BILATU

urte etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
urte etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abendua 26, 2022

OIN ZUZENAREKIN

 


Urteko azken astelehena dugu gaur eta garai urrutietan enpresaren inbentarioetako zurrunbiloan sartuta ibiliko nintzela oroitzen dut, urteko emaitza ekonomikoa ahalik eta itxurarik hoberenaz margotzeko. Emaitza, noski, beti enpresako ugazabaren interesei lotuta, egiazko zenbakietatik urruntxo egon zitekeena, modu positiboan edo negatiboan.

Aspaldi uxatu nuen nire sorbaldatik inoren sakelak txanponez betearazteko ardura - aitortu behar dut lan horregatik ordaintzen zidatela hilero soldata- eta urte amaierako egunak hasierakoak bezain lasaiak suertatzen zaizkit, ez inbentario ezta azken fakturak kontabilizatzeko presiorik gabe. Nire balantzeak ere ez dit kezkarik sorrarazten, berdin-berdin jaikiko bainaiz bihar, eta hori gertatuko ez balitz gutxiago eragingo ninduke azken emaitzak.

Baina ez dut urteko azken astelehenaren aukera galdu nahi zuei guztioi agur itxaropentsua luzatu gabe. Badakit ez dizuela kontabilitatean eraginik egingo baina, behintzat, urtea bukatu eta berriari ekitea eskuineko oinarekin egitea opa dizuet. Hori eskuinak, jakina. Ezkerrak ezkerrarekin.

Argazkia: Ekain

urtarrila 10, 2022

UKONDOZ UKONDO


Urtearen estreinaldiak eta igartzeko zailak diren uretan berriz ere murgildu behar izateak ezinegona dakarkiote erantzukizun apurreko edozein izpiritu arduratsuri. Gure ingurura begiratu eta mundua oraindik ere presio-eltze bat eta handikien haran jasanezin bat dela ulertzea ez da proba zaila. Bi hanken gainean tentetzen hasi ginenean bezain arduragabeak izaten jarraitzen dugu. 

Hartu makulua eta ibili, esango lioke Bibliako esaldiak, ezezagunaren aurrean abenturei ekin behar dien zalantzakorrari, azken hori gainditzen duen ezinegonari erreparatuz. Baina ibili! Ibili lagun hurkoaren ondoan, ukondoz ukondo, oihan basatian ezkutatu gabe, ihesean ezer gutxi aurreratuko baitu zalantzaz eta beldurrez beterikoak.

Eta lasai ibili, atseden hartu behar dugunean, itxaropena berreskuratu ahal izateko moduko gerizperen bat aurkituko baitugu. Bitartean, jarrai dezagun bidea egiten, zer den oso ondo jakin gabe ere, hainbeste erakartzen gaituen horren bila. Lagun hurkoarekin ukondoz ukondo idatzi dut, eta ez hura ukondoarekin joaz. Ez da berdina. 

Argazkia: JMVM



otsaila 25, 2013

ELUR URTE EZKUR URTE



Gure arbasoen gizarte ia linealean bizi izan bagina aplikagarria izango zen adagioa, maila guztietan. Normalean bizimodua zerura begira ateratzera behartuta zeuden gure aurrekoek bazekiten elurrak -neurriz egindakoak, hori bai- onura ekarriko ziola beren ekonomia urriari. Gutxirekin konformatu beharra zeukaten eta egoki botatako elurrak ondu egiten zituen ortu, solo eta basoak. Eta kanpo aldea elur geruzak zurituta eta lanerako ez  gai zegoen bitartean, gure aitona-amonak su baxuaren arrimura biltzen ziren, inorako presarik gabe, zeruak ekarriko zien egun aproposaren zain.

Mendetako jakintzari arrazoi apur bat emanez,  aurten daramazkigun elurteek, ziur asko, eragina izango dute haritzen fruitu ekarpenean eta udazkenean ezkur ugari jaso ahal izango da. Ez dakidana da, egungo gure baserritarrek ezkurrak batzen ote dituzten, azienda ere murriztu baita haien etxeetan, neurri sinbolikoetaraino.  Baina horrek ez dio sinesgarritasunik kentzen esaera zaharrari.

Aplikagarritasuna da, ordea, egun esaerari falta zaiona. Ezen, eraiki dugun gizarte multilinealean elurrak on gutxi eta kalte ugari ekartzen dizkio gure bizimoduari. Baita, jakina, kalera begira bizi diren baserrietako lagunen kasuan ere. Konplexutasuna jakintza tradizionala zokoratzen ari da, egunetik egunera.