BILATU

uztaila 25, 2016

POBRE ETA ABERATSAK



Idi eta zaldiak hazi eta hezi zituzten belaunaldi askotako  pertsonengandik nator, lurra goldatu, egurra zatitu, igali eta barazkiak uztatu, mailuaren tiriki-tauki metalikoa sakon barneratu eta bizitza osoan ohe berdinean deskantsatu ziren nire arbasoen oinordekoa naiz. Euren pobrezian Jainkoarengan sinetsi zuten, azken irtenbide bezala. Eta mundu hobeago baten itxaropenean hil ziren. 

Kasurik hoberenean txitxarroa jaten zuen pobrea errazago ikusten bide zen zerurako bidean, aberatsak lurreko gutiziak dastatzen zituen bitartean. "Aberatsa, infernuko legatza; pobria, zeruko gloria" zioen atsotitzak eta  uste horretan mugatzen zuten gure aurrekoek lur azalaren gaineko bizimodua, izerditan eta betiereko aintzaren zain.
 
Orain legatza txitxarroa baino merkeago dago batzuetan eta elizak dioenez ez da zerumugan infernurik antzematen. Zerk bereizten ditu, beraz, pobreak aberatsengandik?

Argazkia: Tere Landa

uztaila 18, 2016

NI EZ NAIZ MESSI



Garbi gera dadila: ni ez naiz Messi. Ez dut iruzurgileekin ezer jakin nahi, nire etsaiak baitira. Ez naiz Messi, Pujol, Alonso (Fernando edota Xabi) Imanol Arias, Ana Duato, Juan Luis Cebrian, Botin edota pertsonaia mespretxagarri  horien gisako inor. 

"Oihana erretzen denean zurea den zerbait erretzen da" eslogana egin zen ospetsu duela zenbait hamarkada. Baina are gehiago zabaldu zen mezua Perich komikigileak esaerari  "... , konde jauna" erantsi zionean. Ogasun beharkizunekin betetzen ez dituzten deitoragarri horiekin antzerako eslogana atera genezake: "Zuk zure zergak ordaintzen ez dituzunean, niri egiten ari zatzaizkit kalte, iruzurgile nazkagarria"

Gizarte batek beraren kontra ari den inorekin bat egiten duenean - pasibo eta, zer esanik ez,  aktiboki- gaixorik dagoenaren seinale garbia da. Eta susmoa dut gurea osasun egoera larri baten sintomak erakusten ari dela, izan ere kriminal horiei eskuburdinak eta oin-grilloak ipini beharrean txaloka ari zaie.

Argazkia: quitopress.com

uztaila 11, 2016

HORI AL DA BIDEA?




"Egun on, Jose Maria:

Mezu honekin batera doakizu <<2016-069_XXX_In memoriam_ZUZ.doc>>, zuk zeuk idatzia eta HIZBEAko teknikariek zuzendua. 


HIZBEAn, eskuarki, honelaxe jokatzen dugu zuzenketan:

Hizkuntza (zuzenketak/proposamenak nola egin diren) 

Lexikoari dagokionez, irizpide nagusi gisa, Hiztegi Batuan “erabili (e.)” markarekin direnak bakarrik aldatu ditugu testuan bertan. “Hobe (h.)” markarekin direnak, berriz, ez ditugu zuzendu, nahiz eta batzuetan egileari proposamen bezala ohar baten bidez jakinarazi diogun. 

Proposamenak egiteko (baita morfologiaz, sintaxiaz... ere), aplikazioaren “txertatu iruzkina” tresna erabili dugu. Iruzkina txertatutako lekuan egoki ikusteko, ezinbestekoa da programa modu horretara egokitzea.

Ezinbestekoak diren zuzenketak egiteko berriz, aplikazioaren “Aldaketa kontrola” tresna erabili dugu eta beti testuan bertan markatuta geratzen dira.

Testuak zuzendu ondoren nire posta elektronikora igortzea nahi nuke. Dena dela, zerbait argi gelditu ez bada, idatz iezadazu goiko helbidera"

==========..======== 
Ustekabean jaso nuen mezuak ahoa bete hortz utzi ninduen. Ez metodologikoki ezta formen aldetik ere asmatu ez duen testuak kezkatuta utzi nau, benetan. Aurrera ala atzera goaz?

Argazkia: Tere Anda

uztaila 04, 2016

KONKISTATZAILEAK BETI BAKEZALE



Oker ez banago Clausewitzek idatzi zuen konkistatzaileek bakea maite dutela. Eta horren aburukidea naukazue. Esplikatuko naiz: espainiarrek konkistatzailetzat daukate euren burua, batez ere Ameriketako abenturari begiratzen diotenean. Eta egia borobila da Hernan Cortes, Colon eta gainerako espezimenek bakea maite zutela, hango lurraldeak ezelako erresistentzia aurkitu gabe menderatu nahi baitzituzten. Oztoporik txikienaren aurrean, autoktonoei lepoa moztu eta horrela ezartzen zuten hain bake desiratua. 

Espainiako hauteskundeen osteko hausnarketa lasaia eginda, konkistatzaileengan bakea ezartzearen aldeko mezua aditzea iruditu zait. Eskua luzatu dute irabazleek, lur konkistatuetan zaurituta gertatutakoenganantz, eta armen ahalmen guztiz boteretsuaren erakuspen garbiko keinuak lagun, "bestela ikusiko duzue" zemaitsua bota dute, beraiekin broma gutxi onartzen dutela adierazi nahi balute bezala. Bada, hori!