BILATU

abuztua 26, 2019

AURRERA JOZ


Aurre egingo diot erauntsiari, kontrako haizeari, jakinda, noski, tartetxoak irabazten joan behar natzaiola, engainatzen banenbilkio bezala, indarrak uneoro neurtuz. Bizitza maite dudalako zuhurtasunez aritzea dagokit, zalapartarik gabe, urratsez urratseko erritmo konpasatuan. Baina amore eman gabe. 

Adiskideek naramate eskutik eta bat dagite eurek nirekin, elkarbizitza duin eta eragingarrian barrena segi dezagun. Ez naiz ezer horiek gabe eta, elkarkidetza perfektua emango bada, sostengu baliotsua natzaie, borobiltasunean. Horixe besterik ez da gogo betetasuna. Formula horretan datza zoriontasunaren gaineko sentsazioa. Eta itxaropenean bizi naiz, etenik gabeko ahaleginean.

Zeru izartsuak harrapatu nau abuztuaren hondarretako gau epel honetan eta hilean gure artetik joandako lagunen gomutak puntu iluna jarri dio edertasunari. Gero eta zirkulu txikiagoan dut harreman sarea ehuntzen, baina korapilo bakarra geratzen zaidan bitartean saiakeran iraungo dut, zutik.

Argazkia: Tere Anda

abuztua 19, 2019

ELIZA KATOLIKOAREN KRISI BIZIA


Gaiaren gain idaztera jartzeak esan nahi du, horrela uste dut behintzat, kuestioa interesatzen zaidala, hurbildik ikutzen nauela. Irakurtzen nuen lehengoan, espainiar estatuak katoliko izateari utzi diola, ateo eta agnostikoak heren bat izatera iritsi diren bitartean. Horri gehitzen badiogu beste erlijioetakoak, ostiko galanta eman zaio katolikotasunaren eraikin monolitiko ohiari. 

Bitxia da, dena den, bere burua katolikotzat hartzen dutenen kopurua, gehiengoa baita, erlijio praktikanteak multzo horretako %22 bakarrik badira ere. Ni ez nau inkestak ustekabean harrapatu, gizarte errealitatea islatzen duelakoan bainago, inguruari begiratzea besterik ez baita egin behar, gertatzen ari denaz jabetzeko. Gure artean duela mende erdi bat printzatzen hasi zen «guztion etxea»k itxura kaskarra erakusten du gaur. Eta berreraiketarako esperantza gutxi duela esango nuke, pioi gutxi, igeltsero ezgai eta lan-maisu zalantzagarriarekin. Aldi hobeak bizi izan ditu eliza katolikoak... azken bi mila urteotan!!

Argazkia: Ekain 

abuztua 12, 2019

OPORRETAN

Oporraldia, atsedenerako sasoia, burmuina ekintza mailarik txikienean uzteko garaia. Horixe da lurtar askok egun  hauetan disfrutatzen duten saria. Eta errealitate horrek ondorioztatu beharko luke une aproposak direla lasai emateko, lagun hurkoarekiko harremana ongarritzeko eta, azken finean, munduarekin bakea egiteko. Inozo akaberakoa naizela? Baliteke.

Isiltasuna dugu bitartekorik egokiena barne lasaitasunera helduko bagara. Burrundarak, aitzitik, sosegu ezaren erreakzioa darama berarekin eta giro baketsuaren ordez katramilatsu hondagarria sorrarazten du pairatzailearengan. Justu kontrakoa bakea eraiki ahal izateko. Isiltasunean bakarrik ahal da zentzumen guztien iratzartzea, eta esnatze horrek gorputz eta gogoa lehen planora dakartza. Sentsazio horren dastapenak, berriz, inguruarekiko patxadatasuna bizkortzen du, bakerako distantzia txikituz.

Oporrak bakerako aukera paregabea dira. Eta inork ez luke abagunea galdu behar. Gauza jakina da jubilatuon bide ordaina oporrik ezean bizitzea dela, lan merkatutik aldentzean kendu baitzizkiguten. Hala ere, ahaleginak egingo ditut oporretara itzuli naizela pentsatzeko. Eta isiltasunaren bila abiatuko naiz.

Argazkia: Ekain

abuztua 05, 2019

ABUZTUAK 5


Abuztuak 5, Andre Mari Zuriaren eguna. Gasteizko jaiak hasi dira eta, esloganak dioenez, Arabako hiriburura zerutik jaitsi da alaitasuna, teorian bederen gure artean 10era arte egongo dena. Beraz, goza dezagun jai giroa eta gero gerokoa. 


Gogoratzen dut 1983ko abuztuan, orduan estreinatu berria zen Euskadi Irratian elkarrizketa bat egin zidatela, Gasteizko jai nagusiei buruz hitz egiteko. Nik orduan Donostiako “Hoja del Lunes” astekarian idazten nuen Arabako gaiak ardatz hartuta, eta irratian pentsatu bide zuten ni nintzela pertsona aukerakoa Gasteizko jaien errealitateari errepaso bat egiteko. Esatariak ezer gutxi zekien Zeledonen gain, ezta gainerako ospakizunen inguruan. Arabako hiriburua ezezagun handia genuen, euskaldun gehienontzako hedabide komun baten faltan. Euskadi Irratia bitarte hori betetzera zetorren, pixka bat geroago ETB etorriko zen bezalatsu. Hogeita hamasei urte geroago gauzak aldatu egin dira eta Zeledon gasteiztarra euskaldun guztien ondasuna bilakatu delakoan nago.

Ez noa epaitzera EITBren Arabarako arretak beste herrialdeei eskainitakoarekin parekorik duen. Ez da gaurko idazkiño honen helburua. Baina komunikazioaren bitarteko horren gain esan daitekeena da, modu positiboan eragin duela Euskadiren artikulazioan. Ezetz?

Argazkia: JMVM