BILATU

iraila 27, 2021

27 72


 Nire zenbaki kuttuna bederatzia da, 9. Iruditzen zait eskolan ere Aparteko batek poz gehiago ematen zidala Ohorezko Matrikulak baino, beharbada zirkulu itxi borobiletatik ihes egin dudalako beti. Azaldu behar dut, ordea, apaltasunez, 9 gutxi ikus daitezkeela nire nota buletinetan (batxilergo sarrera ikasturtea baino lehenagotik gordetzen ditut, unibertsitatekoetaraino) eta 10 gutxiago. Baina natorren harira, gauza ez baitzetorren nire kalifikazioetatik, bederatzi zenbakia nire gustukoena dela aitortzetik baino.

Batzuetan pentsatzera ipini naiz nondik sortu zitzaidan aipatu digiturako erlazio animikoa, eta gehienetan puntu berdinera heldu naiz: 27 batean jaio nintzen (2+7=9) urteko bederatzigarren hilean, eta jaiotzako urteak bi bederatzi ditu. Edozein modutan, arrazoia hori ez bada ere, berdin zait, bederatziarekin segituko baitut.

Eta begira nondik, gaur 27 da, bederatzigarrenekoa. Eta hain justu, amak ni mundu honetara ekarri ninduenetik 72 urte betetzen dira. Ez al da polita? Kapikua! (cap i cua, buru eta isatsa, biloba valentzieraduna edukitzearen abantaila!) Oraintxe konturatzen naiz bizitza osoa itxaron behar izan dudala, atzetik edo aurretik irakurriz, zenbakiarekin gauza bera adierazten den unera heltzeko. Eta ez da berriz kointzidentzia hori suertatuko.

Ba hori! 27 09, 27 18, 27 27, 27 36, 27 45, 27 54, 27 63, 27 72. Hurrengoa 27 81 liteke... Onenean!

Argazkia: Ekain 

27 72

Mi número favorito es el nueve, el 9. Me parece que incluso en la escuela un Sobresaliente me producía más alegría que una Matrícula de Honor, quizás porque siempre escapé de los perfectos círculos cerrados. Sin embargo, debo explicar  humildemente que se pueden ver pocos 9 en mis boletines de calificaciones (guardo desde antes del ingreso de bachiller hasta los de la universidad) Y muchos menos 10. Pero voy al grano, porque la cosa no venía de mis calificaciones, sino de admitir que mi número favorito es el nueve.

A veces me paro a pensar sobre el origen de esa relación anímica para con el dígito mencionado, y casi siempre llego al mismo punto: nací un 27 (2 + 7 = 9) en el noveno mes del año, y el año de nacimiento tiene dos nueves. De cualquier manera, incluso si esa no es la razón, no me importa, porque continuaré con el nueve.

Y mira por dónde, hoy es 27, mes 9. Y son precisamente 72 años desde que mi madre me trajo a este mundo. ¿No es bonito? Capicua! (cap i cua, cabeza y cola ¡Ventaja de tener una nieta  valenciano parlante!) Y ahora mismo me estoy dando cuenta de que he tenido que esperar toda la vida, para llegar a este estado que muestra la cabecera del articulo que significa lo mismo  leyendo de delante atrás que de atrás adelante. Coincidencia  que nunca jamás sucederá.

¡Pues éso! 27 09, 27 18, 27 27, 27 36, 27 45, 27 54, 27 63, 27 72. El siguiente podría ser 27 81  ... ¡En el mejor de los casos!


iraila 20, 2021

FUTBOLAREKIN BUELTAKA

 

 Urteko bederatzigarren hil honetan burutu beharko ditudan zereginetako bat, futbolari buruzko mahai inguru bat koordinatzea da. Ez dut gogoratzen inoiz egokitu zaidan estilo horretako lanik eta aitortu behar dut eskaria jaso nuenean oso gustura eman nuela baiezkoa. Futbol munduko balioak, lehen eta orain, eta horien balizko aplikapena klub apaletan: horixe da jendaurreko hausnarketaren ardatza, eta ahaleginean zenbait profesional ohi eta futbol zalek hartuko dute parte.

Erronka txikia onartu nuenetik bitxikeria argigarri eta deigarri batzuk jazo dira futbolaren espektroan, eta niretzat adierazgarriena Messiren afera izan da, Barçatik emandako irteera zalapartatsuarekin. Zenbat eta zenbat adierazpen, esamesa... eta krokodiloren malko! Hainbaten jantzi urraketa beste askoren epai bihurriekin nahastuz, lurrikara mediatikoaren uhinak planetako bazter guztietara heldu ziren. Eta merkatal arloan operazio arruntzat jo genezakeena fenomeno mundiala bilakatu zen...klubaren sentimenduak, klubarekiko futbolariaren bihotzeko atxikimendua, futbolaren esentzia eta gazteentzako eredua eta auskalo zenbat hitz ponpoxetako karakteristiken erroskila merke!

Nik galderatxo txiki bat jarriko nuke lehen lehenik auziaren atarian: patata prejitu pakete nimino bat ere eros dezagun telebista eta prentsatik “izan zaitez libre eta zoriontsu; izan zaitez zu” deia egiten zaigunean, zer balio mota txertatzen ari gara gizartean? Ez al da indibidualismoaren hazia elikatzen ari dena, talde eta gizarte kontzeptuaren kaltetan? Inportanteena, munduaren hariak mugitzen dituztenentzat, ez dira Barça edo Paris Saint Germain, Messi eta antzerako panpinekin buru ditzaketen negozioak baino. Orduan, non daude futbolaren balioak? Horratx galdera.

Argazkia: goiberri.eus

iraila 13, 2021

ESPAINIAKO ESKOLETAN EZ DUTE GORROTOA ELIKATZEN

 

PPko Iñaki Oiarzabalek ez bide zuen garbi zein tekla ikutu behar zuen ohiko harritzarra botatzeko eta ikastolekin sartu da, gorrotoaren itzala bazter guztietara iristen ari den une beltz hauetan. Arabako pepero txit argiak ez du argitasun berezirik erakutsi bere aitorpenetan, eta ikastolak/gorrotoaren arragoa sinonimoak bilakatu ditu, ikastolen espiritu kulturala bera ere begi okerrez ikusten duten hedabideen ahotsgailuaren laguntzaz.

Oiarzabalek, ordea, ez du horrela pentsatzen, jakin baitaki euskaldunen kontrako gorrotoa ez dela Espainiako eskoletan irakasten, ezta giro aproposik eragin ere. Baina hainbat kasutan euskaldunok eskola horietako ikasle ohien mehatxu eta jipoiak jasan ditugu gure burua euskaldun erakusteagatik. Irakasten al da espainiar eskoletan euskaldunenganako gorrotoa? Ez, noski.

Oiarzabalek bere kontzientzian ez zuen adierazi duena esan nahi. Aitzitik, gorrotoari frenoa ipini behar zioneko mezua eraman nahi zuen gure espiritura, eta horretan zeharo ados nago berarekin. Baina Arabako peperoak bere alderdiaren estrategia hautatu du eta, gura barik, Madril edota Sevillako hezkuntza zentroetan homofobia elikatzen dela eman du ezagutzera, lurralde horietako zenbait eskoletako ikasle ohik desberdinen kontrako eraso eta atentatuak bete dituzte eta. Okertu egin da Iñaki, bistan dago… bere alderdiaren aginduei jarraitzeagatik.

Argazkia: Wikipedia

iraila 06, 2021

UMEEK EUREK ERE BADAKITE

 

Espainiako umeek badakite lehengo erregea -bai, ez dakit nongo paradisutara erretiratu den pertsonaia komikoa- lapurra dela. Borbonen leinuari zintzo segituz, eskua hemengo eta hango poltsikoetan sartzeko ohitura bihurri samarra zuela eta plis-plas batean egundoko altxorra egin duen kanpetxanoak ziegarik iluneneko saria merezi duela. Hori eta askoz gehiago dakite Espainiako umeek, hedabideetan horrezaz ezer irakurri ez badute ere eta, beraz, kanpo erakusgarriei esker hazi behar izan dute euren jakindurian... oinezko nagusiek egin duten bezala.

Arestian, espainiar egunkari ultraeskuindar batek lehen orrialdera eraman du fiskaltzak erregu galdera batzuk egin dizkiola Suitzako justiziari... borbon ebazleari buruz zalantzaren bat ote dagoen ikertzearen alde. Ikusten denez, legeak denontzako dira berdinak - non entzun dut nik hori?- horien aplikapena beste gauza bat den arren. Baina felipeseigarrenaren aita lasai egon daiteke, zezenaren larruko justizia lotuta eta ongi lotuta utzi baitzuen jeneralak eta hala segitzen du.

Borbon esku luzeak, ordea, adi egon beharko luke bere inguruko zerbitzari eta morroiekin, gutxien espero duenean beste istripuren bat izan bailezake... baina oraingoan ezingo luke «sentitzen dut, ez da berriro gertatuko» adierazi, zuzen-zuzenean «Beti, betiko zoriona... » abestuko bailiokete aipatu hedabide ultraeskuindarraren sokako tenpluetan. Eta zakurra hilda, akabo izurritea (zakur kumeak geratuko lirateke)

Argazkia: wikipedia