Badakit oso samurra dela epaiaren osteko komentarioa. "A
huevo" ipini dit Blanco jaunak gaurko hausnarketatxoa eta eskerrak ez ezik
-lerro hauek idazteko eman didan aukerarengatik- nire doluminak ere
igortzen dizkiot, 2020ko olinpiadak Madrilen izango ez direlako.
Asto aho arin eta alua! Horixe pentsatu nuen larunbat goizean,
Espainiako Batzorde Olinpikoaren lehendakariaz bere hitzak prentsan irakurri
nituenean, Buenos Aireseko erabakia baino ordu batzuk lehenago: "Dios va con Madrid 2020" Ba, Blanco jaun
txit gorena: eskumikuko prozesua ireki beharko lizuke Vaticanoak. Eta
zure aldetik dimisioa eman beharko litzatekeelakoan nago, ezgai mortala izan
behar baituzu, Jainkoaren laguntza eduki arren jokoen egoitza Madrilera ez
ekartzeko.
Ongi pentsatua, presidente gorena, zure hitz horiek justu eragin
kontrakoa izan zutela iruditzen zait, asto purtzil akaberakoa izan behar baita
Jainkoa nardatzeko halako espainiarkeria ozpin eta okagarriarekin.
Blanco kañi eta ole: beste behin utzi du garbi Jainkoak zeruko
gaiak eta lurrekoak ezin direla nahastu. Eta zuk ez duzu ezer frogatu,
txorimalo handi eta barregarria zarela baino, ergelen txapeldun olinpikoa
izateaz gain. Jainkoak begi urratuak bide ditu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina