BILATU

iraila 20, 2021

FUTBOLAREKIN BUELTAKA

 

 Urteko bederatzigarren hil honetan burutu beharko ditudan zereginetako bat, futbolari buruzko mahai inguru bat koordinatzea da. Ez dut gogoratzen inoiz egokitu zaidan estilo horretako lanik eta aitortu behar dut eskaria jaso nuenean oso gustura eman nuela baiezkoa. Futbol munduko balioak, lehen eta orain, eta horien balizko aplikapena klub apaletan: horixe da jendaurreko hausnarketaren ardatza, eta ahaleginean zenbait profesional ohi eta futbol zalek hartuko dute parte.

Erronka txikia onartu nuenetik bitxikeria argigarri eta deigarri batzuk jazo dira futbolaren espektroan, eta niretzat adierazgarriena Messiren afera izan da, Barçatik emandako irteera zalapartatsuarekin. Zenbat eta zenbat adierazpen, esamesa... eta krokodiloren malko! Hainbaten jantzi urraketa beste askoren epai bihurriekin nahastuz, lurrikara mediatikoaren uhinak planetako bazter guztietara heldu ziren. Eta merkatal arloan operazio arruntzat jo genezakeena fenomeno mundiala bilakatu zen...klubaren sentimenduak, klubarekiko futbolariaren bihotzeko atxikimendua, futbolaren esentzia eta gazteentzako eredua eta auskalo zenbat hitz ponpoxetako karakteristiken erroskila merke!

Nik galderatxo txiki bat jarriko nuke lehen lehenik auziaren atarian: patata prejitu pakete nimino bat ere eros dezagun telebista eta prentsatik “izan zaitez libre eta zoriontsu; izan zaitez zu” deia egiten zaigunean, zer balio mota txertatzen ari gara gizartean? Ez al da indibidualismoaren hazia elikatzen ari dena, talde eta gizarte kontzeptuaren kaltetan? Inportanteena, munduaren hariak mugitzen dituztenentzat, ez dira Barça edo Paris Saint Germain, Messi eta antzerako panpinekin buru ditzaketen negozioak baino. Orduan, non daude futbolaren balioak? Horratx galdera.

Argazkia: goiberri.eus

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina