Kanadako ikastetxe ohi batean - barnetegi bezala irekia- ehunka giza-arrasto azaldu direlako albistea iritsi berri zaigu, eta gaiztakeriaren lasterketa eroan gizakia noraino irits daitekeeneko balizko ikerketaren prozesuan urrats berri bat eman da, aurreko marka gaindituz. Nik ez dakit homo sapiens kalifikatiboa egoki dagokigun ala ez ote den txantxazale anonimoren baten inbento lotsagarria izango.
Tokiko leinuen ume eta gaztetxoak euren gurasoengandik erauzi eta kultura sakrosantu baztertzailean murgilaraztea zen barnetegi makabroaren xede nagusia, botere politikoak eraginda, kasu honetan eliza katolikoaren lankidetzarekin. Gutxi gora behera, erlijioen geruzapean historian burututako etnozidio guztien antzera. Berdin dio zein den jainkoa, azkenik gizakia baita bere burua jainko bihurtu duena.
Kanadakoa ikusita, atzera begiratzeak konponbidea ekar baleza itxaropentsu bizi gintezke, baina gure inguruari begiradatxo bat bota eta ikusten dugunari erreparatuz, nik behintzat esango nuke ez zutela asmatu “jakintsu” izatearen goitizenarekin.
Argazkia: Ekain