BILATU

zikinkeria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
zikinkeria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

martxoa 16, 2026

UDABERRIA ETA LANERAKO GOGOA

 


Udaberria iristear da, eta bizitzaren eztanda bere osotasunean ospatzeko prestatzen ari gara. Planeta zahar honetako izaki guztiek nabaritu dugu gure baitan patu hurbilarekiko lotura bizigarriaren deia. Berpizkunde berri bat bezalakoa da, adin guztietan, intentsitate desberdinez bada ere. Mutur batean gazteen era guztietako indar positibo neurtezina jar liteke, eta bestean udaberrirako ikuspegi negatiboa polenerako alergia pairatzen dutenen aldetik.

Inon irakurri dut udaberriak lanerako gogoa ere handi dezakeela, eguzki-argia gehiagori esker aldartea hobetuz, eta horrek energia eta baikortasuna areagotzen ditu. Eta badirudi produktibitatea hobetzeko, aproposa dela kanpoko jarduerak sustatzea eta ohitura osasungarriak areagotzea. Ba, espero dut, gure herrietako izkina guztiak argazkiko mezu margotuarekin zikindu dituztenak ere udaberriaren zantzo indarberritzaileak harrapatzea, eta agian mezua sinatu dutenen ekarpen ekonomikoarekin hormak lehen bezala uztea.

Hiritarrok biziki estimatuko genuke garbiketa-operazioa, horrela berretsi egingo baikenuke udaberriak lanerako gogoa berpizten duenaren ustea. Hala bedi.

Argazkia: JMVM

otsaila 13, 2011

ESLOGANETAKO HERRIA


Aitortu behar dut urrundik ikusi dudanean nire barnean haserre-eraso bat igarri dudala. Gure herriak arras zikinduta daude eta badirudi batzuek gozatu egiten dutela pintadekin. Ez dago egunik, artista anonimoren batek bere ezadostasuna guztion ondarea den herrietako eraikin zein gaineko ibilgeturen bitartez erakusten ez digunik. Tira; ez noa sakontzera denok ezagutzen dugun gaian. Alperreko ariketa litzateke-eta.

Baina pintadara hurbiltzen joan naizen heinean baretzen joan da haserre puntua, zeharo ezabatu arte. Hormaren kontrako eraso zuzena iruditu zitzaidana paperean eginda zegoela ohartu naizenean, -eta semearen erantzukizuna hari ez dagokiola dakidan erren- mezuaren egileen ama guztiz desagertu da nire gogotik. Paperaren zimurrek protesta egin dutenen begirune zibilizatuaz hitz egin didate. Eta argazkia atera dut, salakuntzak eta estetika ez direla elkarren etsai egiaztatzeko asmoz.

Gero konturatu naiz, dena den, hiri euskaldun batean behin protesta idatzia prestatzen hasiz gero, egileei euskaraz izkiriatzea otu zekiekeela, edo behintzat bi hizkuntzatan. Ziur nago, espainierazko Y VASCA, TODO POR LA PASTA esloganarekin asebete-beteak geratu direla kartel jartzaileak. Errima zuten literatura giltzarria beraien sentimendua adierazteko. Eta ez bide dute pentsatzeko astirik galdu nahi izan, euskarazko esaera burutsurik asmatzen gai ote ziren frogatzeko. Hurrengoan?