BILATU

urtarrila 26, 2015

AUZOKO (GREZIARRA)REN BIZARRA...



Badakizu zer egin behar den nork auzokoaren bizarra mozten dutela ikusten duenean. Eta orain zertan ibiliko dira Europako politikastro txit gorenak? Greziakoa estropezu bakartitzat hartuko al dute? Ala bateria guztiak martxan ipiniko al dituzte demokraziaren inbentoreen lurraldean gertatutakoa berriz eman ez dadin?
Atzo Greziak garbi utzi zuen kokoteraino dagoela ezkutuko botere itogarriekin. Bertako eta inongo indar faktikoek eragindako finantza zurrunbiloan leporaino sartuta, greziarrek ez dute inondik itxaropen puntu bat ere ikusten.
Pobreziak gora egin du, gizarte-maila ertaina desagertzear dago eta errenten arteko diferentziak areagotu egin dira. Eta irtenbidea ez zaiela azken hogeita hamar urteotan greziarrek eurek euren utzikerian elikatutako munstro ikusezin eta aseezinetatik etorriko erabaki dute. Itotzen badira borrokan hilko dira eta ez, politiko eta funtzionario  arrotzen bidez helarazten zaizkien aginduen eraginpean. 

Sinetsi nahi nuke eszenategi berri baten aurrean gaudela. Europako ekialdetik haize xaflada freskoa iristear dagoela pentsatu nahi dut, gure artean mimetismo itsugarriaren kariaz erreproduzitutako greziar gizartearen hanka sartzeak erauzteko.
Argazkiak: Wikipedia
 

urtarrila 19, 2015

MAHOMAK ERANTZI DITU



EAEn eta ziurrenik Euskal Herri osoan gehien saltzen den egunkariaren portadan irakur zitekeen lehengo ostiralean honako titulu hau (espainieraz, noski): "50 zigorkada Interneten foro bat sortzeagatik" Eta albisteak Saudi Arabiara eramaten zuen irakurlea, "horrela dabiltza hango agintariak giza eskubideen aldetik" kexatzen zelarik. 
Aitortu behar dut txundituta geratu nintzela Raif Badawi kazetariaren istorioarekin ... eta Bilbon egoitza nagusia daukan egunkariaren "despistearekin" Edota joko bikoitzarekin. Salagarria baldin bada ere saudi diktaduraren jokaera adierazpen eskubidearekiko, nora begira zegoen ni irakurtzen ari nintzen erreportajeko kazetari euskalduna (vascoa, behintzat, izen-abizenengatik) berea idatzi zuenean? Arabiaraino joan barik, ez al zuen hurbilagoko beste adibide argigarriagorik, kazetari, blogero eta informazio askearen aldeko aktibista batzuen istorio tristeak kontatzeko? 

Eta hori gutxi bailitzan, ez al da Arabiakoa bezain salagarriagorik, albistea zerbitzatzen zigunaren egunkariko korporazioaren jokaera, espainiar gobernu atzerakoi eta arbuiagarriaren politikarekin bat egiten ari? Seguritateko Legea ez al da atzerapauso itzela, adierazpen askatasunari dagokionez? Garbi dago ideiak libreki azaltzeko askatasunerako defentsa ez dela gobernuaren kezka ezta euren medio akolitoena ere, horiek denek beraien interesetara jokatu baitute beti.

Mahomak ipurdia bistan utzi ditu, adierazpen askatasunaren izena aldarrikatu arren komeni ez zaiena ezkutatzen diguten medioak eta horiek diruz gantzutzen dutenak.

Argazkiak: wikipedia
Zerikusirik daukan artikulua (1991an idatzia)




urtarrila 12, 2015

ERLIJIOAK ASKATASUNETIK BIZI BEHAR



Aste mugitua gertatu da aurrekoa, gehien bat sentimendu kontrajarriei begira, bat ere dudarik gabe kontzientzietan eragin baitu indar bereziz Parisen jazotakoak. Egia da Bagdad edota Kabuleko erailketek zirrara txikiagoa sorrarazten digutela eta hori, esango nuke, bi arrazoi nagusirengatik izaten da. Alde batetik distantzia geografiko eta erreferentziala eta bestetik ohikeria. 

Parisen, Madrilen edo Arrasaten egunero pairatuko bagenitu atentatuak, heriotzen aurrean gero eta intsentsibleagoak  izango ginateke.  Pertsonen heriotzak, denak, berdinak badira ere bakoitzaren oihartzunak dezibelio fisiko eta emozional desberdinekin jotzen gaitu. Eta sentimenduaren iturri ahitugarrian zerikusi handia dauka gertaeren maiztasunak: zenbat eta ohituagoak egon, hainbat eta dardara ahulagoa ematen da pertsonaren baitan.

Baina barkatu: ez nuen hildakoen aurrean pertsonak psikologikoki nola erreakzionatzen duenaz idatzi nahi. Nik adierazi gura nuena zen, erlijioek behin eta berriz erakusten digutela gizakion inbentoa direla. Eta haiek defendatzen duten jainkoaren izenean hiltzea edo, sinpleago, inoren aurka aritzea, hain justu, jainko horren existentzia bera ukatzea da. Edozein maximalismo ortodoxo antzurekin bezala, ondorio deitoragarria pizten du intolerantzia erlijiosotik ideiak ezarri eta inposatu nahi izateak. Hori, lehen, orain eta beti. Erlijioak askatasunetik bizi behar dira, erlijioak izango badira.

Argazkiak: Fernando Martinez de Eredita 
Gaiarekin lotuta: http://txemax.blogspot.com.es/2013/08/erlijioak-eta-militarrak.html
 

urtarrila 05, 2015

HAUR ILUSIOAREKIN



Beste gau magikoa gaur biziko duguna. Umeek biziko dutena idatzi beharko nuen baina barnetik atera zait aditza pluraleko lehen pertsonan jokatuta eta inkontzienteki magiarako prest segitzen dudala frogatu dut. Deskubrimendua, bai horixe!

Ziur nago umetan galdetu izan baligute epifaniaren esanahiaz errege magoen irudiekin erantzungo genuela. Denboraz, batez ere etimologietako ildo bihurrietatik barrena ohituta,  jaiaren adierazpena zorrozten joan gara eta orain ospakizun honen gaineko hamaika aldaera desberdin eman genezake, denak aintzakotzat hartzekoak, bizitzak eskainitako jakinduria eta zientziak apainduta. 

Baina niretzat baliorik gehien duena  barne-barnean gordetzen bide dudana da, hots, ilusioa biztuarazten didana. Jakina,  ez naiz ari opariren batek sor dezakeen ilusio zalantzagarriaz baizik eta pertsonaren baitan bihotza kilikatzeraino hel daitekeenaz. Sentsazio hori ez dago etimologietako inongo entziklopediatan jasota, ez dakigu zehazki zer den. Baina galdetu ume bati eta berak emango dizu erantzun zirraragarria. Egin ezazu froga.

Argazkia: www.fondos10.net