BILATU

herri-kontsultak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
herri-kontsultak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abendua 02, 2024

AZAROA, HILABETE PENTSARAZLEA

 


Azaroa, hile bitxia, Domu Santuarekin abiatu San Andresekin bukatu. Gutxi gora behera horixe dio erdal errefrauak. Eta benetan azpimarragarria gertatu da maila orokorrean. Horra hor, gizateriaren etorkizun ziur gabea markatzen duten AEBetako hauteskundeak, zalantzagarriak ez hainbeste datozen urteetan nazioarteko edo munduko politikaren zoruan ekar dezaketenagatik, baizik eta politika egiteko ohiko moduarekiko hausturarako adierazten duenagatik.

Munduko gaur eguneko gizakirik aberatsenak bere milioiekin lagunduko duen herrialde boteretsuenaren gobernuko figura izateak agerian utzi du beste behin politika zer den. Horrelako pertsonaiek iraunarazi nahi dutenaren lehen urratsa baino ez da: mundu txikitxoa euren martxa-doinuan mugiaraztea. Eta beren burua gero eta aberatsagoa ikustea, gizadi esklabo eta ergel baten kontura. Orain arte ere horrela bazen, aurrerantzean mendekotasun harremanak okerrera egingo du.

Azaroan ere aspertzen jarraitu dugu estatu politikarekin, etengabeko elkarren kontrako agertoki batean gaudela eskuinak gobernuan dagoen bere oposizioa lurrez, itsasoz eta airez gelditu gabe astintzen segitu du. Bitartean, exekutiboa indarrik gehienekin sostengatzen duen alderdiaren baitan ustelkeriaren kasuak biderkatu egin dira.

Eta tokiko mailan herri-kontsulta loteslerako deia egin digute, eta, behintzat niri, herri hauteskundeetan bozkatzeko nire ohitura aldatu behar ote dudan azterrarazi dit.

Bada,  hori, San Andresek, politikoki hitz eginez, pentsarazi digun hilabete bitxia itxi du.

Argazkia: Ekain

azaroa 15, 2024

HERRI-KONTSULTAK


Demokratikoa denik ezin uka,  baina  bere osotasunean erlatiboa gerta daiteke, batez ere ondorioen aplikazioari dagokionez. 

Partaidetza-kontsulten alde nago, betiere parte hartzearen oinarrizko alderdiak aintzat hartzen badituzte, hala nola, -adibidez-, ordezkari politikoek arazo zehatz bat ebazteko zeharoko ezintasuna, eta -gainera- ez badute inoiz ordezkaritza politikoa bere erabaki-eginkizunean erabat ordezten.

Auzotarrak kontsultarako prestatu eta deitzeak ez ditu deitzen dutenak ardura politikotik salbuesten. Ordezkari politikoak dira erabaki behar dutenak, eta ez diete inoiz herritarrei bota behar hautatu zituztenean bere gain hartu zuten betebeharraren zama. Herri-kontsulta batean, herritarra ezin da bere eginkizunean kontsultatua izateaz haratago joan.

Eta kontsultari inoiz ez zaio eman behar erabakigarrizko balio absolutu handiagorik, kontsulta sustatzen duen erakundeari hauteskunde-ordezkaritza edukitzeagatik dagokiona baino. Beste edozerk hauteslegoa zorabiatzea lekarke, eta horrek iruzurra eragin lezake. Horregatik herri-kontsultak, berez, ez du ordezten eragileen erantzukizuna.