BILATU

Aita Santua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Aita Santua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 12, 2025

ZERGATIK JOTZEN DUTE KANPAIEK?


Denbora pixka bat eskaini nion San Pedro plazatik telebistan zuzenean jasotzen genituen berriak ikusteari. Hainbat katearekin konektatu nuen, eta, oro har, aukeratutakoa nor izango zen jakin aurretik, antzekoak ziren estudioetako iruzkinen erritmo eta mota. Gero aldatu egin zen, katearen arabera. Irekienek berriarengan aurreko Aita Santuaren profila antzematen zuten. Eremu “nazionalekoek”, aldiz, aukeratutakoaren ama espainiarra dela nabarmendu zuten Normala.

Baina gaur beste zerbaitera nentorren: ezagutu nuen lehen Aita Santuaren erreleboa, Joan XXIII.arena izan zen, 1958an. Herriko parrokiako kanpai-jotzeak ekarri zigun berria. Une hartan gainezkatu gintuen haur-euforian, Espiritu Santua uso baten itxuran igarri genuen San Pedro basilikaren gainean, hegaz. Gaur, inozotasuna galduta,  badakigu gauzak ez direla horrela.

Eta plasma-pantailaren aurrean nire besaulkian eroso eserita, lo egitea eragozten dien aitzakiarekin egungo gizartean ezkilak isilarazi dituztenen kontra jarri naiz. Ez dago komunitatearen bizitza erregulatzeko dorretik kanpaiak astintzea bezalakorik. Gaur, aita santuaren aldaketaz gain, herriko futbol taldearen garaipena (edo porrota) iragar liteke, ospitaleko familia-mediku berriaren izendapena, eskola publikoan irakasleen greba bertan behera utzi izana edota Herri Urratserako autobusaren irteera. Proposatzea da kontua, eta horixe egiten dut hemendik.

Argazkia: National Geographic


abendua 04, 2023

INFERNURA, ZUZEN-ZUZEN


Esan daiteke erlijioei eta horiek munduan duten ezarpenari 
arrazoitzeko gaitasuna aplikatzen diodanetik ez dudala ulertu eliza katolikoaren hierarkiaren jokabidea. Ez lukeela egin behar lirudikeen arren, izugarri kezkatzen nau bere jarrerak, elizak berak eta bere inguruak umetan irakatsi zizkidan kontzeptuekin ez ezkontzeagatik. Adibideak hitzak baino ulergarriagoak direlakoan nagoenez gaurkotasun osoko bi aipatuko ditut.

Nola jo dezakete joera jakin bateko apezpikuek Aita Santua heretikotzat, haurtzaro samurretik hura hutsezina zela irakatsi baziguten? Nire ulermen kamustu samurrean ez dago elizaren gurasoen jarrera hori ulertzerik, gainerako katolikoak baino askoz ere behartuagoak baitira, printzipioz, beren artzainari obeditzera. Elizarako gauzetan ni baino jantziagoak badaude, ez al dira gai euren doktrina bera ulertzeko? Kontuz ibil daitezela, Pedro Boterok galdara irekita dauka eta.

Eta zer esan gezurrari buruz? Nori sartzen zaio buruan, Frantziskoren deira laurogei apezpiku espainiarrak Erromara bildurik, Kristoren lurreko bikarioak purpuratuei, egindako, egiten ari diren eta, zoritxarrez, kleroko kideek egiten jarraituko duten sexu-abusuak oso gaizki daudela eta bekatua dela ez gogoraraztea? Omella apezpikuen ordezkariak aitortu duena gezur hutsa da, engainatzeko asmoz pentsatzen duenaren kontrakoa esateagatik. Eta horregatik aitorlekutik igaro beharko luke. Bestela, betiko sutzarrera.

Niri ezin dit hierarkia horrek jokaera-araurik diktatu; uko egiten diot.

Argazkia: infovaticana

apirila 06, 2015

VATIKANORI ERREGUTUZ



Alberto Onaindia, Iñaki Azpiazu eta beste zenbait apaiz euskaldun euskal elizaren hondamendiaz Vatikano jakin gainean ipintzen aritu ziren 1938 inguruan. Bando faxistak Euskal Herriko eliza goitik behera urratu zuen, eta dozenaka apaiz eta erlijioso erail zituzten euskaldunen defentsan jarduteagatik. Onaindia, Azpiazu eta besteek ezer gutxi lortu zuten Vatikano gorretik, Erromako goi hierarkia faxistekin lerrotu baitzen. 

Duela 55 urte, 1960ko maiatzean, euskal apaizek ostera altxatu zuten euren ahotsa, erregimen frankistaren mehatxupeko euskal gizarte eta elizarentzako askatasuna eskatuz. Elizaren goi agintariei igorritako idazkia pertsona eta kristau bezala sinatzen zuten hiru ehun baino gehiago apaizei eman zitzaien erantzun bakarra jazarpena izan zen. Iluntasunak nagusi izaten segitu zuen. 

Orain berriz ere atera dira hainbat euskal kristau kexu eta kezkati, Arabako gotzainaren aldaketa dela eta. Idazki bat bidali nahi diote Aita Santuari, euskal gotzain batek eduki beharko lituzkeen oinarrizko nolakotasunak gogoraraziz. Hona hemen, labur bilduz, eskaeraren zutabe nagusia:
 
Ebanjelioaren arabera, pobreen eliza xumearen bultzatzaile izatea; ministerio guztietan laikoen parte-hartzea babestea, batez ere emakumeena. Jainkoarenganako bidea eraiki asmoz, herriaren arazoetatik eta ametsetatik eragileak litezkeen lan komunitateen adore emaile izatea; Euskal Herriko gainontzeko gotzainekin batera, Iruñea, Bilbo, Donostia eta Gasteizkoak, denak batera, lan egin dezaten Lurralde Eliztar bereko Euskal Eliza eragile izatea. 

Ulertuko al du Vatikanok, behingoz, euskal elizaren erregua? 

Oharra: idazkiaz bat egi nahi izanez gero, bidali mezu bat, izen eta bi abizenekin: placerugarte@gmail.com


  http://www.fentmuntanyaiformacio.es