BILATU

otsaila 26, 2018

AMAT, SOZIALISTA ONDRATU HORI


Antonio Amat Maiz
Herrietako historian badira erdi ezkutuan ihardun duten pertsonaiak eta urteekin ezer gutxi azaldu da haien gain, gehien bat bizitzea egokitu zaien gizarteak jaramon gutxi egin dielako. Baditugu ere, arrazoi pisutsuak tarteko, euren burua nabarmentzerik izan ez duten pertsonak. Argi publikoak eragotzi egin zezakeen haien lana eta derrigorrezkoa izan dute lur azpiko ahalegina, takigraforik gabeko iharduna.

Oso liburu polita irakurri dut egun hauetan. Urrutiko erreferentziaz bakarrik ezagutzen nuen Antonio Amat Maiz gasteiztarraren ibilbide politikoa hurbildu dit liburuak. Iragan mendeko berrogeietatik eta hogeita hamar urtez PSOEren barne egitura altxatzen aritu zen sozialistaren nondik norakoak eman dizkit ezagutzera Luis Rama lagunak - Luis Avinareta literaturan- idatzitakoak. Bertatik bertara ezagutu zuen Luisek Amat eta arrazoi ugari ditu adiskide izan zuen politikoaren aldarrikapena egiteko.

Espainiako sozialisten desbideratze ideologikoa hain
nabarmena den une hauetan, liberalismo ekonomiko birrintzailearen zurrunbilora abandonatuta, Amaten pentsamendua garden ageri zaigu, sasi itun antzu guztien gainetik, eta gizarte humanistagoaren aldeko oihu garbia bilakatzen da gasteiztarrarena. Amat desberdina zen eta horregatik ahaztu dute Gonzalez, Guerra, Mendia, Sanchez, eta finantza botereen doinura dantza egiten duten gainerako panpinek.

otsaila 19, 2018

SOLDADUTZARI EZ!



Adi gazteok: laster debaldeko oporraldiak izan ditzakezue. Zaudete argi, postariak eskutitz bat ekar baitiezazueke Madriletik -horren estiloko gutunak beti Madriletik datoz- doaneko egonalditxo baterako gonbitea eginez. Debalde eta doan idatzi dut baina ez da zuzena: inortxok ez du erregaliarik egiten aberriaren batasun sakrosantarekin eta hain eskaintza erakargarriaren gastuak hiritar guztion artean banatuko dizkigute, buruko horrenbeste. 

Europatik datozkigun haize umelen arabera, beharrezko soldadutzarako sukarrak jota bide daude kontinenteko politikoak eta iragarpenetara joz gero ez dirudi luze berandutuko denik birusak Moncloa kutsatu arte. Eta turutaren soinua zezen larruko lau (edo bost) muturretaraino hedatuko zaigu, gure gazteen bahiketa behartua ofizialtzeko. Horrela denok jakingo dugu ( zaharrok aspaldi igaro ginen trantze horretatik eta gure haragietan ikasi genuen ikasi beharrekoa) ejertzitoa dela bakearen bermatzailea, arma industria armamentistikoa dugula nazioaren ezinbesteko sostengu ekonomikoa, geurea bakarra, handia eta askea dela, eta patriotismo higuingarriaren gaineko teoria arbuiagarriak. 

Si vis pacem para bellum?... Inondik ere ez!

otsaila 12, 2018

ESPONJA,GURE AHAIDE HORI



Ez dakit Darwinek horrenbeste arriskatu zuen bere teoriarekin. Ausarta izan zen osotasunean, garaiko gizarte egitura hertsiari bagagozkio, batez ere. Eboluzionismoaren katea maila galduaren bila arituz urrats erabakigarri bezain argigarriak eman zituen britainiarrak. Eta gizakiaren jatorriari buruzko bere ideiak biziki atsegin ditut, gizon emakumeen sortzezko bekatua legenda bihurtzeko bidea irekitzen baitu. 

Irribarretxoa loratu zitzaidan lehengoan, bi oinetako izaki arrazionalak tximinotik ez esponjatik baino gatozela irakurtzean. Eta esponjak, aldiz, duela ez dakit zenbat mila milioi urteko mikro organismo batetik ... eta mikro hori lehenagoko beste nanomikro  batetik... Eta abar.

Irribarretxoa piztu zitzaidan, bai, duela ez hainbeste gizakiaren sorkuntza sei bat mila urte atzerago genuela irakatsi baitzidaten eskolan. Hori gogoratu ondoren, ordea, izpiritua - eduki baitaukat- ilundu egin zitzaidan errealitatea baita pertsonok hertsikerian ainguratuta irauteko gaitasuna dugula. Eta hainbat ikastetxe eta pulpitutatik, oraindik ere, zientzia eta sinesmena kontrajarriak direla aldarrikatzen dute, herejeak betiko sutzarraren zigorrarekin mehatxatuz, gainera. Esponjak baino askoz latzagoak, zurrunagoak.

otsaila 05, 2018

KATALANAK, EUSKALDUNEN ANTZERA?


Zer gertatzen ari zaie katalanei? Printzak ageri bide zaizkie jasotzen diharduten eraikinean. Eta kabernako munstroa - Cid berri baten antzera arma legal eta ez hain legalak eskuan hartuta -  zantzoka ari da, etsaiaren porrota iragarri izan balu bezala.

Euskal abertzaleak - ezkerra bezala- toki bakar batean elkartzen direla esan ohi da: kartzelan. Historiak diosku politikoki elkarrekin aritzeko ezgaiak izan garela orain arte, egin ahalak egin arren. Ez naiz, ez,  oraintxeko adibideei buruz bakarrik ari; katea luze egingo litzaidake XX.ekoak aipatzera jarriko banintz.
 
Katalanek, ordea, beti izan dute gu baino askoz praktikoagoak izatearen ospea. Baina ez dakit, ez dakit... Gogora datorkit Nazio Zapalduen Liga famatua, 1924an Francesc Maciá katalana eta Telesforo Uribetxebarria aberrianoak abiarazia, hain zuzen nazioarteko testuinguruan munduko - orduko egitasmoan Katalunia eta Euskal Herriaz gain, besteak-beste Galizia, Kanariar Irlak, Irlanda, Filipinak, Egipto eta India sartzen ziren- nazio jazartuen askatasun eta independentziarako eskubidea aldarrikatzeko. Aurki egin zuen porrota egitasmoak, eta ez euskaldunen erruarengatik katalanen euren arteko tiki-mikiengatik baino. Gu bezala.