BILATU

azaroa 01, 2026

ARIMAK DANTZAN


 
Garai batean, bi ospakizunak egiten genituen. Gaur egun, ordea, dena apalagoa da; arreta pixka bat jasoko balute ere, gehiengo zabal eta gaztearentzat guztiz oharkabean pasatuko lirateke —salbu eta, atzo gertatu zen bezala, igandez egokitu eta egutegian gorriz markatuta agertzen badira.  Gogoan dut, duela hirurogei urte inguru, Domu Santu Egunaren ondoren Arimen Eguna ospatzen zela, eta horrek zalantza bat sortzen zigula: zer ospatzen ari ginen, zehazki?

Azaroaren lehena ofizialki aitortutako santuak eta ordurako zeruko loriaz gozatzen ari ziren guztiak ospatzeko bazen ere, azaroaren bigarren eguna artean beren santutasuna osatu beharra zuten hildakoen arimen aldeko otoitzetarako gordetzen zen, betiko erreinua lor zezaketen. Vatikano II. Kontzilioaren ondoren Eliza Katolikoak ospakizun hau bertan behera utzi ez bazuen ere, hark gizartean zuen garrantzi handia galdu zuen, eta garai batean harekin batera egiten ziren herri-ospakizunak lurrundu egin ziren.

Interesgarria da aipatzea *Gau Baltza*-ren jatorria hildakoen arimei lotutako antzinako tradizioetan egon daitekeela. Arima horiei beren lehengo etxeetara itzultzeko bidea aurkitzeko, harrapatuta zeuden iluntasunetik ihes egiteko laguntza eskatzen zuten. Eta bizidunek argizariak pizten zituzten leihoetan eta balkoietan, baita errepideetako puntu jakin batzuetan eta bidegurutzeetan ere. Horrela, arimek norabidea aurkitu ahal izaten zuten, eta ondorioz baita senideek eskainitako laguntza eta oroitzapena ere.

Ondo pentsatuta, *Gau Baltza*ren benetako data azaroaren 1etik 2ra bitartean egon daiteke. Baina ez ditut bakean dauden arimak asaldatu nahi… Ospa dezatela nahi dutenean. Ni, behintzat, ez naiz joango.



 

urria 25, 2026

KIMIKA GARA

 


 Behin baino gehiagotan baliatu izan ditut nire gogoetetan hamabost urteko gaztetxo nintzela oinarrizko filosofiaren inguruan jasotako klase haiek. Gure irakasleak eskolatik gertu zegoen zelai batera eramaten gintuen, eta zuhaitz erraldoien itzalean, pentsalari klasikoak zein Voltaire eta Rousseau bezalako filosofo modernoak ezagutarazten zizkigun. Egia esan, ikasgelaren hormetatik urrun egindako saio haiek abiapuntu ezin hobea izan ziren humanitateen arloan geroago jaso nuen prestakuntzarako. Eta sakonki eskertzen diot nire barneko su-ontzian txinparta hori piztu zuen irakasleari.

Azkenean, irmo sinesten da bizitza zirkunstantzien errosario bat dela —gu ikusle hutsak garela—, eta denok desberdin egiten gaituen formula kimiko soil batek eusten diola horri guztiari. Ez dira zirkunstantziek gu bereizten gaituztenak, baizik eta, funtsean, kimika. Voltaire eta Rousseau aipatu ditut, eta ezin dut saihestu gogoratzea haiek nola igaro ziren elkarrenganako miresmen sakonetik gorroto bizira. Hori guztia, filosofikoak ez ziren uste sendoek elikatutako eta gero eta antagonikoagoak ziren jarreren ondorio izan zen. Hala ere, uste dut besteenekiko miresmenak eta errespetuak gailendu behar dutela norberaren egoaren jokabide txarren gainetik; izan ere, ego horrek joera handia du horrelako gatazkak sortzeko. Kimika, finean.

urria 18, 2026

TRAPIELLO EDO DISKURTSOAREN HUTSA

 


 Andres Trapiellori entzun diot arestian, musika klasikoaren gaineko irrati-tertulia batean. Aitortu behar dut nire bizitzako etapa batean Trapiello idazlea jarraitu nuela. Duela urte batzuk, harengan adimen orekatua aurkitu nuelakoan nengoen, eta eroso sentitzen nintzen bere liburu batzuk eta aldizkari eta egunkarietako ohiko ekarpenak irakurtzean. Antzeko zerbait gertatu zitzaidan Javier Cercasekin. Baina, nor norbera eta bere inguruabarrak dela dioen esaerak edozein bizidunekin frogatzen duen bezala, Trapiello aldatu egin zen; ondorioz, interesa galdu nuen berarekiko, eta pixkanaka saihestu beharrekoen artean sartu nuen.

Edonork aukera dezake —hainbesteko ugaritasunarekin eta terminoaren benetako esanahiaren ulermen formal faltarekin— deitzen den "erosotasun eremu" ospetsuan. Hala ere, kezkatzen nau, Trapiello eta enparauen eskuin muturreko erretorika sasi intelektual horrek —egileek ukatu arren, masa protofaxistak lozorroan edukitzera eta engainatzera zuzenduta—, kontraesanen lurralde itxia den Espainian hain modan dagoena. Pertsona baten erosotasun eremua beste baten tortura tokia bihurtzen da, eta ez dut denborarik neure burua engainatzen uzteko.

Ni ere aldatu naiz eta muturrekoetatik aldentzeko ohitura hartu dut urteekin; dardarka jartzen naute. Adibidez, eskuina ezkerra baino askoz toleranteagoa dela dioten hedabideetako erizleek zabaldutako baieztapen ezaguna; ez dut ukatzen baieztapena nahitaez okerra delako, baizik eta aipatutakoen moduko pertsonaiak —liberalismo motarik gizagabeenaren zerbitzura boligrafoak eta ahotsak erabiltzen dituztenek— ez dutelako inolako lerro ideologikorik marrazteko gaitasunik. Intelektual toxikoak dira —ez ezkertiarrak ez eskuindarrak—, hainbeste desiratzen duten santutegi diruz lagunduan ezkutatuta, eta horrek errazten die otzan jokatzea opariekin bat egitea saritzen dutenekiko.

Argazkia: freepik

urria 11, 2026

MARGO TAILERREAN


  Hamar urte nituela, marrazketan nire lehen gutxiegi jaso nuen. Gasteizko Ramiro Maeztu Institutuan izan zen batxilerraren lehen ikasturteko azterketan, oraindik nire oroigailu kuttunen artean gordetzen dudan ikas-kartillan ikus daitekeen moduan. Eta horren harira diodan, argazkian azaltzen diren bi sinadurak Eduardo Madinaveitia eta emazte izango zuen Mertxe Villaciani dagozkiela, geroko bizitza-ibilaldian bihotzeko adiskideak izan nituenak. Eta nigan gaitasun artistikorik ikusi ez zuen irakaslea Julian Ortiz de Viñaspre “JOVI” izan zen, hura ere urteetara Urrezko Zeledonetan lagunkide izan nuena, eta inoiz nire gutxiegiko anekdota pairatu behar izan zuena. Egia esan, irakaslea zuzen egon zen nire gaineko ebaluazio akademikoan, ez bainaiz inoiz marrazteko edo margotzeko talentuarengatik nabarmendu.

Gauza da, ia hirurogeita hamar urte geroago, Bergarako Luis Lascurain artistak eskainitako bi eguneko margo tailerrean parte hartu dudala. Aitortu beharra daukat, ideiak mihise batera estiloz islatzeko gaitasuna dutenak nola ari ziren zuzenean ikusteko gogoz eman nuela izena ikastarorako. Eta ez naiz damutzen parte hartzeaz... hori bai, ikasle behatzaile gisa, ez baitut bi egunetan pintzel bakar bat ere eskuratu, erabat barregarri geratuko ote nintzen beldurrez.

Ezagutzak ez duela tokirik hartzen diote. Eta hori egia denik guztiz konbentzituta ez nagoen arren, ikastarotxoan eman ditudan bi egunek aukera ahalbidetu didate berriro ere baieztatzeko teoria funtsezkoa dela abiatzen garen edozein abenturarako, artean, zientzian edo lan munduan. Izan ere, behin eta berriz frogatu da teoria on bat baino ezer praktikoagorik ez dagoela.

urria 04, 2026

ERGELEN DEMOKRAZIA


Ergelkeriaren eta demokraziaren arteko zerikusia sistema demokratikoak boto guztiei balio bera ematean datza. Horrek etengabeko arriskua sortzen du: informazio-faltak, manipulazioak edo herritarren utzikeriak buruzagi kaskar eta okerrak boterera iristea ahalbidetu dezakete. Hortxe dago gakoa, jaun-andreok- bizi ari garen munduko espektakulu negargarriari dagokionez. Horrek esan nahi al du demokrazia sistema ezegokia denik? Mesedez! Ez doa hortik.

Ergelkeria ez da delitu, jakina. Ezaguna da, Naturak ematen ez duena Salamancak ez duela mailugatzen. Gizon-emakumeok mugatuta jaiotzen gara eta norberaren garapenerako joko-neurriak ez dira infinituak. Dena den, eguneroko praktikak darakutsan legez, ergelkeriarako mugak mugikorrak ei dira, eta goiko botere-ezkutu (eta ez hain ezkutuetatik) pentsamendu kritikoa eraso egiten da eta boterearen mekanismo guztien bidez mespretxatua izaten ari da intelektoaren erabilera. Nola moldatu norbera suntsitzen duena errealitate bakar eta posible gisa onartzen duen herritarra? Ergelkeria zibikoa da formula. Horrela bakarrik uler daiteke, adibidez, osasungintza publikoa arbuiatzen duen behargina edota ahalbidetza sozialaren kontra ageri dena.

Behin eta berriz aldarrikatzeagatik arnasarik gabe erortzeko arriskua daitekeen arren, demokrazia babesteko modu bakarra pentsamendu kritikoa irakastea dela azpimarratu behar da, guztiontzako askatasuna bermatzeko sistema politikorik onena dela ozenki defendatuz.

Argazkia: Daniel Innerarityren "La defensa de la democracia" liburutik

iraila 27, 2026

LEHORREAN


 Nabigatzeko sasoia amaituta, hurrengora arte lehorreratu dut belaontzi txikia. Hilabeteak igaroko dira, berriz ere belak altxatu eta lema hartu aurretik, eta bidaia zaildu dezaketen haize-boladen presentziaz eta haizearen abiaduraz arduratu, edo zeharkaldian izandako batez besteko abiadura kalkulatu baino lehen.

Egia bada —egile klasiko batek behin esan zuen bezala— pertsonen artean bizidunak, hildakoak eta itsasoan nabigatzen dutenak daudela, neure buruari galdetzen diot zein kategoriatan egongo ote naizen hurrengo bidaia egin bitartean. Ez pentsa nire bizitzako helburua etenik gabe urak zeharkatzea denik; hala ere, egia da bizitza desberdina iruditzen zaidala lema eskuan hartuta nagoenean. Eta baldintzak zenbat eta zailagoak diren, orduan eta gehiago baloratzen dut ezagutzaren, pilatutako esperientziaren eta zailtasunen aurrean erakutsitako erabakitasunaren arteko elkarreragina.

Dena den, ez pentsa kontua denik arriskuaren aurrean sufritzea —hori zentzugabekeria litzateke—, baizik eta espirituari sosegua ematea; izan ere, gogoak biziki behar du horrelako ukendu asegarria. Onartu beharra daukat nire bidaiak ez direla inoiz ikusgarri horietakoak izan. Behin bakarrik amestu nun ozeanoak zeharkatzeaz, eta ametsak itsasoan lehen aldiz irauli nintzen arte iraun zuen. Laburbilduz, xumeak izan dira nire jomugak, baina horrek ez dit eragotzi sari zoragarriak jasotzeko aukera; izan ere, ondasun materialek ez bezala, nireak gordetzeko ez dut ez armairu ez apalategirik behar. Neure oroimenean ditut, eta bizitza-bidaian aurrera egiten laguntzen didate.

Argazkia: JMVM

iraila 20, 2026

ALDE GUZTIETATIK HIL EZKILAK

 Antzinako jakintsu batek - klasikoren etiketa daraman horietakoa- esan zuen zuhaitz bat okertzen bada naturaren eraginez dela, hark ematen baitio eitea eta norabidea. Gu ere naturaren parte garenez —eta hori ukatzen duenak ez du ezer ulertu planeta honetan zergatik gauden—,  kolektibo gisako geure ibilbidearen okerra geure ekintzen ondorioa da. Ez dago hori ukatzerik.

Ceuta eta Melilla, giza komunitateen bizileku gisa interesatzen zaizkit, soilik—kolektibo horiek Afrikako kokalekuak hautatu baitzituzten euren habitaterako. Neurri berdintsuan eta arrazoi bertsuengatik interesatzen zaizkit Madril, Donostia edota Paris, bakoitza bere latitudean. Puntu geografiko horien inguruan -horixe baino ez baitira— sor daitekeen edozein gatazka gizateriaren jokabide txarretik dator; izan ere, gure espeziea, antzinako animalia-espezie ezezagun baten hondakinik txarrenekin osatutako nahaspila bat besterik ez da. Negar-malko eta goragale eragiten du ingurura begiratu eta bizitzaren alderdi guztietan indarkeria eta gorrotoa besterik ez ikusteak.

Mundu mailako gatazka baterantz goaz, eta zalantzarik gabe, botere osoa lortzeko lehian ari diren interes ekonomikoen adina alderdi egongo dira tartean, plaza publikoan espektakulu odoltsu eta suntsitzailea eskaintzeko. Ergel hutsaren logikak agintzen du, eta inor ez da une bat ere geratzen hausnartzeko: zenbat eta ozenago oihukatu, orduan eta gehiago hazten gara  berezko ezintasunean. Hondamendi-ikuspegia eman nahi izan gabe, geure hil-oihala ehuntzen ari gara, izaki arrazionalak garen heinean.

Eta inork ez diezadala esan egungo egoera behin-behinekoa baino ez denik. Noski, hala da! Baina egoera okerrago baterantz goazelako. “Ez dugu bakea jokoan ipiniko, gure eskubidea da” esaten zaigu, gero eta liskar gehiago sortzen diren bitartean. Eta ehorzketaren tronpetek hil eresia jotzen dute…”gora gu, heriotza besteei” oihukatzen den bitartean, modu pluribektorialean.

Argazkia: milla cero.