BILATU

maiatza 24, 2021

GORRINGOA ERDIAN


Iñaki zuen izena eta bermeotarra zen. 1968an geunden. Zortzi lagunek etxebizitza bat alokatu genuen ikasturterako Donostiako Legazpi kalean. Batzuek bageneramatzan urte batzuk etxetik kanpo eta eskarmentu pixka bat -asko ez- bagenuen sukaldaritzan, jakina baita premiak adimena zorrozten duela. Baina Iñaki, amaren magalera ohituta, berria zen trantze horretan, eta bistan zegoen berarentzat zartagin eta eltzeen esparrua ordura arte behintzat eremu jorratu gabea zela. Zortziontzako afaria –arrautza frijituak- prestatu behar izan zuen lehen gauean urduri samar ekin zion lanari eta bere zereginean bakarrik uztea deliberatu genuen, gainerakook jangelara biltzen ginen bitartean, ongi betetako erretiluaren zain. Baina bat batean Iñaki gela hartara agertu zitzaigun eta galdera bota zigun, zurbil-zurbil: gorringoa non doa, erdian ala inguruan?


Anekdota gogoratu dut, Gipuzkoako enpresa batek arrautza frijitu izoztuen patentea erosi duela irakurtzean. Akabo zalantzak zuringo eta gorringoaren kokapenari dagokionez! Aurrerantzean arrautza guztiak berdin-berdinak izango dira, pertsonala prekozinatuen bidea hautatuz gero. Akabo arrautza frijituen magia. Agur betiko ustekabearen aukerari!. Bizitza ez da lehengoa izango.

Gaitz erdirako, beharbada baserri urruti eta isolatuetako aukera gera lekiguke. Eta bada ezpada ere, nor beraren gustuko arrautzak dastatu ahal izango diren tabernen mapa osatzeari lotu beharko gintzaizkioke. Osasuna.

Argazkia: Angulas Aginaga

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina