BILATU

uztaila 27, 2020

ALDA DEZAGUN JANTZIA


Uda aurrera doan neurrian garbiago agertzen zaizkit gaztetxo nintzela Arrasateko igeritokira joaten nintzeneko irudiak. Berrogeita hamargarrenetako ekonomia ahul hartako, bizitza betebeharrak ozta-ozta estalita etxe gehienetako gurasoek hil amaierara ailegatzeko sarerik gabeko ekilibrismoa egiten zuteneko une gogoangarriak plazerez ari dira nire baitan dantza egiten. Eta ikusten naiz belaunetarainoko oihalezko bainu jantzi urdin batekin, material bereko gorro gomadunarekin burua estalita, bainatzeko aukera paregabea dastatzera prest. Zoriontsua nintzen - ginen- inozotasunaren askatasunean, gure aita-amen estutasun ekonomikoei arreta eskaini gabe.

Oraingo umeak ere, askoz bitarteko sofistikatuagoekin, zoriontsuki baliatzen dira bainu bizigarriko abagunean, argi eta garbi frogatuz inportanteena ez dela zenbat inbertitu duten euren gurasoek material eta azpiegituran baizik eta jostagarria aukera askearen ondorioa izatean. Beraz, umeek inozotasun gordinetik erakusten digute berezko borondatea prezio desberdinetan sal daitezkeen objektu guztien gainetik dagoela. Eta egiaztapen horrek pentsarazten dit umeak ditugula gizakirik askeenak, eta oraindik gure bizitza-ibilbidea fruituz bete dezakegula, geure burua haur arropekin jantziz gero.

Argazkia: JMVM

uztaila 20, 2020

ERRESILIENTZIA


Beste inoiz ere idatzi dut gure bizitzan egun batetik bestera agertzen zaizkigun hitzetaz, eta gaur ere txoko honetara dakart duela gutxitik egundoko indar eta maiztasunez erabiltzen ari den erresilientziaz. Jakina beti izan dela egoera zail eta konprometituetara gizakiok erakutsi ohi dugun ahalmena, horixe baita hitz horren esanahia. Baina hirurogeita hamar urtetako irakurgai eta solasaldietan askoz gutxiago ageri zait zorioneko berba hori azken hilabeteotan baino. Nondik nora hazkundea?

Zalantzarik gabe, birusak entxufatu gaitu termino horretara -ez dut esaten berria denik- eta antza denez askoren hiztegia findu eta aberastu da erresilientziarekin. Baina garbi daukat denek ez dutela modu egokian erabiltzen, izan ere berba bat modan jartzen denean egundoko abiadurarekin hazten da zabaleran, eta sarritan bere baitatik adierazpen ugariko eskaintzarekin amaitzen da. Beraz, ustezko aberastasun lexikala nahasi zorabiagarria bihur daiteke.

Euskarak erdaratik xurgatzeko duen ahalmen handia kontuan izanda, batzuetan erresilientzia osoa beharrezkoa egiten zait iristen zaizkidan mezuak zentzu aproposean ulertzeko. 

Argazkia: Zuriñe

uztaila 13, 2020

DENOK GARAILE

Auskalo zer gertatuko zen koronabirusik gabe, baina funtsean ez genuela oso emaitza desberdinik izango iruditzen zait. Ez dut uste - jakina,
suposamendu pertsonala- izurritearen eraginak nabarmen intziditu duenik Legebiltzarrerako hautaketan. Keriak eta tasunak pandemia guztietatik ateratzen dira bizirik eta inoren ezeko lurretako bazterretan zalantzak daitezkeen arren azkenean urek uberka naturalera jo ohi dute, orain arte bederen, politikagintzan. 

Datozen lau urtetako euskal politikaren kudeaketan lurrikarak ikusiko baditugu ere, hiritarrak - berezko puntu kontserbadoreari helduz- ahalik eta ibilbiderik lauena nahiago izan du, trazatu ezagunaren ziurtasun babesgarriari lehentasuna emanez. Eta gaurtik aurrera boto emaileok etxeko atartean eseriko gara, euren arteko lehiakide desberdinen jokoarekin aspertuta, eta horien hilotz politikoa noiz igaroko zain. Horixe du demokraziak berarekin, inor ez duela asetzen baina guztion oniritziarekin funtzionatzen duela. Eta saltsa-maltsa horretan demokrazian sinesten ez dutenek ere arraindu egiten dute, sistema irauli ahal izango dutelakoan. Izan ere, Chiquito de Amurrioren jarraitzaileak legio bat dira, zentzu bikoitzean.

Eusko Legebiltzarrerako etapa berria amaitu zen atzo. Irabazleek besoak altxatu zituzten helmugan; baina gauza bera egin zuten galtzaileek ere, itxura guztien arabera amaierarik ez duen norgehiagoketa nekagarrian inoiz ereinotzezko koroia jantziko dutelako esperantzan. Total: denok garaile.

uztaila 06, 2020

BORTITZ ERGELAK


Ergelaren bortizkeria da arriskutsuena, hilgarriena. Burutsuarenak bere alderdi, diodan, adeitsuak eduki ditzake, modu bortitzean eragindako heriotzak inoiz ez duela ezer goxorik izango aldez aurretik adierazita, mistiko eta santuentzat ezik.

Ergel bortitzen kasuez beteta dago historia, Cainengandik hasita, Adan eta enparauak historian kokatzerik balego. Badirudi historiako testuek era bereziz aurkeztu nahi dizkigutela gizaki burumotzen balentriak, eta zerrenda luze-luzea osa genezake euren izenekin. Ekin, ekin - irakurle estimatua- eta ikusiko duzu noraino heltzen zaren. Eta zein nolako tipologiakoak diren jabetuta, desertuko hondar aleak baino ugariagoak direla ohartuko zara.

Baina gaur nabarmenki ekarri nahi dut gogora, eskrupulurik gabeko bortitz ergela, bere utzikeria eta aldeko jardun deitoragarriarengatik ingurukoen bizia arriskuan jartzen duena. Toki guztietan ematen da, ergelkeriak ez baitu muga geografikorik, eta jasaten ari garen izurritearen bilakaeran zehar denetarikoak ezagutu ditugu, izurritea bera ukatzen duenarengandik abiatuta. Bidean daude, noski, osasun-neurriak hanka azpitik pasatzen dituzten kolore guztietako burmuin gabeak, jai giro petrala muturrez haratago eraman nahi dutenak, besteon zuhurtziaren gainetik Atilaren zaldia balira bezala igarotzen direnak. Horiek ez dira bortitzen historiara igaroko, baina izan badira, zeruetako izarrak beste.