BILATU

Julian Unzueta etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Julian Unzueta etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 29, 2019

JULIAN UNZUETA ARAMAIXOARRA HIL DA

Julian Unzueta Etxebarria aramaixoarra hil da. Horixe adierazi didate arestian eta lehen erreakzioa txoko honetara albistea azaltzea izan da, automatikoki. Julian adiskidea nuen, aspalditik eta bere heriotzaren berriak ilundu egin nau. 

Julian Unzueta 1929ko uztailaren 18an jaio zen Salesan baserrian. Eta baserri kulturan murgildu zen lehen ordutik, txikitatik egokitu baitzitzaion lanerako ardura.  Zerbitzu publikorako jaioa, udal lanetan nabarmendu zen, batez ere. Aramaioko alkatea izan genuen, denbora zailetan. Gero Arabako diputatua ere bai. Baina, batez ere, jende guztiarentzako bere irekitasunarengatik oroituko dut nik Julian.

Joan da gizon on bat, zintzoa eta, bihotzetik diot, maitagarria. Aramaiok gizaseme handi bat galdu du.

Eskerrik asko, Julian, eta beti arte!



urria 23, 2017

UNZUETA-RAXOI. BI MODELO DESBERDIN



Oso omenaldi hunkigarria bizi izan genuen atzo eguerdian Aramaion. Julian Unzueta alkate ohia Herriko Seme Kuttun izendatu zen eta ideologia diferentetako lagun pilo bat elkartu ginen Udaletxera, Juliani gure miresmen eta txalo beroa eskaintzeko. Julianen ibilbide publikoa, aramaioar eta arabar gizarteari emana, 1972an hasi zen, frankismoaren zurrunbilo beltzeko garaian, eta bere dohainei esker alde bateko eta besteko interlokutoreekin jakin izan zuen aurrera egiten. Julianen praxis politikoa elkarrizketa eta elkarrekiko begirunearen modeloan oinarritu zen.


Dirudienez, modelo hori ez da Mariano Raxoiren gustukoa. Azken hilabeteotan argi eta garbi erakutsi du nahiago duela konfrontazio gordinaren bidea solasaldi desaktibatzailearena baino. Eta jarrera horrek azalean jarri du politiko askoren hipokresia higuingarria, lehengo "armarik gabe guztia negozia daiteke" ospetsu hartatik gaurko "armekin kenduko dizut nik zuri negoziatzeko gogoa" pasatu baitira.

Txarrena da Raxoiren modeloa, osmosi efektuarengatik, hiritargo espainiarrean ari dela nagusitzen. Ni Julianenaren aldekoa naiz, oraindik ez baitut gizakiengan esperantza galdu.

Argazkia: JMVM