BILATU

Ukraina etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Ukraina etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

uztaila 21, 2014

WHAT A WONDERFUL WORLD?




Biziki atsegin dudan Louis Armstrongen abestia entzuten ari nintzen eta ezin nuen nire burutik ez-soseguaren sentsazioa uxatu. Eguneko albisteak nituen presente eta "Satchmo"ren hitzak errealitatearekin nekez egoki zitezkeelako egiaztapen mingotsak gainezkatzen ninduen, guztiz.

Israelek Gazan palestinarrekin buruturiko sarraskia ikusten ari nintzen alde batetik eta Armstrongek mundua ederra dela ikusarazi nahi zidan, behin eta berriz.
Ukraina eta Errusiaren arteko liskarren ondorioz eroraraziko hegazkinaren irudiak zekarzkidan telebistak  Orleans Berriko abeslariak bere mezu optimista helarazten zidan batera.

Zerbait ez zitzaidan koadratzen. Hainbeste odol eta burugabekeriaren aurrean  botere politikoak itsuarena egiten ari direnean ... mundua ederra dela baieztatzeak jokoz kanpo uzten ninduen. Eta hurrengo oporraldiaren esperoan gizarte zibilak ere beste norabait begiratzen duenean … esperantzari eutsi ote diezaiokegun zetorkidan burura. Benetan, ez nintzen eroso sentitzen.

Nola arraio iritsi gara gizon emakumeok hain krudelak izatera? Zerk eraman gaitu lagun hurkoari horrenbeste kalte eragitera? Nork gera lezake betiko berezko bortizkeriaren garra?

Orduan, galdera latzekin batera, Armstrongen  desio eta iragarpen tantez  zipriztinduriko abestiko azken notak aireratu ziren eta nigan gorputz hartu zuen beste behin itxaropen izpi txiki batek, lehen ere hamaika aldiz gertatu izan zaidan moduan:

I hear babies crying, I watch them grow.
They'll learn much more than I'll never know.
And I think to myself what a wonderful world!

Zaila, oso zaila jarri digu abeslari bikainak inoiz gure jokaera lazgarriari buelta emateko gai izango garela sinestea. Baina odol tanta bizi batekin segitzen dugun bitartean …

Argazkiak: Washington Post, El Universal

martxoa 10, 2014

KRIMEA ETA ERREFERENDUMA



Arrazoiaren indarrak ezin du, epe laburrera bederen, ezertxo ere egin indarraren arrazoiaren aurrean. Historikoki hamaika aldiz frogatu ahal izan dena berriz gertatzen ari da Errusia-Ukraina gatazkan. Eta  AEB-Errusiaren arteko pultsu politiko sekularrean (Europari zer interesatzen zaion asmakizun dugu)  beste behin azaldu da Krimea auzia, ezten pozoitsuren gisa. 

Sebastopol
Putinen gobernuak ziztu bizian jarri du martxan erreferenduma, krimeatarren gogoa zein den garbi uzteko. Ez dakit zergatik baina hiritarrek zer erabakiko duten zalantzan izan balu Putinek kontsultarako deia ez zukeela babestuko iruditzen zait . Eta zuri?

Nazioarteko kritiken artean - espainiarra barne- ez dut bat ere ikusi, Krimearen etorkizuna ukrainatar guztiei dagokiela defendatuz. Baina zertan gaude? Berdin dit, Nikita Kruschevek hartutako erabakiarengatik Krimea Errusiatik Ukrainara 1954an – hortxe bertan oraindik-  pasatu izanak. Administratiboki egun ukrainatarra da Krimea. Beraz, ez al lukete Ukraina osoko hiritarrek parte hartu beharko krimeatarren "borondatea" zehazteko?
 
Ba, hori! Arrazoia eduki dezakegun arren...  indarra falta zaigula. Armek ahalbidetzen dutena.






Argazkiak:  wikipedia