Ez
hain aspaldi nekazal urteari amaiera ematen zitzaion San Migel egunean. Eta
naturaren eraginpeko beste aro berri bati ekiten zioten nekazariek, aldi
berriak ekarriko zizkien ezustekoen zain, kezkaz beterik.
Baserritarrak zerura begira bizi zirela esan ohi da,
beti fenomeno atmosferikoen preso, ezer gutxi egin zezaketelarik haien presioa
gainditzeko. Galdera ikurrarekin jaikitzen ziren baserritarrak eta zalantza edo
kezka berdintsuarekin loak hartzen zituen gauero, bizitza-gurpilaren etengabeko
martxa neketsutik askatzeko esperantza gutxirekin.
Aurtengo sanmigeletan puntua jarri zaie
azken hilabeteotan gu askoren baitan izandako galdera batzuei eta berdin segitu arren berrietarako
atea ere ireki da. Horrela, Sanmigeletan ezagutu dugu datorren urtean enpleguaren joerak
maila ez hain negatiboetara joko ei duela (Guindos dixit) Jakin dugu ere ETAk
nazio errekontziliaziora (?) deitzen duela bere komunikatuan, ezker eta
eskuineko botere politikoek erakundeari jaramonik eskaintzen ez dioten
testuinguruan plazaratua. Atzo, San Migel egun aintzatsuan bertan, EAJk “I´m
basque” aldarrikatu zuen, amaitzen ari zitzaigun nekazal urtean jelkide askok
eta askok “euskalduna naiz” zer den artean ulertzen ez zuten bitartean. Halaber,
adierazi zaigu Kataluniako Legebiltzarrak hiru hilabeteko epea eman diola
Madrileko gobernuari, erabakitzeko ahalmenaren inguruan elkarrizketa ireki eta
ondorengo deliberamendua gauza dadin. Sanmigeletan ere harridura handiz jabetu
gara Obamak begi onez ikusten duela Iran guztiz diabolikoarenganako hurbilketa
prozesua.
Eguratsak ekarriko digunaren zain geratzen gara
2014ko nekazal urte berriari ekiten diogunean. Eta nekazariak bezala, kezkati
oheratzen jarraituko dugu, behintzat hurbilen geratzen zaizkigun gaiek egun
berrian zer nolako itxura hartzen duten itaungile. Hamabi hilabeteko gurpila
zen nekazal urtea. Zalantza eta galdera ikurrez betea. Nekazari (bihurtu) gara
denok.
Argazkiak:
a) San Migel: wikipedia
b) JMVM