Goiz-goizik ateratzen dira basora. Izaki bakartiak bihurtzen zaizkigu, sekretuak konpartitzerik gustuko ez duten
horietakoak baitira. Onak eta txarrak bereizten maixuak dira eta
zalantzaren aurrean ez dute arriskurik hartzen. Ziurtasunean aritzen dira,
eskarmentu luze eta sakonak gidatuta. Etxe ondoko bazterretan ez ezik inguru
arrotzetan ere ausartzen dira, nahiz eta badakiten saskia betetzeko lehia
handiagoa pairatu beharko dutela.
Perretxiko zaleak ditugu, giza espezie apartekoa,
bere elementu basatian metamorfosi sakona erakusten duena.
Eta lagun horiei esker, onddo, perretxiko eta
zizak baserriko mahaiko osagarriak izatetik gutizia bilakatu dira goi sukaldaritzan.
Hamaika errezeta konplikatutan zerbitzatzen dizkigute jatetxe ospetsuetan eta
ohiko nahaski xumean ere laudorioak pizten dituzte, jaleen arteko
zuhurrenek muzin egin diezaiekegun batera, itxurarik erakargarrienarekin
mahairatu arren.
Udazkeneko mendi arakatzaile
trebeak ditugun perretxiko zaleak euren saltsan dabilzkigu sasoi honetan, eta
edozein arrantzale edo ehiztarik bezala beren abenturak azaltzeko prest dituzu
– onddo lekuaren kokapena ezik, noski- garagardo edo kafe batek lagunduta. Egin
ezazu froga.
Argazkiak: Urtzi Azkarraga