BILATU

askatasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
askatasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abendua 20, 2021

AZKENIK ASKE


 “Azkenik, aske! Jainkoari eskerrak ematen dizkiot, azkenik aske naizelako” horrela irakurtzen da 1968ko apirilaren 4an erail zuten Martin Luther Kingen hilobian. Agian gazteenek ez dute jakingo Luther King, AEBetako arrazakeriaren kontrako borrokalari sutsu eta burutsua izan zela, eta indarkeriarik gabeko erresistentzia aldarrikatu zuela bere ekintzak aurrera eramateko orduan.

Egia da erabateko askatasuna heriotzak bakarrik ahalbidetzen digula, egia bada ere une horretan bizidunen artean geratzen direnei behintzat gure egoera berriaren erakuspena eratzea ezina dela. Martin Luther Kingek askatasuna mundu honetan nahi zuen baina balek eragotzi zioten bidea. Eta beste munduaren askatasuna besarkatu behar izan zuen.

Pandemia dela eta, txertatuen eta ez txertatuen askatasuna ez da berdina. Nirearen mugek talka egiten dute bestearenekin eta automatikoki auzia pizten da bestearen esparrua nork inbaditu duen argitu gabe utziz. Ez bide dago irtenbiderik eta eztabaida mingotsean galtzen gara, indibidualki eta giza talde gisa ahulagoak bihurtzen garen bitartean.

Egiaztapen bakarra da, birusak bere lana egiten segituko duela, eta batzuei betiko askatasunaren giltza ematen dien batera, besteei askatasunaz ezbai antzuan iraun ahal izateko igarobidea eskuratuko die. Horrela, donec venit hora novissima, azken ordua heldu arte.

Argazkia: JMVM

iraila 03, 2018

DIZIPLINA SORTZAILEA


Gero eta murritzagoa agertzen zaigu izpiritu askearen esparrua; gero eta estuago sortzailearen askatasuna. Atzera jo izan balitz bezala, badirudi egungo gizarteak ahaztu egin dituela oinarrizko bi printzipio: lehena,  artistak, bere lan sortzailearen bidez, gizakien arteko diferentzia txikitu egiten duela. Bigarrena, berriz, obra artistikoaren bitartez gizakiaren sormena gorengo erpinera heltzen dela.

Gure inozotasunean zentsura hilda zegoela pentsatzera ailegatu ginen. Iraganeko mamutzar gogo-kamustailea betiko ahaztuko genuela iruditu zitzaigun eta libertatearen hegoek artearen independentzia lau haizeetara hedatuko zutela uste izan genuen.  Idazle, eskultore, musikari, antzerkilari, zinegile eta abarrek  libreki sortuko genuen aurrerantzean. Eta artistak mundu berriko argi dirdiratsua izango ziren.
 

Bai zera!! Artearekiko gutxiespena sendotu egin da gure artean, kultura (?)  alienagarria nagusitu zaigu eta botere publikoetatik sortze askearen prozesuari kateak jartzen zaizkio. Esanekotasunik ez darion ekimenari, kaina! Horrekin guztiarekin, egiari zor beharko litzaiokeen zintzotasuna hautsi egin da eta artista morroi bilakatu zaigu. Salba gaitzakeen bakarra geure buruarekiko diziplina konprometitu eta sortzailea da, borroka askatzailean zutik iraunaraziko gaituena.

Argazkia: JMVM


azaroa 13, 2017

OINEKIN IBILI



Nork bere oinek daramaten ibilbidetik barrena egitea ariketa osasuntsutzat daukat, batez ere buruarentzat. Etxetik atera baino lehen ibilbidea markatuta edukitzeak seguritatea eman diezaioke protagonistari baina, frogatua daukat, emozio puntu bat kentzen dio abenturari. Behintzat niri sarritan gertatu zait etxera "bidai programatu" horietako batetik itzuli eta barne satisfakzioaren maila txikiagoa izan, gero eta usuagoak ditudan ibilaldi anarko samarretatik iristean baino. 

Izpirituari ahalik eta askatasunik handiena eskaini behar zaio. Bestela ez litzateke izpiritu izango, edozein suzedaneo kaskarra baizik. Itotzen gaituzten hainbat eta hainbat kortse sozial, ekonomiko, kultural edota erlijioso behingoz popatik hartzera botatzea derrigorrezkotzat daukat nire burua zeharo automata bihur ez dakidan. 

Interesgarria da edozeinentzat lantzean behin bizitzan barrena norabiderik gabe egitea, garrantzitsuena ez baita iristea baizik iristeko ahaleginean zer bideak erabili dituzun ezagutzea.

Argazkia: JMVM

urtarrila 25, 2016

LIBERALISMOA VS. ASKATASUNA




Varoufakisek zioen lehengoan hautestontzien emaitzak stablihment-ekoek gustukoak ez dituztenean demokrazia kolokan jartzen dela. Ezer berririk eguzkipean! Baina, dena den, errepikatu beharreko letania dugu Greziako Finantza ministro ohiarena, bederen kontzientzia gaitezen eta inork  engaina ez gaitzan.

Norbaitek  liberala dela esaten badit nire neurriak hartzen ditut, gutxien espero denean kartera lapur baitiezadake. Politikan ez dago ezer arriskuagorik liberal bat baino. Euren interesen kontrako ezeren aurrean interbentzionistak bilakatzen dira, ejertzitoaren parte hartze azkarra eskatuz.

Eta zer esan bere burua ezkerreko edo eskuineko liberaltzat duenaren gain? Baina, jaun andreok, nola arraio izan daiteke liberal eta ideologia-esparru itxiko militante? Irakurleak ezagutzen al du txoririk zeru infinituko espazioan beti itzalean edo beti eguzkipean dagoena? Liberal denak  haize guztietara egon beharko luke irekia, eta nik ez dut oraindik aurkitu horretarako prest dagoenik.

Ideologia politikoaren inkongruentzia  da ezkerra/eskuina eta liberalismoa. Eta ez dakit kasualitatez izango den baina liberalismoa eta eskuina, normalean, batera joaten dira, liberalek euren jarduera hitz arranditsu hutsetako diskurtsorekin apain ditzaketen arren. Liberalismoa eta askatasuna antagonikoak direlakoan nago. 

Euren egitez ezagutuko dituzu! Ba hori, Jainkoak libra nazala adiskide liberaletatik fatxetatik ni neroni libratuko naizela!

Argazkiak: Wikipedia