BILATU

azaroa 28, 2016

ISILTASUNEAN ETA NIRE KABUZ

Gero eta garbiago daukat naturaz gaindiko ezertan sinesteko derrigorrezkoa dela giza arropa guztiaz eranztea. Biluzik abiatu behar da transzendentziarako zubian barrena, ortodoxia kirastuak jota itoko ez bagara.

Ez ditut katiximak behar eta nire barnean bilduta erosoago sentitzen naiz gizakiak interbenitutako tenpluetan baino. Eskarmentuak diost giza eskuak intereseko aireaz kutsatzen duela  bizitza azala eta erantzun ezinezko galderei nire gogoaren (bestalde, zer den ez dakidana) sakontasunetik bakarrik egin diezaieket aurre, isiltasunean. Soberan dauzkat ahoskailu guztiak, anabasa nahastaile besterik ez baitidate ekartzen.

Muga, kortse eta sineskeriak itotzaileak zaizkit, hautaketarako askatasuna ukatzen baitidate. Eta haraindikotasunetik zerbait espero behar badut neuk deskubritu dudalako izango da. Egia erabatekoaren bilakuntzan pertsonen bitartekotza okagarriaren hurrena  egin dakidakeelarik, inork ez nau konbentzituko neure konbentzimenduaren bidez ulertu ez dudanaz. Eta erdi bidean geratzen banaiz, ez da ezer gertatzen; behintzat ahalegindu egin naiz.


Argazkia: Tere Anda

azaroa 21, 2016

HOMO VIATOR

Ez gara geldi egoteko jaiotzen. Bizidun guztien sena dugu mugimendua, higidurarik eza  hilotzaren islapen hutsa den bitartean. Gaixo ezindu erabatekoak ere mugimenduan ditugu etengabe, barne autopista azkarrean edo ildo estu malkartsuko abiadura motelean. Baina beti bidean.

Azken finean horixe gara gu, homo viator, atsedenik  gabeko bidaiariak, eta bizitzako une guztiak ikasten ematen ditugu, eremu berrietatik edo ohiko bazterrei etekin desberdina atereaz. Badira bi eternitateren arteko egonaldiari trantsitu deitzen diotenak eta garbi dago hitz horren bidez nonbaitetik norabaiterako bakoitzaren bidaia adierazi nahi dutela.

Mugimendua barne aberastasunarekin erlazionatzen dutenen aburukidea nauzue. Izpiritu aberatsa erion ohi du bidaiariak, ikasteko beti prest, balizko eroritik ostera jaikitzeko beti gertu. Bidaia, nahi bada, behin behinekoa izan daiteke, baina ez dio inoiz mugimendua izatezko nolakotasunari uzten. Kanpo edo barne higidura den berdin dio. Inportanteena mugimendua bera da. Bidaiari izatea. 

Argazkia: Tere Anda

azaroa 14, 2016

HAIZEA ARI DA HILOBIEN GAINETIK…

Raxoiren politikak ezkerralderako bira egin zuen bat-batean iragan asteartean. Trumpek eragin zuen miraria eta peperoen liderrak bularra erakutsi zuen, harro, "Begira, begira... Zertaz kexatzen zarete?" aurpegiratu nahi izan baligu bezala. Eta gu isilik egon behar, ez baitabil guztiz oker!

Kristaleko kolorearen araberako sentsazioek markatzen dute subjektibismoaren oinarria eta munduko zirko politikoari erraldoitu egin zaizkio ipotxak presidente estatubatuar berriarekin. Oraintsu arte ikusitakoarekin, mundua amildegira eramaten ari den burugabekeria politikoa geratzeko esperantzari inork gutxik eusten zion. Trumpekeria nagusitu denetik, ordea, ilundu egin dira zeruko ostarte apurrak. 

Zer gertatzen ari da? Zer esku beltzek ukitu ditu
arrazionaltasunaren zutabeak?  Erantzunen bila gabiltzan bitartean, ordea, eguneroko borrokak segitzen du, zeharo garaituko ez bagaituzte eta ostiralean betiko joan zitzaigun Leonardekin batera kantatu beharko dugu aspaldiko "Haizea ari da hilobien gainetik. Laster etorriko da askatasuna"

Argazkiak: Tere Anda, El Mundo

azaroa 07, 2016

MARRA GORRIAK

Badago Madrilen gobernua; beraz, hemen bake eta gero aintza. Ez da ezer gertatu, ez da ezer mugitu eta aurrerantz egin zitekeela uste genuenok ahoa bete hortz geratu gara, hamar hilabetetako desproposito erraldoiaren aurrean.

Hirurehun egun joan zaizkigu marra gorriez denetarikoak entzuten. Nork bereak jartzen zituen, zegokion eta ez zegokion esparruetan, hemendik ez naiz pasatuko ozen adieraziz, eta azkenean mapa politikoa irakurtezina geratu zaigu hainbeste arraiarekin. Inork ez daki ondokoak noraino eskaintzen duen zer eta labirinto itogarrian galduta ikusten ditut alderdiak, irabazlea barne.

Marra gorriek joko zelaia baldintzatzen dute . Niri ez zait sekula isolamendua gustatu, nahiz eta batzuetan osasungarri gerta daitekeela uste dezakedan. Baina garbi dago marra irmoek, denek, interkomunikazioa eragozten dutela.
Buru zurrunkeriak, beraz, oso langa gaindigaitza eraikitzen du jendartean eta horrek kalte besterik ez dakar. Zoritxarrez, gero eta esparru itsu gehiago ditugu gure inguruan, aske ibiltzea ezinaren hurrena bilakaraziz.


Argazkia: 123rf