beste batzuetara desagertzea saihesteko modu bat aurkitzea da.

Ekimen txalogarria da eskoziarrena, mundu osoko parlamentuek onartu beharko luketena, banaketa-justizia ahalik eta maila gorenera eramateko ahaleginean. Badakit, ordea, proiektu honek hasieratik arazoak izango dituela, munduko korporazio boteretsuenetatik etorritakoak, nortzuk diren zehazki ez jakin arren, aberastasuna euren eskuetan pilatzeko metodo zitalak garbi erakutsi dutenak.

Eskoziako legegintza-proposamenaren postulatuak oso azaletik irakurrita, uste dut aldarrikatzen dituen jarraibideak ez daudela oso urrun gure herrialdean kooperatibismo eredu bezala ezagutu den horretatik, eta lankidetza publiko-pribatu batekin oinarri sozialaren ustiapen ekonomikoa bultzatuz, batek dakien norako kapital-ihesa ekiditea du helburu. Ea, bada, lerroan jartzen diren munduko parlamentuak.

Argazkia: CDV

uztaila 25, 2016

POBRE ETA ABERATSAK



Idi eta zaldiak hazi eta hezi zituzten belaunaldi askotako  pertsonengandik nator, lurra goldatu, egurra zatitu, igali eta barazkiak uztatu, mailuaren tiriki-tauki metalikoa sakon barneratu eta bizitza osoan ohe berdinean deskantsatu ziren nire arbasoen oinordekoa naiz. Euren pobrezian Jainkoarengan sinetsi zuten, azken irtenbide bezala. Eta mundu hobeago baten itxaropenean hil ziren. 

Kasurik hoberenean txitxarroa jaten zuen pobrea errazago ikusten bide zen zerurako bidean, aberatsak lurreko gutiziak dastatzen zituen bitartean. "Aberatsa, infernuko legatza; pobria, zeruko gloria" zioen atsotitzak eta  uste horretan mugatzen zuten gure aurrekoek lur azalaren gaineko bizimodua, izerditan eta betiereko aintzaren zain.
 
Orain legatza txitxarroa baino merkeago dago batzuetan eta elizak dioenez ez da zerumugan infernurik antzematen. Zerk bereizten ditu, beraz, pobreak aberatsengandik?

Argazkia: Tere Landa