BILATU

legeak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
legeak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

martxoa 02, 2015

NORK EPAITZEN DITU EPAILEAK?

Zuzenbide Fakultateko azterketan ikasleari izenburuko galdera egingo baliote erantzun logiko bat izango litzateke honako hauxe: demokraziaren barneko mekanismo egokiak babesten gaitu epaileen balizko desbideratzeetatik. 

Zuzenbide Fakultateko kafetegian, ordea, denek dakite erantzun teoriko hori aspaldi baliogabetu zela. Eta aspaldikotasuna ez dagokio, otoi!, Raxoi peperoaren agintaldiari, galiziarraren tormentua oso luzea iruditu bazaigu ere.

Platon bera ere zalantzan zegoen, bere Legeak eta Errepublika elkarrizketetan islatutako gizarte bizitza zuzen zezaketen hiritar ondratu, zintzo, ustelezin eta eskuzabalen taldea ez ote zen berehalakoan printzatuko. Eta beldurtu egin zen, justizia eta ordena hutsaren hurrena gerta baitzitezkeen, gizaki perfektua entelekia baitzen (eta da oraindik ere) eta ustelkeriarako txinparta edozein unetan eman zitekeen pertsonarengan. 

Orduan, izenburuko galderak ez al du irtenbiderik? Irtenbiderako itxaropena ez nuke galdu nahi. Baina zaila ipini dit gure artean nagusitu den pasteleo politikoak. Justiziaren ezinbesteko printzipioak ez traizionatzeko gertu dauden pertsonengandik bakarrik etor liteke justiziarekiko konfiantza berreskuratzea. Justiziak inongo legebiltzarretako talde maioritarioen interesetara dantza egiten duen bitartean, ordea, justiziaren objektibitateak amets hutsa izaten segituko du. 


http://www.fentmuntanyaiformacio.es




maiatza 13, 2013

ERDI AROKO EUSKARAZKO LEGEEN BILA



Ni ez naiz historialaria. Are gutxiago historia egilea. Eta iraganaren irakurle zintzo izaten segitu nahi dut, horrela bakarrik elikatu baitezaket nire jakin mina. Ez zait interesatzen ezeren gaineko teoriak iluntasunetik bilbatzea ezta inori ikasgai zalantzagarri eta frogarik gabeak erakustea. Ispiluaren efektuan dut nire ahalegin apala oinarritzen, nik ikusten dudana besteei modu berean azalduz, xumeki. Ispiluak dakarkidan irudi zuzena, alegia, argitan eta erreflexu distortsiotzalerik gabe. Eta ihes egiten dut interpretazio subjektibo guztietatik, horrexegatik hain zuzen, subjektiboak direlako. 

Orain etorri da historia egile bat eta esaten digu, beste teoria batzuen artean, "arressatearrak" gizarte propio eta herri libre  izatetik -lege propioekin eta guzti- herri konkistatua izatera pasatu zirela. Hain baieztapen borobila polita izango da baina libre eta konkistatu kontzeptuak irristakorrak zaizkigu, are gehiago 800 urteko perspektibatik eta, batez ere, gizarte haren gaineko bat ere erreferentziarik gabe gaudenean. Baina, tira!, zalantzaren irabazia emango diogu historia egile horri.

Zur eta lur utzi nauena, ordea, "arressatearrak" euskaraz idatzitako legeek babesten zituztela irakurtzea da. Zeintzu lege? Aplikatu al zitzaizkien inoiz? Aurki al dezakegu inon horien konpilaziorik? Gustatuko litzaidake horren berri objektiboa izatea, ispilu efektuari eragiten segitzeko. Ez ditut  bertsioak maite, orijinalak baizik, gehien bat historian. Aldez aurretik, mila esker.