Igaro zen Diadako katalanen
kale-erakuspena eta aitortu behar dut egun hartan inbidiak gainezka egin
zidala. Jardunaldi arrakastatsuak oihartzuna izan du mundu osoan, publizitate
kanpainarik ausartuenak erdietsiko ez zituen mailetara iritsiz eta Katalunia
mapan kokatu da ostera, nazio bezala eta estatu propio baten aldarrikatzaile
konprometitu gisa. Nola ez sentitu inbidiarik espektakulu horren aurrean?
Raxoyk eta, oro har, "Espainia bata eta zatiezina"k katalanen subiranotasuneko prozesuari ipiniko dizkioten era guztietako eragozpenak handiak izango diren arren, Kataluniako Gobernuaren eta hango alderdi politiko ia gehienen ekimenez kale erakuspen magistralean azaldutako indarra hortxe dago eta burujabetzaren aldeko karreran mugarri dezente gainditu dituzte, atzera egiterik nekez izango duena.
Guk, bitartean, noraezean segitzen dugu, labirintoan galduta bagenbiltza bezala. Euskaldunak ez gaude prestatuta jauzi kualitatiboa emateko. Mende erdi bat alperrik galdu dugu geure burua definitu gabe eta oraindik ez daukagu garbi zer garen eta nora nahi dugun joan. Gauza jakina da Franco jeneralak beldur gehiago ziela katalanei euskaldunoi baino. Ez, hain zuzen, gehiago direlako - hori egia bada ere- baizik eta ziur zegoelako balizko arriskua guk gure arteko liskar antzuetan ezabatuko geniela. Ez zebilen oker diktadorea.
Egungo baldintza objektiboei erreparatuz, euskaldunon burujabetza politikorako lasterketa galduta daukagu abiapuntutik atera baino lehen. Areago: oraingoz bederen, norgehiagoketarako dortsalak ere ez zaizkigu banatuko. Eta egiaztapen samin horren ondoan beste baieztapen batek arriskutan jartzen du etsipenari aurre egiteko nire ahalmena: burujabetza kulturalik ezean jai du Euskal Herriak. Ad calendas graecas?
Argazkia: wikipedia
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina